Bertsoen udagoiena

Urriaren 1ean abiatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketak, eta abenduaren 16an jokatuko da finala, Bilbon. 43 bertsolarik hartuko dute parte

Isaac Amezaga, Idoia Anzorandia, Leixuri Arrizabalaga eta Igor Elortza, atzo goizean, Bilboko Rekalde aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Maiatzean abiatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehendabiziko fasea, eta, uda igarota, udagoienean helduko diote berriro ere txapelketari. Guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Atzo goizean aurkeztu zuten txapelketa, Bilboko Rekalde aretoan, eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramailea, Igor Elortza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidea eta Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaile eta txapelketaren arduraduna izan ziren bertan. Urriaren 1ean jokatuko da lehenengo kanporaketa, Mungian (Bizkaia).

Guztira, 30 bertsolarik parte hartuko dute kanporaketetan. Sei saio jokatuko dira, eta sei bertsolarik abestuko dute horietako bakoitzean. Saio bakoitzeko irabazleak ziurtatua izango du hurrengo fasean kantatzeko aukera, eta gainontzekoak, berriz, puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Hain zuzen, fase horretan batuko dira txapelketara 2021ean finalaurrekoetan kantatu zuten zazpi bertsolariak: Eneko Abasolo Abarkas, Imanol Uria, Josune Aramendi, Julen Arzanegi, Oihana Bartra, Paule Ixiar Loizaga eta Txaber Altube.

Haietatik 11 sailkatuko dira finalaurrekoetarako, eta 2021eko finalistak batuko zaizkie orduan—denak, Etxahun Lekue salbu—; hemezortzi bertsolari arituko dira denera. Azken hiru saioetako irabazleak eta puntu gehien lortu dituzten bost bertsolariak sailkatuko dira abenduaren 16ko finalerako. Bilbo Arena aretoan jokatuko da.

Sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus helbidean, edo egunean bertan saio guztietan egongo diren txarteldegietan, 16:00etatik aurrera. Saio guztiak 17:00etan hasiko dira. Beste behin, Aitor Agirrek sortu du txapelketako sintonia izango dena.

Elkartearen 40. urteurrena

Txapelketatik harago, ospakizun betean dago Bizkaiko Bertsozale Elkartea: berrogei urte bete ditu aurten. Joan den larunbatean ospatu zuten urteurrena, Iurretan,bertsolarien hainbat belaunaldi batuta.

Atzera begiratzeko baliatu du urteurren biribila Elortzak: «1990. urtean iritsi nintzen lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera, eta alde nabarmena dago ordutik: bi edo hiru eskualdetako bertsolariak geunden bakarrik, eta bertsolarien profilari dagokionez, 50 urtetik gorako gizonezkoak ziren nagusiki. Egun, badira eskualde ez hain euskaldunetako bertsolariak, guraso erdaldunak dituztenak, eta txapelketako bertsolarien batez besteko adina 28 urtekoa da». Bilakaera horri esker, gaiak lantzeko modua ere aldatu dela uste du Elortzak, baita bertsozaleen profila ere.

Egun, bertso eskoletan dauzka erroak jarrita Bizkaiko Bertsozale Elkarteak: eskualde guztietan daude bertso eskolak, eta hauspo handia du ikastetxeetan egiten den lanak. Alabaina, bertso plazen garrantzia nabarmendu nahi izan du Elortzak: «Plaza berezia da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa: bertso mundu osoa jartzen du mugimenduan. Txapelketa bakoitzak bertso plaza eskaintzen dio bertsolariari, eta bertsolari horrek bere bertsokera erakusteko aukera du. Bertsozaleentzat ere topaketa garrantzitsua da».

Ibarzabal, azken irabazlea

Pandemiaren ondorioz, urtebete atzeratu behar izan zuten txapelketa 2020. urtean, eta 2021ean egin. Nerea Ibarzabalek jantzi zuen txapela, Jone Uriarekin buruz buru aritu ondoren. Berez, baina, bi urterik behin egiten dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.

Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK dira txapelketaren babesle nagusiak, eta saioak hartzen dituzten herrietako udalak gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.