Txalo zaparradaren erdian «bravo!» kartsu batzuk aditu dira. Bi ordu pasatxoko emanaldiaren ondoren, bukatu ditu lanak Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, jaitsi da podiumetik Carlo Rizzi zuzendaria, «maisu» italiarra, eta hiru aldiz egin du agertokitik barrurako joan-etorri klasikoa, ostegun iluntzean Bordeleko (Frantzia) auditoriuma ia goraino bete duten esker oneko musikazaleek hala eskatuta. Mila bat lagun pasatxo horiei begira daude musikariak, zutik, berotasun horri begirada edo irribarre xalo bete batekin erantzuten.
Jo dute Jesus Guridi eta Georges Bizet konpositoreen obra bana, eta Luis Fernando Perez piano jotzaile bakarlariari behar zuen giroa pizten lagundu diote Manuel de Fallaren Noches en los jardines de España interpretatzeko, eta Frantziako Mirare diskoetxerako zuzenean grabatzeko. Jaiki dira ikusleak eserlekutik, Michel Petuaud-Letang arkitektoak diseinatu eta joan den urtarrilean hirigunean inauguratutako auditoriumeko ateetatik hasi dira pixkanaka ateratzen, eta orduan bai, besarkada beteak, besarkada askatzaileak, eman dizkiote elkarri EOSeko musikariek. Arrakastatsua izan da, oso, EOSek nazioarteko beste orkestrekin (Orchestre National Bordeaux Aquitainerekin, kasu honetan) egiten duen truke politikaren barruko Bordeleko lehen kontzertua. Atzo iluntzean, beste emanaldi bat eman zuen bertan.
Arrakastatsua izan da, adibidez, behin kontzertua amaituta gizon bat hurbildu zaiolako Paco EOSeko maniobra buruari, agertokitik musikarien aulkiak kentzen ari denean, eta zera galdetu diolako: «Aurten ez al duzueAgur, jaunak jo behar?». Zuzendariak bis batekin nahikoa dela erabaki duela erantzun dio Pacok zaleari. Dena den, ez da ohikoa izaten orkestra batek propinazko beste pieza bat jotzea. EOSek Bizeten Carmen operaren obertura bizi eta zoragarria interpretatu du. Horrek berak esan nahi du, hain zuzen, zaleen txaloei eta bravo-ei kasu egin zaiela, eta bai zuzendaria eta baita musikariak ere gustura egon direla oholtzan.
Emanaldia bukatu denean, Rizziri nabari zaio nekatuta dagoela; halere, harrera atsegina egin die kazetariei jantzigelan. Txantxetan hasi da: «Ni izan naiz bi orduz auditoriumean zutik egon den pertsona bakarra!». Gaztelania eta italiera nahastuz mintzo da. Galesko National Operako zuzendaria izan zen 1994tik 2001era eta 2004tik 2007ra, eta, besteak beste, New Yorkeko Metropolitanen, Milango Scalan, Parisko Bastillan eta Londresko Covent Gardenen emanaldiak zuzendutakoa da. «Oso pozik nago. Bai, badakit beti esaten dela, baina benetan diot», adierazi du, hasteko. Auditoriumeko akustika gustatu zaio, eta orkestraren lana goratu du. «Ez da soilik kontuan hartu behar zuzendariak orkestrari ematen diona, orkestrak zuzendariari ematen dionak ere garrantzi handia dauka». Bapo afalduko duela argitu du, sofan eroso eserita dagoen bitartean. Kopenhagen beste musikari batzuk, beste orkestra bat zuzenduko du gaur iluntzean. Alde batetik bestera dabilenez, sasoiko egotea komeni zaiola nabarmendu du.
Baita EOSeko musikariei ere. Bezperan eta bi egun lehenago programa bera interpretatu dute Gasteizen eta Bilbon, denboraldiko 11. abonu programaren barruan. Bordelera autobusetan eta pare bat furgonetatan iritsi dira eguerdian, eta tarte labur batez atseden hartzeko aukera eduki dute. 18:00ak alderako, baina, haietako dezente sakabanatuta daude hoteleko harreran, auditoriumera joateko ordua heldu baitzaie. Izan dira harainoko bide labur antzekoa autobusean egiten dutenak, baina Rizzi eta Perez oinez abiatu dira Aitzol Iturriagagoitia biolin jotzaile eibartarrarekin batera —kontzertino gisa aritu da programazio honetan—, Bordelen, egun osoan bezala, euria ari duen arren.
Atzeko atetik sartu dira kontzertua egingo den tokira. Labirinto baten modukoa da musikazaleek beren aulkietatik ikusten ez duten auditoriumeko zatia. Korridore bat, beste bat, ateak ezker eta eskuin... Agertokira heldu aurretik, gela handi bat dago. Han daude, nahiko ordenatuta, instrumentu handienen kaxak, eta baita musikariek emanaldian jantziko dituzten soineko eta frakak ere, esekitokietan zintzilikatuta.
«Rock-and-rolla dirudi!»
Atea ireki, eta musikariak, ia den-denak, entseatzen ari dira. Laurogei pasatxo hogei bat instrumentu jotzen. Herenak Euskal Herrikoak dira, beste asko Espainiakoak, eta gainontzekok munduko bazter guztietakoak, baina gehienak, Frantziakoak. Haien adin tartea ere zabala da oso; badira hasiberriak eta erretiratzeko gertu daudenak. Afinatzen, desafinatzen, baxuago edo altuago jotzen ari dira; zaraten anabasa bat sortzen, finean.
Ordu erdi batez aritu dira entseatzen. 19:20rako jendea auditoriumean sartzen hasi da, eta musikariek zaleei ikusezin zaien gunera jo dute atzera, arropak aldatzera. Pixkat bat geroago dotore atera dira den-denak. Hasteko prest daude. Irten da Rizzi. Txaloak, lehen notak. Jesus Guridi donostiarraren Aventura de Don Quijote ukitu folklorikoko obrarekin hasi dute kontzertua. Gero heldu da Fallarena. Auditoriumeko bozgorailuetatik «erabateko isiltasuna» eskatu dute, lan hori grabatu egin behar delako. Perezek, piezaren interpretazio birtuoso eta flamenkoak bildutakoak txunditu ditu, eta, esker onez, beste bi lan interpretatu ditu piano jotzaileak: Fallaren beraren Danza del molinero, zeina pianistek askotan jotzen duten, eta Carlos Guastavino argentinarraren Bailecito.
Atsedenaldia etorri da gero, eta musikariak berriro agertokira azaldu direnean, Bizeten L'Arlésienne 2. Suitea lau mugimenduko obrari heldu diote. Hirugarrenaren amaiera bortitza izan da, bizia, eta ikusle batek zera adierazi du, hunkituta bezain harrituta: «Rock-and-rolla dirudi eta!». Aditu batek erantzun dio Rizziren zuzentzeko modua «adierazkorra, histrionikoa» dela, «oso latinoa»
Carmen-ek,eraman du puntara gorako joera nabarmena izan duen kontzertua. Gero etorri dira zuzendariaren joan-etorriak, zaleen txalo zaparrada etengabea, musikarien esker oneko begiradak, irribarreak, eta beraien arteko besarkada askatzaileak.
Besarkada askatzaileak
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertu arrakastatsua eman du Bordelen Carlo Rizzik gidatuta, beste orkestrekin egiten duen truke politikaren barruko emanaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu