Bertsolaritza, atzotik biharrera izenburupean aritu dira solasean Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus Euskal Herriko Bertso Txapelketako azken bi txapeldunak, Josu Goikoetxearen gidaritzapean. Jakin aldizkariak eta Martin Ugalde Kultur parkeak antolatu dute solasaldia.
Plaza, estiloa, generoa, bertsolaritzaren ogibidea... ertz asko izan dituzte mintzagai. Baita Xabier Amurizaren erretiroa ere. "Bide urratzaile" Arzallusentzat, "erreferentzia ezinbestekotzat" jo du Lujanbiok.
Bada ogibiderik bertsotik? "Industriatxoa" dela aipatu du Lujanbiok: "Merkea da, erraza, apenas dagoen bitartekaririk". Arzallusen hitzetan, sei bat lagun bizi dira bertsogintzatik, eta beste lan batzuekin osatzen dute jarduna beste hainbatek: "Bertsotatik bizitzeko, ongi jakin behar da neurtzen metrika eta patrika".
Plazako jarduna entzulera egokitu beharraz eta horren ajeez ere aritu dira; publikoa adinez, pentsamoldeaz eta abarrez anitza izateak "estandarizatu" egiten duela bertsokera esan du Lujanbiok, baina hura mantentzeko beharra defendatu du.
Generoari dagokionez, Lujanbiok uste du diskurtso feministak nahiz emakume bertsolarien presentziak harrera ona izan duela bertsolarien eta bertsozaleen artean; aldeko giroa nabaritu izan du horretarako. Ordea, uste du gaur egun bertsolari gazteek mamituagoa dutela teoria praktika baino. Arzallusek, berriz, diskurtso feministan lehenagotik ez sakondu izanaz hausnartu du, eta gaineratu ez dela bidezkoa gizonak kexu azaltzea "belarria apur bat urratzeagatik" emakumeek jasaten dituzten urradurekin alderatuta.
Lujanbiok eta Arzallusek bertsolaritza hizpide etzi, Martin Ugalde kultur parkean https://t.co/B9hUJ2nI3x@jakin_euspic.twitter.com/bkGkgHiNCF
— Berria.eus (@berria) 2016(e)ko maiatzak 2