Julio Soto. Bertsolaria

«Bertsotik ez, baina bertsoarentzat bizi naiz»

Bigarrenez jantzi du Julio Sotok Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela. Lehia estua izan zen finalekoa, baina lasai aritu zela dio, bere gisan, «irudiari lotutako bertsokeran».

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Orain bi urte eta iaz bezala, bere buruaren aurkezpena egin zuen Julio Soto bertsolariak aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako Finaleko agurrean. Habanera doinuko printzipio deklarazioa: «(...) Begira, bi hanka dauzkat,/ pauso luzea, azkarra;/ hanka artean ere bi,/ pareja ttiki xamarra;/ besoak ere bi dauzkat,/ sasoi beteko indarra;/ begiak ere bi dauzkat,/ bista zorrotza, earra;/ belarriak ere bat, bi,/ ta entzuten dut zure parra./ Guztia binaka daukat,/ ta oraindik txapel bakarra». Azken bertsora arte estu joan zen lehia, baina, azkenean, bete egin zuen lehen bertso hartan aipatutako hutsunea Sotok. Nafarroako bigarren txapela lortu zuen Iruñean jokatutako saioan. Eguneko onenaz galdetuta, ordea, argi du erantzuna: «Labriten zegoen giroa. Oholtza gainetik ikusgarri ikusten zen dena».

Zu zara txapelduna, baina oso estu joan zen lehia. Lau puntu eta erdi soilik atera zenizkion bigarren gelditu zen Xabier Silveirari. Hain estu espero al zenuen zuk ere saioa?

Bai. Oso puntu gutxi dira. Aurrez bagenekien saioa estu joango zela, baina bertsotan nahikoa da batek egun hobea izatea, eta besteak pixka bat huts egitea, puntuetan aldea ateratzeko. Hamabost bertso dira, eta hogei puntuko tartea ez da handiegia, baina ez zen halakorik izan, eta buruz burukoan aritu ginen Silveira eta biok. Ez nuen argi ikusi nork irabaziko zuen. Silveirak, nik edo beste edozeinek irabaz zezakeen. Silveiraren eta nire artean estu-estu joan zen gauza; azkenean, baina, estutasun ona izan zen niretzako.

Gustura aritu zinela igartzen zitzaizun. Pozik egindako lanarekin?

Aldarte oso onarekin nengoen bertsotarako. Askotan gertatzen da, estu eta lotuta aritzea, baina oso buru argi nengoen. Gehiago edo gutxiago asmatu nuen gero, baina, behintzat, laguna entzuteko eta erantzuteko gustura nengoen. Ez nintzen bertso bakar batean ere erori, eta finaletan hor dago klabea: erregular aritu, eta bertso batzuekin goia jo.

Buruz burukoan egindako kartzelako saioan jo zenuen goia zuk. Saioko azken lanean.

Hor jo nuen goren-gorena, nik uste. Hor erabaki zen txapela, baina aurretik Julenekin [Zelaietarekin] zortziko txikian egindako lana ere polita izan zen.

Kartzelako gaia, ezin egokiagoa: «Pilotaria zara, buruz buruko finala jokatzen ari zara, hogeita bana doa partida. Azken sakea egitera zoaz».

Bai, gai horrek bazuen bere tranpa. Parekatuta gindoazen Silveira eta biok. Pilotariak ginela esaten zuen, baina esaten zuena zen bi bertsolari ginela, buruz burukoa jokatzen ari ginela, azken ariketa zela eta hor zegoela dena jokoan. Bi pilotariren rola jarri ziguten, baina nik uste jende guztia ohartu zela gu ere egoera berdinean geundela errealitatean.

Zuk zeuk parekotasun hori ongi baliatu zenuen zure lehen bertsoan. Ez zenuen esan «Juan Martinez de Irujo naiz», baizik eta «ni Irujoren gorpuan/ txapel bat dago jokuan».

Irujoren gorpuarena errimatzeko estutasun horretan esan nuen, baina Irujo eta Aimar Olaizolaren arteko partida bat irudikatu nuen berehala. Gainera, oso Irujo zalea naiz, eta gustura aritu nintzen.

Bitxia. Bertsokeraz olaizolatarragoa zarela esango nuke, botera gehiago aritzen zarela, eta tantoaklantzea gustatzen zaizula; eta Silveira dela irujotarragoa, airez gehiago sartu zalea eta.

Izaeraz izan liteke, bai, eta agian baita bertsokeraz ere.

Adamen eta Evaren rolean aritu zineten kartzelakoaren aurretik, eta ongi aritu zineten hor ere.

Oso gustura aritu nintzen. Hasi nintzen esaten pena zela hainbeste denbora aguantatu ondoren, tentazioan erortzea. Banekien Silveirak tentatuko ninduela bukaerara arte, eta kalkulatua nuen zein izango zen ofizioa bukatzeko botako zuen bertsoa. Polita joan zen. Berak baietz, nik ezetz...

