Gasteizko Bertako Fest arte eszenikoen jaialdiak 0 kilometroko piezak ezagutaraztea du helburu, eta aurten hiru lan jarriko dituzte ikus-entzuleen eskura: Amaiur Maciasen Organorik gabeko gorputz baten orroak antzerki performancea, Patas de Gansa Kolektiboaren Txatxara dantza ikuskizuna eta Makur Antzerkiaren Voyage, voyage antzerki dokumental umoretsua. Otsailaren 27tik martxoaren 1era izango da jaialdia, Gasteizko Baratza Aretoan, eta azken egunean Korrika kulturalarekin egingo du bat.
Maciasen lanak zabalduko du jaialdia, ostiralean, hilaren 27an, 20:00etan. Organorik gabeko gorputz baten orroak antzerki performanceak itsuskeriaren eta sedukzioaren arteko talka azaleratzen du, intimoaren eta ikusgarriaren arteko distantzia kolokan jarriz. Norberak ikus-entzule gisa duen begirada ere ezbaian jartzen du piezak, hainbat galdera pausatuta: besteak beste, berdin begiratzen ote zaion film pornografiko bati eta pieza eszeniko bati. Lehendabizikoz taularatuko da.

Txatxara dantza ikusgarriak aurreko belaunaldietako emakumezkoei jartzen die arreta; zehazki, aitortzarik izan ez duten eguneroko zereginei. Hala, jantziak ibaian garbitzen ziren garaiaz eta lan hura menostu izanaz mintzo da Patas de Gansa Kolektiboaren pieza. Larunbatean izango da, otsailak 28 dituela, 20:00etan.
Makur taldearen Voyage, voyage piezak itxiko du aurtengo Bertako Fest zikloa, martxoaren 1ean, igandean, 19:00etan. Antzerki dokumentala eta performancea nahastuz, umorezko bidaia bat proposatzen dute antzezlanean; urrunera zein hurrera eta tokirik arrotzenetara zein ezagunenetara jauzi eginez, norbere baitan sartzea eta norbere buruarekin konektatzea. Pieza horrek Korrika kulturalaren programazioarekin bat egingo du.
Bertako Fest jaialdia Baratza Aretoak antolatzen du urtero, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Gasteizko Udalaren laguntzaz.