Admnistrazio publikoak baditu mekanismoak soldatapeko langileen «behin-behineko ezintasunei» erantzuteko. Kultur sortzaileei dagokienez, baina, ez da hala gertatzen, Bertsozale Elkarteak ohartarazi duenez, eta horretarako sortu dute Babes Kutxa, sortzaileen ezintasun puntualak konpentsatzeko erabiliko duten diru poltsa bat.
Adibide batekin azaldu du Udane Mugerza Salegi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak: «Soldatapeko langile batek laneko istripua izan badu, ekarpen ekonomikoa edukiko du lana egin ezin duen tartean. Sortzaileen kasuan, aldiz, ez da horrela. Afoniko jarriko balitz edo ahotsik gabe geratuko balitz, asteburu horretako saioak ez egiteagatik hilabete horretako diru sarreraren zati handi bat galduko luke». Babes Kutxaren bidez horri erantzun nahi dio elkarteak, bertsolariak edo gai jartzaileak saiora joan ezin direnean diru sarrerarik gabe geratu ez daitezen.
«Babes Kutxarekin, edozein langilek izan ditzakeen arazoez hitz egiten ari gara: gaixotasunak, zaintzak… Nik uste dut berri ona dela martxan jartzea: bai praktikoki izan dezakeen ekarpenagatik, baina baita arazoa bistaratzeagatik ere»
UNAI ITURRIAGABertsolaria
Lankuren eta Bertsozale Elkartearen bidez lotutako saioetara bideratuko da Babes Kutxa, eta horrek plaza osoari erantzungo ez badio ere —saio guztien %35 dira, elkartearen arabera—, aurrerapausotzat hartu du Unai Iturriaga bertsolariak: «Babes Kutxarekin, edozein langilek izan ditzakeen arazoez hitz egiten ari gara: gaixotasunak, zaintzak… Langile baten kasuan ez dira sindikatuaren bizkar geratzen, beste bide batetik ziurtatuta dauzka eskubideok, eta ez dira zalantzan jartzen. Nik uste dut berri ona dela [Babes Kutxa] martxan jartzea: bai praktikoki izan dezakeen ekarpenagatik, baina baita arazoa bistaratzeagatik ere».
Prekaritateaz jakitun
Bertsozale Elkartea kulturgintzan dagoen «prekaritateaz» jakitun dela adierazi du Mugerzak, eta eremu horretan eragiteko duten «aukerari» heltzeko nahiak ekarri du Babes Kutxa sortzea. «Bertsozale elkartearen eginbeharra da bertsolarien, gai jartzaileen eta, oro har, sortzaileen lan baldintzak duintzea eta babestea. Sortzez ere halaxe izan zen, eta urteak dihardu eginahal horretan».
«Ahalik eta saio gehien antolatu baino gehiago, nola eta nolako saioak antolatzen dira? Ze baldintzatan? Badagokigu eremu horretan ere eragitea. Eta hor kokatzen dugu Babes Kutxa»
UDANE MUGERZA SALEGIBertsozale Elkarteko sustapen eragilea
Elkartearen esanetan, lanean dihardutenean egoera «prekarioa» dute sortzaileek, baina are makurragoa da lanik egiten ez dutenean. Saio kopurutik harago eragin behar dela nabarmendu du Mugerzak: «Sustapenaz ari garenean, ez gara soilik sustapen kuantitatiboaz ari, sustapen kualitatiboaz ere ari gara; ahalik eta saio gehien antolatu baino gehiago, nola eta nolako saioak antolatzen dira? Zer baldintzatan? Horri ere erreparatu nahi diogu; badagokigu eremu horretan ere eragitea. Eta hor kokatzen dugu Babes Kutxa».
Azken urtetan, Lanartea elkarteak dihardu kulturgileen lan baldintzak hobetzeko lanean, eta bidelagun izan da orain Bertsozale Elkartearen egitasmo berrian ere.