Zinema

Beste film batzuk

2014ko martxoaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'Pelo Malo'

Zuzendaria: Mariana Rondon. Aktoreak: Samuel Lange Zambrano, Samantha Castillo, Beto Benites, Nelly Ramos, Maria Emilia Sulbaran. Herrialdea: Venezuela. Urtea: 2013. Iraupena: 93 minutu.

Iazko Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra eskuratu zuen Mariana Rondonen drama honek. Neorrealismoaren oinarrietara itzuli nahi izan du Venezuelako ekoizpenak, eguneroko gertakizun txiki batetik gizarte oso baten erretratu bat eginez. Junior ile kizkurra duen 9 urteko mutiko bat da. Eskolako urtekarirako argazki bat egin behar diote, eta, horretarako, ilea lisatu nahiko du Juniorrek. Amak, ordea, ez du horrelakorik nahi, eta, hortaz, Juniorren nahiak bien arteko liskarra sorraraziko du. Gertaera horren atzean, sentimenduak adierazteko ezintasun handia dago.

'8 apellidos vascos'

Zuzendaria: Emilio Martinez-Lazaro. Aktoreak: Clara Lago, Dani Rovira, Carmen Machi, Karra Elejalde, Alfonso Sanchez, Alberto Lopez. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2014. Iraupena: 92 min.

Euskaldunok komediarako lehengai gisa erabiliko gaitu Espainiako pelikula honek, Borja Kobeagak idatzi duen gidoiari jarraikiz. Rafa Sevillako señorito bat da, eta beti izan du eskura nahi duen guztia. Euskal gazte batekin maiteminduko da, eta Euskal Herrira eginen du haren atzetik. Kosta ahala kosta, Amaiarekin harremana hasi nahi du, eta, horretarako, euskal izaera bereganatuko du: Antxon izena hartuko du, eta zortzi euskal abizen erantsiko dizkio: Urdangarin, Argiñano, Otegi, Erentxun... Arrakasta handia izan ohi dute Martinez-Lazaroren komediek, eta, honekin, bide beretik segitu nahi du.

'La belle et la bête'

Zuzendaria: Christophe Gans. Aktoreak: Lea Seydoux, Vincent Cassel, Andre Dussollier, Eduardo Noriega, Audrey Lamy, Myriam Charleins, Sara Giraudeau. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2014. Iraupena: 112 minutu.

Gabrielle-Suzanne Barbot de Villeneuveren istorio klasikoaren moldaketa berri bat egin du Christophe Gansek, ohiko narrazioari kutsu magikoago eta helduago bat eman nahian. 1810. urtean gertatuko den naufragio baten ondorioz, merkatari batek landa eremuan bilatuko du babesa, bere sei seme-alabekin. Horien artean Bella dago, edertasun handiko gazte bat. Merkatariak piztiaren lurralde magikoa aurkituko du, eta han lapurtzen saiatuko da. Piztiak heriotza zigorra ezarriko dio, eta, aitaren salbazioa lortzeko, Bellak bere burua aurkeztuko du haren gaztelura bizitzera joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.