Aupa Etxebeste! komedia arrakastatsuaren bi zuzendariak, Asier Altuna eta Telmo Esnal, Donostiako Zinemaldira itzuliko dira aurten beren bakarkako lehen film luzeak aurkezteko, sail ofizialean eta Zabaltegi sailean hurrenez hurren. Bertsolari, Altunak zuzendutako dokumentala, lehiaketatik kanpo aurkeztuko da, eta Esnalen Urte berri on, amona! Zuzendari Berrien saria lortzeko lehiatuko da.
Zinemaldiko antolatzaileek irailaren 16tik 24ra bitartean Donostian ikusi ahal izango diren beste hamalau filmen berri eman dute. Horien artean, sail ofizialeko hiru pelikula daude. Ondorioz, aurtengo sail ofizialeko lehiaketa ia osaturik dago —aurreko asteetan hamabi izenburu iragarri zituzten—, eta amaierarako aukeratutako pelikula ezagutzea baino ez da falta.
Sail ofiziala
Bertsolari ez bezala, sail ofizialean atzo iragarritako beste hiru filmak Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira. No habrá paz para los malvados izango da horietako bat, Todo por la pasta filmarekin ezagun egin zen Enrique Urbizuren azkena. Bere ohiko ildoari jarraitu dio oraingoan ere zuzendari bilbotarrak, zinema beltzaren osagaiez jositako thriller-a egin baitu.
Isaki Lacuesta kataluniarra, 2009an Los condenados lanarekin kritikaren Fipresci saria lortu zuena, Zinemaldira itzuliko da.Los pasos dobles lana aurkeztuko du, François Augieras margolari eta idazle frantziarraren bizitzan oinarritutako filma. Benito Zambrana zuzendari espainiarrak, berriz, La voz dormida aurkeztuko du. Espainiako gerraoste gogorrean kokatua, bi ahizparen istorioa kontatzen du Dulce Chaconen izen bereko eleberriaren egokitzapen horrek.
Zabaltegi-Zuzendari Berriak
Telmo Esnalen Urte berri on, amona! izango da lehiaketan parte hartuko duten filmetatik bat. Emaztearen amaren kargu egin behar duen bikote bati buruzkoa da zuzendari zarauztarrak zuzendutako lehen film luzea, eta umore beltzaren ukitua du.
Ignacio Ferrerasen Arrugas eta Sandra Sanchezen Tralas luces filmak dira iragarri dituzten beste bi filmak. Lehena animaziozko lan bat da, Paco Rocaren izen bereko nobelaren egokitzapena, eta adineko zentro batean bizi diren lagun talde baten egunerokotasuna kontatzen du. Tralas luces, berriz, dokumentala da, eta Lourdesen bizitza du ardatz: nomada da bera, eta Espainia iparraldeko ferietan barrena ibiltzen da familiarekin.
Zabaltegi-Bereziak
Zazpi lan iragarri dituzte Zabaltegiko Bereziak atalerako. Horietako bat katalanez filmatua dago, Manuel Huergaren 14 d'abril: Macià contra Companys. Errepublika garaian kokatuta dago filma, eta Francesc Macia eta Lluis Companys Generalitateko presidente izandakoen arteko liskarra islatzen du. Nacho Vigalondok Extraterrestre aurkeztuko du, komedia erromantiko berezia, estralurtarren inbasio bat ere tarteko dela.
Bestalde, Isaki Lacuestak, sail ofizialean ez ezik, Zabaltegi sailean ere izango du lekua. El cuaderno de barro dokumentala Miquel Barceloren laguntzaz egin du zuzendariak, pintoreak Malin duen tailerrean. Beste dokumental bat ere eskainiko dute sail horretan: Eterio Ortegaren Al final del túnel. «Euskal abertzaletasunaren erroak ikertzen ditu», eta «euskal gizartearen zati horren erretratu kolektiboa egiten du», antolatzaileen arabera.
Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezko Goi Eskolako ikasleek hamahiru kapitulutan eginiko Puzzled Love lan «harrigarria», David Truebaren Madrid, 1987—Espainiako trantsizioa deskribatzen du, idazle eta ikasle baten arteko harremanaren bidez— eta Eduardo Chapero-Jacksonen lehen film luze Verbo ere — rap musika eta fantasia uztartzen ditu, nerabe baten istorioa kontatzeko — eskainiko dituzte sail horretan.
'Bertsolari' filma Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztuko dute
Asier Altunak bertsolaritzari buruz zuzendutako dokumentala lehiaketatik kanpo estreinatuko dute DonostianTelmo Esnalen bakarkako lehen filma, 'Urte berri on, amona!', Zabaltegin lehiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu