BERTSO JARRIAK

Bertso berriak, berezi izateari jarriak

Beasainen jaio zen (Gipuzkoa), 1980an. Euskal Herriko Eskolarteko txapeldun izan zen hiru urtez, eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuen, 2003an. Bertsopaperetan hainbat sari irabazi ditu, eta aforismoak ere lantzen ditu. Irakaskuntza du ogibide.

Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena.
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
[YouTube]https://youtu.be/Cx6k5YNiqnU[/YouTube]

1.
Espaziala da denboraren
espezialitatea,
pinpilinpauxa bihurtzeraino
begizuloen nekea,
ez sufritzea zoriona da,
minik eza da bakea,
hasi dadila oin-punten eta
metaforen gerratea,
egizu negar, maitea,
zeru-azpia baldin badago
itzal amestiz betea,
zergatik ez da arruntagoa
BEREZIA izatea?

2.
Jaiotzen denak baldin baditu
gutxienez bi aukera,
baldintzetatik ezin liteke
ondoriorik atera...
Etorkizuna iraganetik
urrundu nahia ote da?
Umezurtz utzi ditugu hainbat
hipotesi ta galdera;
ustearen arabera
nahiz bi hankako animaliok
partekatu mundu bera,
bakoitzak bere mundua du ta
bakoitza mundu bat gera.

3.
Gure umeen ikasgeletan
ikasturtez ikasturte
protokolo ta aniztasun plan
antzuekin dihardute,
«aurrera» doan herrian ere
dena ez baita azukre,
geure burua ukatzen dugu
begirada baten truke,
sabaia bete itute...
Desberdintasun guztiek xarma
bera izango badute,
berdintasuna ere ezberdin
ulertu behar genuke.

4.
Txantxak ez dira txantxa norbaitek
min hartzen badu benetan,
tamalez ez da unibertsoa
sartzen guztion planetan;
aisialdia garraztu edo
bakartu talde-lanetan,
irri-mirria errekreoan,
burlaizea tabernetan,
sasi-itxaropenetan
Diferenteak ikaragarri
sufritzen du gehienetan,
bere burua normatzat duen
mundu anormal honetan.

5.
Gure gizarte uniformean
molde bat dugu nagusi,
erabakitzen duena nor den
ahate ta nor itsusi,
zu ere ahots jakin batekin
nahi zintuztenez igurtzi,
ardi zurien ipuina baino
ez zizuten erakutsi,
beltzez, berriz, ezer gutxi,
zeure burua nahi duzun arren
beti taldeko ikusi,
gu izateko ezin diozu
zeu izateari utzi.

6.
Alabarentzat aita ta ama,
aita-amentzat alaba,
kukuarentzat udaberria,
ilargiarentzat gaba;
lehen muxua zer den sentitu
nahi duenaren ikara,
Xabier Leteren Bianditz edo
Gorka Knorren Araba,
haur baten barre-algara,
sentiarazten duguna eta
sentitzen duguna gara,
ta aukeran hobe arrunta baino
BEREZIA baldin bada.

Doinua: Bizkorra ez naiz baina badaukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.