Zirkulu bat itxi zen herenegun gauez Oscar sarien historian. 1929ko estreinako aldian Wings lan mutuarentzat izan zen film onenaren saria. Hainbeste urte igaro ondoren, aurten berriz ere The Artist film mutua izan da saritua eta garaile nagusia. Film onenaren sariaz gain, zuzendari onenarena (Michel Hazanavicius), gizonezko aktore onenarena (Jean Dujardin), musika onenarena eta jantzitegi onenarena eskuratu ditu.
Nostalgiari eta garai bateko zinemari begira egindako sari banaketa izan zen Billy Cristal beteranoak gidaturikoa. Crystal bera da Oscar sarien banaketa ekitaldia sarrien aurkeztu duena. Sarituen artean Meryl Streep eta Christopher Plummer egoteak ere eman diote ukitu klasikoa edo atzera begirakoa Hollywoodeko industriaren festari. 30 urte eta gero berriro igo zen emakumezko aktore onenaren saria jasotzera Streep laudatua. Sophies' Choice filmean egindako lanarengatik irabazi zuen orduko hartan. The Iron Lady filmean Margarat Thatcherren rolean egindako lan apartarengatik jaso du bere hirugarren saria, 17 aldiz hautagaien artean izendaturik egon ostean. «Irudika dezaket Ameriketako Estatu Batuetako jende guztia esanez 'O, ez, berriro bera», egin zuen txantxa Streepek saria jasotzerakoan. Ondoren senarrari eskaini zion saria.
Christopher Plummer aktore dotoreak Jessica Tandi ordezkatu du saria lortu duen aktore edadetuenaren lekuan. 82 urte dituela jaso du bigarren mailako aktore onenaren saria Begginners filmean egindako lanarengatik. Emazteari eskaini zion saria: «Nobel saria merezi du, egunero ni salbatzeagatik».
The Artist-ek hainbat ezohiko ezaugarri betetzen ditu, eta hainbat marka ezarri ditu Oscar sarien historian. Film frantsesa da, zuri-beltzean filmatua eta mutua. Mutu izanik saria lortu duen bigarren lana da, eta ingelesez besteko hizkuntza batean filmatua izan den aurrena. Frantsesez filmaturiko lana da, baina Hollywooden filmatu zuten oso-osorik. Zinema mutuari gorazarre egiten dio Michel Hazanaviciusen filmak. Zinema mututik zinema hosdunerako igarobidean bi aktorek bizi duten aurkako prozesua kontatzen du. Hazanaviciusek bere seme-alabak lotara bidaltzeaz bat —Frantzian goizeko seiak ziren— Billy Wilderri eskaini eta eskertu zion saria, hirutan.
The Artist-ek bezala, Martin Scorseseren Hugo-k ere zinemaren hastapen garaietara begiratzen du. 3áD-n grabaturiko filmak George Melies zinema aitzindariari egiten dio omenaldi modukoa. Scorseseren filmak ere bost sari eskuratu ditu, The Artist-ek bezala, baina arlo teknikokoak guztiak ere: argazkilaritza onena, zuzendaritza artistiko onena, soinu edizio onena, soinu nahasketa onena eta efektu bisual onenak.
Alberto Iglesias musikari donostiarra soinu banda onenaren saria irabazteko hautagaien artean zegoen, Pedro Almodovarren La piel que habito filmean egindako lanarengatik, baina saririk gabe geratu da, hura ere The Artist-ek eskuratu baitu.
Beste garai bateko sarituak
Zinema mutuari omenaldia egiten dion 'The Artist'-ek bost Oscar sari eskuratu ditu, film eta zuzendari onenarenak tarteanAlberto Iglesias donostiarra saririk gabe geratu da soinu banda onenaren arloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu