Besarkada Juan Ortegari

Eibarko jardunaldien sustatzaileak jasoko du Euskal Aktoreen Batasunaren saria, bihar, Bilbon

Juan Ortega, atzo, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Eibarko (Gipuzkoa) Antzerki Jardunaldien sustatzaile Juan Ortegak (Albacete, Espainia, 1943) jasoko du Euskal Aktoreen Batasunaren Besarkada saria, «euskal antzerkia zabaltzeko eginiko lanagatik». Bihar egingo dute Ortega omentzeko ekitaldia, Bilboko Campos antzokian, 20:00etan.

Arte eszenikoen sektoreko lankideen partez jasoko duen besarkadak «poz handia» eragiten diola esan du Ortegak, baina bera «lan talde baten aurpegia» baino ez dela nabarmendu du. «Taldea osatzen dute, besteak beste, Manolo Murillok, Arantza Rodriguezek, Juan Luis Vazquez Fraguasek, Richard Martinek...».

Valentziako (Herrialde Katalanak) Medikuntza eta Fisioterapia Fakultatean ikasi ostean, Eibarko Unibertsitate Laboraleko Antzerki Saileko gidaritza hartu zuen, 1968-69ko ikasturtean. Eta orduan sortu zuen, unibertsitateko ikasleekin, Narruzko Zezen antzerki taldea. Talde horrek antolatzen ditu Eibarko Antzerki Jardunaldiak duela 37 urtetik. Eta Ortega oso kontent agertu da, «Euskadiko eta Espainiako sona handiko taldeak igaro direlako bertatik, hala nola Antzerkiola Imaginarioa, Markeliñe, Tabano eta Ditirambo».

Lehen urratsak Eibarren egin zituzten aktoreen eta profesionalen artean, «Imanol Arias delako bat, Iñaki Miramon eta Madrilgo Teatro de La Abadia konpainiako ekoizle Elena Martinez» ekarri ditu gogora Ortegak.

Narruzko Zezen taldeko zuzendari artistikoa izateaz gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako antzoki publikoen Sarea elkarteko Batzorde Artistikoko kide ere bada Ortega.

Bihar jasoko du Besarkada saria, Euskal Aktoreen Batasunak Campos antzokian antolatu duen festan. Carlos Panerak aurreratu du «jai berezia» izango dela. Maskaradak festarako espresuki sortutako lan bat emango du, eta «ezustekoak» ere izango dira. Madrilgo enpresa batek aktoreak hautatzeko proba bat egingo du arratsaldean Camposen bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.