UEU Udako Euskal Unibertsitateak Euskal Herriko pentsamenduaren gida eman du argitara, Alaitz Aizpurua, Bakarne Altonaga, Iban Galletebeitia eta Andoni Olariaga UEUko irakasleek idatzitakoa. UEUk eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak 2012-2013 ikasturtean abian jarritako Euskal Herriko Pentsamendu Kritikoa XX eta XXI. mendeetan graduondokoari lotuta osatutako liburua da Euskal Herriko pentsamenduaren gida; biek, hala graduondokoak nola liburuak, «euskal eremu akademikoan atzemandako hutsune bat betetzeko helburuarekin» sortuak dira, Udako Euskal Unibertsitateko iturriek adierazi dutenez.
«Euskal pentsamenduaren inguruko irizpiderik ezak, sistematizazio- eta transmisio-lanik ez egoteak, pentsamendu eta pentsalari arrotzen lanak bakarrik ikasi eta lantzea dakarkigu», graduondokoaren eta liburuaren bultzatzaileen ustez. «Gureak, bertakoak, ezagutu gabe eta ahanzturan galtzen direlarik. Euskal pentsalaririk inoiz izan ez den irudi okerra zabaltzen da eta pentsamendua beti herri txiki batentzat inportatu beharreko zerbait dela ulertarazi. Baina hori errealitatearen desitxuraketa interesatu bat baino ez da. Liburu honek, umil eta muga guztiekin bada ere, aipatu hutsune hori neurri apal batean betetzen hasi nahiko luke. Euskal Herriko pentsamenduaren azterketa eta eraikuntzan ezinbestekoa suertatzen da edozeinentzat eskuragarri eta ulergarri izango den idatzizko materiala produzitzea».
Bertako pentsamendua ezagutzeko aukera
'Euskal Herriko pentsamenduaren gida' liburu kolektiboa argitaratu du Udako Euskal Unibertsitateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu