Bertsolarien igurtziez eta sareez

'Ño!' komikia argitaratu dute Miren Artetxe eta Eli Pagola bertsolariek eta Maitane Gartziandia ilustratzaileak. Bertsolarien arteko harremanak islatu nahi izan dituzte

Miren Artetxe, Eli Pagola eta Maitane Gartziandia, Ño! komikiaren egileak. DANI BLANCO.
Nagore Garmendia Artano
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
«Aurreko bertsolariei aitortza» egin diete Miren Artetxe (Hendaia, Lapurdi, 1985) eta Eli Pagola (Hernani, Gipuzkoa, 1995) bertsolariek berriki argitaratu duten Ño! komikian. Hamar eszena jaso dituzte lanean, eta bertan kontatu dituzte bertso saioetan sortzen diren saretzeak eta tentsioak. Lana osatzeko, Maitane Gartziandia ilustratzailea izan dute lagun. Argia aldizkariak kaleratu du komikia.

Ño! ez da bertso saioez ari, aurreko eta ondorengo uneez baizik. Artetxe: «Emakume bertsolarientzat errazena bertsotan egitea da. Bertsotan gara libreen, eta bertsotan daukagu parekotasun handien. Bestelako espazio horiek dira arazoa». Une horiek kontatzeko, feminismoa izan dute ardatz. Egileek azaldu dutenez, emakume bertsolarien «ahalduntze, saretze eta elkarbanatze estrategiak» erakusten baititu komikiak: «Bertsolariek beren artean komentatu izan dituzten testuinguruak dira. Badu zer edo zer autobiografikotik, baina fikziorako esajeratu egin ditugu eszenak».

Hirukotearen ustez, izenburuak ondo islatzen du komikiak kontatzen duena. Kontatu dutenez, «oso garbi» izan zuten hasieratik horixe izango zela komikiaren izenburua. Izan ere, bertsoak josteko garaian, asko erabiltzen da ño! hitza errimetan. Nolanahi ere, izan dituzte lana hala izendatzeko beste zenbait arrazoi: ño atzizkiak duen txikitze konnotazioa, besteak beste.

Bi urtez baino gehiagoz aritu dira proiektua ontzen. Azkar egin zuten «hezurdura», baina. Azaldu dutenez, erraza egin zaie prozesua; izan ere, «oso ondo» ulertu dute elkar. «Oso argi genuen zer adierazi nahi genuen komikian», azaldu du Artetxek.

Pagolak kontatu duenez, ez zuten emakume bertsolarien analisi orokor bat egin nahi, ahalduntze estrategiei buruzko zenbait eszena ilustratu nahi zituzten: «Ez zitzaigun komiki hau egiteko behar bat sortu, baizik eta aukera bat».

Ez zuten edonolako komiki bat ondu nahi, hala ere; «gidoi bat baino gehiago» izango zen komiki bat sortu nahi zuten. Uste dute, gainera, «bertsozale den edozeinek» irakurtzeko modukoa dela komikiko edukia. «Bertan aurkituko duena ezaguna egingo zaio, nolabait», gaineratu du Pagolak. Ezagun ez duenarentzat, berriz, «bertso mundua ezagutzeko aukera bat» eskaintzen duela azaldu du Artetxek: «Denentzat da egokia: batzuek umore klase bat gehiago harrapatuko dute beste batzuek baino. Feminismoaren zein puntutan dagoen, horren araberakoa izan daiteke hori».

Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar bertsolaria da komikiko protagonista. Beren buruari eta bertsokideei kontrapuntu bat jartzeko baliatu dute egileek pertsonaia. Ahalduntze estrategien bidea lehenago izan ziren bertsolariek urratu zutela aldarrikatzeko erabili dute Xenpelarren irudia: «Erreferentzia gisa baliatu dugu, ikusteko ez garela lehenak ahalduntze estrategiak martxan jartzen», esan du Pagolak. Euren buruari barre egiteko modu bat ere bada, Artetxeren hitzetan: «Bertsolari feministak biktimatzat hartzen dira askotan, eta guk ez dugu horrekin bat egiten. Komiki hau ere kexa bat da, baina geure buruaz ere barre egin nahi genuen».

Aranberri bertsolaria izan zela kontatu nahi zuten egileek; eurek jarri diote, ordea, ahotsa eta pentsamoldea. Pagola: «Beste mota bateko aliantzak egiten zituzten emakumeek orduan, eta aitortza historikoa egin nahi izan diegu horiei».

Aranberri ez ezik, beste pertsonaia historiko batzuk ere agertzen dira komikian; Martzelina Lopetegi, kasu baterako. «Martzelina Lopetegi bertsolariak Txirritari erantzundako 'libertadia hartuta aspaldiyan nago' ere agertzen da», aurreratu du Pagolak.

Irudiak protagonismo handia du komikian. Horretarako, idazleek ezinbestekotzat jo dute Gartziandia ilustratzailearen lana: «Konturatu ginen eszena horietan pentsatzen genuenean, ez zegoela hitzik. Gure estrategia horiek ez zirela, askotan, hitzezkoak», adierazi du Artetxek. «Pentsatzen egon ginen bertsotan ari garenean ez ote ditugun irudiak oroitzen», Pagolak. Hortaz, dena irudiz erakusteko beharra ikusi zuten. «Guk eszenak kontatu, eta Maitanek zirriborroak egiten zituen. Horrek gidoiaren parte egin du bera. Erronka potentea izan da, baina oso ondo aurkitu dio irtenbidea».

Gartziandiarekin lan egitea «oso aberasgarria» izan dela aitortu dute biek ala biek: «Bera ez da bertso munduan ibiltzen, baina oso ondo ulertu du zer geneukan buruan», esan du Pagolak. Ilustratzailearen lan egiteko modua «berezia» izan da, gainera: «Oso ondo harrapatzen ditu gorputz espresioak». Pozik daude hirurak egindako lanarekin. Burutazio batetik atera den zerbait eskutan edukitzeak «grazia» egiten diela azaldu dute. «Oso ondo pasatu dugu», esan du Artetxek, irriz.

Irailaren erdialdean aurkezpenak egingo dituzte, Hernanin eta Iruñeko Laban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.