Zinema. Estreinaldiak

Beste film batzuk

2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'The Paperboy'

Zuzendaria: Lee Daniels. Aktoreak: Zac Efron, Matthew McConaughey, Nicole Kidman, John Cusack, David Oyelowo, Scott Glenn, Ned Bellamy. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 107 minutu.

Orain hiru urte Precious film sasi-independentea egin zuen Lee Daniels zuzendariak, eta horrekin ustekabeko arrakasta lortu zuen. Sundanceko zinemaldian saritu zuten pelikula, eta hortik aurrera ibilbide komertzial arrakastatsua egin zuen. The Paperboy-rekin itzuli da. Iazko Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuen pelikula. 60ko hamarkadan dago girotuta istorioa, AEBetako iparraldeko estatu batean. Kazetari bat bere sorterrira itzuliko da, hilketa bat ikertzeko asmoz. Gizon batek herriko sheriff-a hil omen du. Kasua argitzeko, anaiaren eta ustezko hiltzailearekin maitemindu den emakume misteriotsu baten laguntza izanen du. Peter Dexter idazlearen eleberri batean dago oinarrituta The Paperboy.

'Jack the Giant Slayer'

Zuzendaria: Bryan Singer. Aktoreak: Nicholas Hoult, Ewan McGregor, Bill Nighy, Ian McShane, Stanley Tucci, Eddie Marsan, Warwick Davis, Eleanor Tomlinson, John Kassir. Herrialdea: AEB. Urtea: 2013. Iraupena: 114 minutu.

X-men frankizia berriro hartu aurretik —hurrengo urtean da egitekoa X-Men: Days of Future Past—, Bryan Singer zuzendari estatubatuarrak Hans Christian Andersenen narrazio klasiko baten moldaketari ekin dio. Fantasiazko generoko pelikula da Jack the Giant Slayer. Erraldoiak eta gizakiak bakean bizi izan dira urte luzetan, harik eta erraldoiek printzesa bat bahituko duten arte. Horren aurrean, gizakiek hura erreskatatzea erabakiko dute, eta zeregin horretan Jack nekazari ausartak hartuko du gidaritza. Filmari distira handiago eman nahian, hainbat aktore ezagun izan ditu bere agindupean Syngerek; hala nola Ewan McGregor eta Ian McShane.

'Spring Breakers'

Zuzendaria: Harmony Korine. Aktoreak: Selena Gomez, Vanessa Hudgens, Rachel Korine, Ashley Benson, James Franco, Heather Morris, Emma Holzer. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 92 min.

Ikusi dutenen artean eztabaida interesgarria sortu du pelikula honek. Hainbatentzat, ez hanka eta ez bururik ez duen zozokeria da; beste batzuentzat, berriz, komediaren mozorropean ironia handia ezkutatzen duen filma da. Lehen itxuran, bederen, nerabeen kontsumo azkarrerako film horietako bat dirudi Harmony Korinek idatzi eta zuzendu duenak. Lau ikasle atxilotuko dituzte haien udaberriko oporraldian, drogekin trafikatu izana leporatuta. Hala ere, laster batean utziko dute espetxea lau ikasleek, droga eta arma trafikante baten laguntzari esker. Izan ere, horrek etorkizun handiko gaizkileak izaten ahal direla uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.