Bertsoak idaztetik eleberrigintzara

Duela ehun urte jaio zen Sebastian Salaberria, 'Neronek tirako nizkin' nobelaren egilea.36ko gerra oroituz, bere garaiko nahiz gaurko irakurleen gustuko liburua osatu zuen

Juan Luis Zabala
2015eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
«Ni mundu ontara sortu nintzan Abenduaren 26-an, 1915-garren urtean, gaubeko amabietan, Oiartzun-go partean dagoan Elbitxuri izena duan baserrian». Lerro horiekin hasi zuen —egin behar zuena autofikzioa ote zen edo ez planteatzeke, nobela bat idazteko gai izango ote zen ere jakiteke—, Sebastian Salaberriak —duela ehun urte Oiartzungo (Gipuzkoa) Elbitxuri baserrian jaiotako bertsolari eta idazleak— Neronek tirako nizkin nobela. Agora saria ez ezik, Koldo Mitxelenaren laudorioa ere jaso zuen lan hark 1964an, Egan aldizkarian egin zion aipamen kritikoan. «Eleberri honen ondoren, ez du inork ukatuko bertso paperen egileak bestetarako ere gauza direnik», idatzi zuen Mitxelenak laudoriozko komentario haren erremate gisa.

36ko gerra hasi zenean, bando banatan egokitu ziren Sebastian Salaberria eta haren anaia Kaximiro, eta Sebastianek beti zuen gogoan borrokatzen zituen etsaien artean anaia egon zitekeela. Borrokaldien ondoren, hildako etsaien gorpuak ikuskatzean, haietako bat anaiarena izango ote den datorkio beti burura, nobelan, Sebastian pertsonaiari, nobelaren egileari gerran benetan gertatzen zitzaion bezalaxe. Gerrak iraun zuen artean izan zuten lagun izu hori biek, aurretik egileak bezala pertsonaiak gero. Gerraren krudeltasuna erakusten dio gisa horretan irakurleari Salaberriak, lekuko zuzen batek prosa bizi eta gardenez emana. «Irakurgai erraza eta atsegina hau, inon errazik eta atseginik baldin bada, eta batez ere bizia dariona», Koldo Mitxelenaren 1964ko ustearen arabera.

Mitxelena bezala, beste irakurle asko liluratu ditu Salaberriaren nobelak, eta etenik gabe jarraitzen du irakurle berriak liluratzen, Beñat Sarasolak ETBko Sautrela saioan eta Imanol Epeldek 27 zapata blogean egindako laudoriozko komentarioek erakusten dutenez. Ez da harritzekoa, beraz, tarteka berrargitalpenak behar izatea. Estreinakoz 1964an Auspoa Liburutegia bildumako 38. zenbakiarekin argitaratua, 1994an berrargitaratu zuen Sendoa argitaletxeak, eta aurki beste berrargitalpen bat kaleratuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pello Esnalek euskara batura egokituta; liburu horrekin jarriko da abian Auspoa Liburutegiaren osagarri eta ahaide zuzen izango den beste bilduma bat: Hauspoa izenekoa.

Donostiako euskara

Nahiz eta Oiartzunen sortu, artean ume zela Errenteriako (Gipuzkoa) Sagasti baserrira aldatu zen Sebastian Salaberria, eta hamar urte zituela herri bereko Gabiria baserrira joan zen morroi. Hamalau urte zituela Donostiako Aiete auzora aldatu zen familia. Donostiako gas fabrikan egin zuen lan lehenik, eta Oriamendiko ur deposituan guarda izan zen gero. Donostiako euskara zuela esan ohi zuen, ez Oiartzungoa. Erretiratu eta gero, Hernaniko zahar etxe batean bizi izan zen.

Sagardotegietan bertsozaletu zen Salaberria, eta gaztetan ezagututako sagardotegietako giroa jaso zuen Sagardotegiak liburuan —Auspoa bildumako 247.a, Sendoak 1997an argitaratua—. Aurretik, berak idatzitako bertso jarriak zituen bilduak beste liburu batean: Nere soroko emaitzak —Auspoa bildumako 172.a, Auspoa argitaletxeak 1984an kaleratua—.

Bertsoak idatzi eta sagardotegietako lagun giroan bat-batean kantatu arren, ez zen sekula plazan bertsotan aritu. Aritu izan balitz bezala kobratzea egokitu zitzaion behin hala ere. «Behin Kursaalean kantatzekoa nintzen», ekarri zuen gogora Euskaldunon Egunkaria-k 1997ko ekainean egin zion elkarrizketan. «Aieteko bi gazte ginen saio hartara deituak, Oriamendi baserriko Joxe Leon Kalonje eta biok. Joxe Leon ez zen etorri eta bakarrik ez igotzea hobe nuela esan zidaten. Baina jaialdia amaitu zenean bertsolariekin joan nintzen Euzko Etxera bazkaltzera, eta han bi bertso kantarazi zizkidaten bazkalondoan. Jornala besteei bezala eman zidaten. Hamar pezeta eman zizkidaten sobre urdin batean. Txirritari gehiago eman zioten; hari bost duro [25 pezeta]».

Beste bertsozale asko bezala, Antonio Zabalak bultzatuta hasi zen prosa idazten Salaberria. Zabalak entzuna zuen Salaberriak bertso asko zituela idatziz jasoak, eta haiek eskatzera joan zitzaion. Ez zen alferrikako lana izan. Txirrita, Pello Errota eta beste bertsolari batzuen aleak zituen jasoak Salaberriak. 36ko gerra hasitakoan, erre egin zituen haietako asko, haiengatik zigortua izateko beldurrez, baina erre ez zituenak Zabalari eman zizkion, argitara eman zitzan. Salaberriak jasotako bertsoak ez ezik, haren gerrako istorioak ere jaso nahi izan zituen gero Zabalak, eta hark akuilatuta ekin zion Salaberriak Neronek tirako nizkin idazteari. «Baina nobela nola egingo dut ba nik, eskolarik ez dut eta, don Antonio?», esan omen zion Salaberriak Zabalari, eta hark erantzun: «Bai, hasi zaitez».

«Halaxe hasi nintzen, nobela bat egin eta saria irabaziko nuenik asko pentsatu gabe», kontatu zuen Salaberriak arestian aipatutako elkarrizketan. «Egiten nuena ahal nuen txukunena egiten nuen, hori bai». Idaztetik aparteko nahikoa lan bazuenez, goizeko lauretan, hiruretan eta are ordu bietan ere jaiki behar izaten zuen idazteko. «Egunez ez nuen astirik. Dena gauez egina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.