Saioa ongi zihoan buruz burukora arte, baina hor jo zuen goia, ezta?

Hamarreko txikiko hori agian ez zen izan eguneko saiorik onena, baina jendea bero dago, eta berdinekta haustea da. Oro har, oso buruz buruko polita joan zen, halere. Ofiziotakoa ona, eta kartzelakoak ere onak.

Jendeak eskertu zuen Silveiraren eta zure arteko parekotasun hori.

Morboa pizten du beti halako buruz buruko batek. Aurretik ere hitz egiten zen horretaz, eta mentalizatuta joan ginen bertsolari guztiak. Normala da jendeak morbo hori nahi izatea. Niri ere gustatzen zait, bai bertsotan, eta baita pilotan ere. Hogeita banakoak asko gustatzen zaizkit.

Eta pilotaria zu zarenean?

Nahiago hogeita bi eta hamar bat, baina ezin.

Aurreko urterako baino lanketa gogorragoa egin duzu aurtengorako?

Ez, antzera aritu naiz. Txapelketara psikologikoki nekatu xamar heldu naiz, hori bai. Txapelketa pila bat izan dira jarraian. Euskal Herrikoa lehenik, Nafarroakoa gero iaz, eta aurten berriz Nafarroakoa... Karga bat da. Prestaketa aldetik, baina, lasai nintzen.

Nola prestatu zara finalerako?

Astean behin edo bitan aritzen gara bertso eskolan, eta gero etxean errimategia eta bakarkako lanak lantzen ditut. Bertsoak ere asko idazten ditut, eta gero aztertu. Zer bertsokera landu nahi nukeen pentsatzen dut, hartara hurbiltzen saiatzeko. Garrantzitsua da nola kantatu nahi duzun jakitea. Maila batera iristean nondik nora jo nahi duzun erabaki beharra dago. Pilotan bezala, bakoitzak bere estiloa du bertsotan. Irujori, adibidez, airez sartzea gustatzen zaio. Berdin bertsotan; berean asmatu behar bakoitzak.

Eta zein da zuretzat nahi duzun bertsokera hori?

Irudiari lotutako bertsoa. Mugitzen den bertso bat. Modan dagoen hitza erabiliz, bertso zinematografiko bat. Bertsoa mugitzen ikusi behar du entzuleak halakoetan. Hori da Maialen Lujanbio orain urte batzuk lantzen hasi zen bertsokera, eta niri asko gustatzen zait. Badaude beste batzuk, filosofikoagoak direla esan dezakegunak. Silveirarenak, esaterako. Irudizkoak baino bertso sakonagoak botatzen ditu.

Gaiak ere alde izan zenituzten. Adamen eta Evaren rolean jarri zintuztetenean, jendeak txalo egin zuen.

Ez da seinale ona hori. Gaiari txalo jotzean, bertsorik entzun gabe, jendea txaloka ari da, eta espektatiba handia dauka. Arriskutsua izaten da. Hobe izaten da gaia entzun eta bertsoak entzun ondoren txaloak jotzea. Gaiei dagokionez Nafarroan kristoren lana egin da. Talde ona dago. Azkenengo urteetan jarri diren gaiak kategoriakoak izan dira. Gaur egun irekiak dira, baina ez gehiegi. Garai batean gaiak itxiegiak ziren, «ehiztari bat zara eta bi uso datoz», eta gisakoak; gero zabalegiak jarri ziren, «esnatu egin zara», edo «leihotik begira zaude»-ren modukoak; eta oraingoak, aldiz, neurrikoak dira. Zabalak baina helduleku batekin.

Bi urte barru Euskal Herriko Txapelketako finalean, BECen, buruz buru aritzeko gonbita egin zizun Silveirak agurreko bertsoan. Desafio handiegia, agian?

Ezinezkoa da. Berak ere esan zuen gerora ezinezkoa zela. BECera iristea oso-oso zaila da edozeinentza, niretza ia ezinezkoa. Aukera bat badago beti, baina ia ezinezkoa da. Ez dut horrekin amesten, eta ez dut obsesiorik horrekin. Ilusioa badut, eta lan egingo dut, baina bide luzea da. Maila handia behar da, eta zorte are handiagoa. Hankak hobe lurrean.

Hau da aste honetan izan duzun agenda: asteazkenean saio bat, ostegunean saio bat, ostiralean saio bat, larunbatean bi... Bertsotan bizi zara?

Beti bertsotan nabil, bai. Bertsotik ez da erraza bizitzea, baina bertsoarentzako bizi naizelaesango nuke. Nire pasio handiena da, asko disfrutatzen dut bertsoarekin, eta ongi pasatzen dudan artean, hor segituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.