Beste sari bat gehitu dio katebegiari

Valentin J. Diment zuzendari argentinarraren 'El eslabón podrido' lan luzeak jaso du Bilboko Fant zinema jaialdiko sari nagusia

El eslabón podrido filmaren irudi bat. BERRIA.
Inigo Astiz
2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bazituen batzuk aurrez, eta beste galoi bat izango du aurrerantzean Valentin J. Diment zinemagile argentinarraren El eslabón podrido filmak (Katebegi ustela). Izan ere, lan hori izan da aurten Bilboko Fant Zinemaldi Fantastikoko sail ofizialeko pelikularik onena, epaimahaikideen ustez. Cannes zinema jaialdirako hautatuta zegoen, eta Film 4 Frightfest jaialdian emana zuten aurrez; Sitges jaialditik publikoaren saria jasota eta Catacumba jaialdiko film onenaren garaikurrarekin heldu zen Bilbora. Eta Fanteko galoia gehitu orain zerrendari. «Esperientzia ahaztezina» da lana, epaimahaiaren ustez, eta «bat-batean tonu batetik erabat desberdina eta zitala den beste tonu batera igarotzeko duen gaitasuna» azpimarratu diote. Maiatzaren 19an Golem Alondegia aretoan emango dute berriz lana, 20:00etan.

Ez da bakarrik heldu saria. Antolatzaileen hitzetan, fantasiaren alorrean Argentinako zinemak gorakada nabarmena izan du azken urteetan, eta maila on horren ikur da Dimenten lana. Argentinako herrixka bateko biztanleen gorabehera trafikoak kontatzen ditu filmak. Eta, hain zuzen ere, bizitza horien alderik «bitxienak» eta aldi berean «bikainenak» hautatu ditu zuzendariak pelikula osatzeko, epaimahaiko kideen hitzetan. Errealismo magikoa eta mendeku istorio bat uztartzen ditu filmak, eta, hain zuzen ere, uztarketa hori egiteko erabilitakomodua ere nabarmendu dute adituek. «Ehundura asko ditu».

Film laburren kasuan, Carolina Markowicz eta Fernanda Salloum zuzendarien Edificio Tatuapé Mahal lana saritu dute. Animazioa eta plastilinazko iruditxoak erabili dituzte filmean, eta, epaimahaiaren arabera, «modu basatian bitxia den familiako munduan murgiltzen du» ikuslea, «nortasuna, aldakortasuna eta existentzialismoa kontzeptuak nahastuz, ia umeena dirudien xumetasun baten bitartez».

Euskal Film Labur Hoberenaren Epaimahaiaren Saria George Todriaren Lost Village-ri ematea erabaki du epaimahaiak. «Zinemako poema bat» da filma, haren ustez, ikus-entzulea «emozioak astintzen dituen ondorio suntsitzailea sortzeko nahita egituratutako bere premisan» sartzen duena.

Ikus-entzuleen saria, berriz, Oscar Bernacerren Apolo 81 film laburrak jaso du (Espainia, 2015).

Sari berriak

Aurten, lehendabiziko aldiz, diru aitorpenik gabeko bi sari banatu dituzte Panorama Fantastikoa sailean: film luze onena eta film labur onena. Lehenengoa Andre Cruzen L'altra frontera filmarentzat (Espainia, Lituania, 2014) izan da; bigarrena, Gigi Saul Gerreroren Madre de Dios lanarentzat (Kanada, 2015). Phone Fantastikoa film labur onenaren saria —sakelako telefonoz grabatutako lanak jasotzen ditu— Aritz ETren Latas lanak irabazi du. Sari horiek banatu dituen epaimahaia Norma Vila argazki zuzendariak, Miguel A. Refoyo kritikari eta gidoilariak eta Howard Gorman itzultzaile eta zinema kazetariak osatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.