Beste aukera bat zinemari

Jerusalemgo Al Quds zinema aretoa zabaldu dute berriz ere, 25 urtez itxita egon ostean. Palestinako ondare artistikoa suspertu nahi dute haren bidez, erresistentzia politikoa ahaztu gabe.

Jerusalemgo Al Quds zinema, haurrentzako emanaldi batean. YABOUS.
Ane irazabal
Jerusalem
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alde zaharreko harresitik gertu dago Jerusalemgo Al Quds zinema aretoa. Kultura usaina du. Egoitzak Palestinako Majmud Darwish poetaren omenezko margolan batekin agurtzen ditu bisitariak. Ondoan, zinema areto zaharra gogoratzen duten makinak pausatu dituzte, historia eta oraina bat eginez.

«Eraman iragana antigoaleko gauzen merkatura, eta itzuli hezurdura biharrera, portzelanazko plater batean. Zuei gustatzen ez zaizuena daukagu: etorkizuna (...)», dio Darwishen Hitz iheskorren arteko bidaiaria poemak. Esperantza hori bere egiten du Yabous kultura etxearen filosofiak. Eta horren adierazle da Al Quds zinema zaharberritua.

«Ekialdeko Jerusalemgo zinema areto bakarra da, gure harribitxia», adierazi du Rania Elias zinemagileak eta zinemako zuzendariak. Ia hiru hamarkadetako hutsune kulturalaren ostean, beste behin palestinarrek zinemaz gozatzeko aukera dute gainontzeko adierazpen artistikoak ere batzen dituen etxean.

Al Quds zinema aretoa (Jerusalem, arabieraz) 1950eko hamarkadan ireki zuten, Ekialdeko Jerusalemgo kultura gune nagusi gisa. 1987an, ordea, lehen Intifadak eztanda egin bezain laster, zinemaren arduradunek tokia ixtea erabaki zuten. Israelek inposaturiko gaueko etxeratze agindua izan zen arrazoi nagusia. «Hutsik geratu ziren kaleak. Zinemara joatea ez zen aukera bat palestinarrentzat», gogoratu du Eliasek.

Baina, bigarren Intifadaren ondotik, hiriko kultura pizteko beharra ikusi zuen hiritar talde batek. Eraispenetik babesteko, zinema zaharra zaharberritzea izan zen abiapuntua. Kultura etxe berrian txertatzeko ideia etorri zitzaien gero. Eliasentzat argia da Yabousen helburua: «Kulturan aritzen diren profesionalentzako toki bat izatea, lan profesionalak erakusteko».

Erakusleiho eta sormen iturri

Kalitatearen eta merkatuaren arteko oreka du ardatz Al Quds zinemak. Herrialde arabiarretako zein mundu zabaleko film independenteak erakusteare- kin batera, hezkuntza oinarri duten gaztetxoentzako pelikulak dira ikusgai. «Palestinako zinema ahaztu gabe, noski. Gure industria indartu nahi dugu, eskualdean merezi duen zeregina bete dezan», nabarmendu du Eliasek.

Edonola ere, Yabousek ez dio bizkarra ematen Hollywoodi. «Zinema egunero zabaltzea da gure ideia, eta, horretarako, beharrezkoa zaigu film komertzialak ere erakustea». Banatzaileekin eta ekoizleekin akordioak egitea, baina, ez omen da lan makala izan. Baimen guztiak izateko Israelgo makineria politikoa onartu eta burokrazia jarraitu behar izan dute. Palestinarrak izanda, Elias ziur dago denbora aurka eduki dutela.

Egoitza eraberrituak gazteengana bideratu nahi du pizkunde kulturalaren erantzukizuna. Eliasen ustez, estereotipoz beterik dago gizarte palestinarra eta hari beste ikuskera bat emateko sortzaileak dira haurrak eta nerabeak. Estereotipo horien erantzule nagusitzat jotzen du okupazioak ekarri duen itxiera fisiko zein mentala: «Hiria guztiz banatuta dago, eta gazteek ez dute mugitzeko askatasunik; ez daude gainontzeko mundura zabalik. Zirkulu itxi horrek era itxian pentsatzera bultzatzen ditu».

Palestinan ezinezkoa da politika eta kultura bereiztea. «Gatazkaren lurrin garratza arnasten dugu egunero. Beraz, film bat egitean politika da beti ardatza», adierazi du Eliasek. Kultura eta askatasuna ez dira bikote Jerusalemen.

Baina estereotipoak apurtzeko bidean, kultura garatzeko giro egokia eskaini nahi du Yabousek. Hori dela eta, hiru urteko epea duten tailerrak hasi dituzte gazteekin, batez ere film laburrak, dantza, antzerkia eta gorputzaren adierazpena lantzeko. Elias, ordea, ez da inozoa: «Denbora beharko da gazteekin kultura askearen ideia garatzeko, egoera orokorrak okerrera egin baitu azken hamar urteetan».

Artea eta erresistentzia

Kultura eta hezkuntza ardatz dituen indarkeriarik gabeko erresistentzian sinesten du Eliasek. «Gure nortasun kulturala babestu behar dugu, gure lurraldean jarraitzeko. Okupazioaren aurrean eusteko beharrezkoa den energia transmititu nahi diegu Ekialdeko Jerusalemgo hiritarrei».

Nortasun kulturala atxikitzeko lanean, Palestinako eta mundu arabiarreko kultura garaikidea hezurmamitu zuten pertsonaiei egiten die keinu Yabousek. Literatura, musika eta politika, hiru pertsonaia handiren eskuetan. Honela, Majmud Darwish deituriko literatura ekitaldien bidez, Palestinako poeta ezagunarengana erakarri nahi dute publikoa. Kafetegiak Fayruz abeslariaren izena eta doinuak daramatza. Hall nagusia, berriz, Faisal Husseini politikari zenduari eskaini diote. Eliasek argi dauka arrazoia: «Zinema honek asko zor dio Husseiniri. Izan ere, tokia itxi ostean berak alokatu zuen, eta etorkizunerako babestu».

Eliasen iritziz, hiru pertsonaia horiek Palestinako goi mailako kultura sortzen lagundu zuten eta ondoren datozenentzat inspirazio izan behar dute: «Hurrengo belaunaldiak haiek utzitako ondarean hezi behar dira, azken finean kalitatezko artea sortzea eta erakustea baita gure asmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.