Bertan behera gelditu da Iruñeko Ikuspuntu dokumental jaialdia

Josetxo Cerdan zuzendari artistikoak jakinarazi duenez, gobernuak kendu egin du jaialdirako dirua

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Programazioaren °%90 itxia zuen jadanik eta zortzigarren aldia izango zuen Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak 2012koa, baina bertan behera gelditu da. Kartela egina zuten, eta baita zinema aretoetara bidaltzeko iragarkiak ere, baina eten egin du egitasmoa Nafarroako Gobernuak. Ez du diru gehiagorik jarriko. Eskutitz baten bidez eman du Josetxo Cerdan jaialdiko zuzendari artistikoak UPN eta PSN alderdiek osatzen duten gobernuaren erabakiaren berri. Telefonoz jaso zuen berria iragan ostegunean. Hauteskunde programan ere aipatzen zuen UPNk jaialdia, finantzaketa handiagoa merezi zuten beste hainbat ekintzaren artean. Hori da Cerdanek eskutitzean agintariei egiten dien galdera: «Non daude orain promesa horiek?».

Maiatzean hasi zen Cerdanek zuzentzen duen lantaldea jaialdiaren hurrengo ekitaldia prestatzen, baina Ikuspuntu bertan behera utzita, orain arteko lana «alferreako inbertsioa» izan dela dio zuzendari artistikoak. «Neurritasun politikak bultzatzen diren garaian, hain zuzen». Finantzaketa pribatua bilatzen ere ari ziren uda hasieraz geroztik, eta emaitza onak izateko «zorian» zen ekimen hori, Cerdanen hitzetan.

Jaialdiaren orain arteko kalitatea ere azpimarratzen dute eskutitzean, eta Cahiers du Cinema, Senses of Cinema eta Art Forum aldizkari espezializatuek eginiko aipamenak ekartzen ditu gogora, besteak beste. Kalitatezkoa eta merkea zen jaialdia, Cerdanen hitzetan. «Ikuspunturen pareko kalitatea zuten beste jaialdien aurrekontuaren herenarekin lortu dugu hori». Aurtengo ekitaldian, gainera, iruindarrekin konektatzera ere heldu zen Ikuspuntu. «Azkenean, lortu genuen hiriko jendearekin bat egitea, eta hainbeste denboran jaialdiak izan duen elitismoaren itzal bidegabea gainetik kentzea».

Jakinarazpen ofizialaren zain

Oraingoz, Nafarroako Gobernuak ez du jaialdia bertan behera uzteko erabakiari buruzko azalpenik eman. Ikus-entzunezko Arteen eta Zinemaren Nafarroako Institutuko (INAAC) zuzendaritzarekin ere hitz egin du BERRIAk, baina ez dute Cerdanek kaleratu duen eskutitzari buruzko iritzirik eman nahi izan. Jaialdia bertan behera uzteko erabakia ez baita oraindik bide ofizialetatik jakinarazi, eta ordu arte ez dute adierazpenik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.