Iñaki Alberdi. Akordeoi jotzailea

«Besteen menpe egoteak nire arnasa mozten du»

Sofia Gubaidulina musikagilearen lau obra interpretatu ditu 'Kadenza' diskoan. EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Asier Polo biolontxelo jotzailea izan ditu lagun.

Maite Alustiza.
Donostia
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Iaz ezagutu zuten elkar Sofia Gubaidulina musikagileak (Txistopol, Errusia, 1931) eta Iñaki Alberdi akordeoi jotzaileak (Irun, Gipuzkoa, 1973), Donostiako Musika Hamabostaldian. Musikagileak etxera gonbidatu zuen Alberdi, eta elkartze hartatik sortu zen Kadenza obra. Akordeoirako pieza bat da, Alberdik Gubaidulinaren hainbat kadentziaren zatiak landuz sortu duena. Obra hori eta musikagilearen beste hiru bildu dituzte orain Kadenza diskoan (Et'cetera). Alberdirekin batera, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hainbat musikarik eta Asier Polo biolontxelo jotzaileak partu hartu dute.

Nola egiten du musikariak musikagileak transmititu nahi duena transmititzeko?

Interpretatzailea eta musikagilea ondo konpontzea da gakoa. Inoiz ez da erraza gure sentimenduak ateratzea, baina konfiantza izanez gero, bide beretik joango dira gauzak. Gubaidulina eta biok bide berean gaudela uste dut.

Zein bide da hori?

Sentimendua da bidea. Musika egiteko orduan, batzuek ideiak dituzte buruan, beste batzuek kontzeptuak, eta besteek sentimenduak.

Zer egin zaizu zailena haren obrak interpretatzeko orduan?

Konplikatuena oreka aurkitzea da. Gubaidulinak elementu gutxirekin asko esaten du, baina ez gehiegi. Musikariok ulertu behar dugu haren obra ez dela ez dakit zer gauzaren inguruan pentsarazteko, musika bakarrik da. Baina musika horrek zerbait berezia dauka, musikariarengana ez ezik, entzulearengana ere heltzen delako. Jendeak zerbait sentitzen du. Mezua ulertzen dute? Ez dakit, baina sentitzen dute. Musika margolan bat bezala da. Agian, Kandinski gustatzen zaizu eta ez duzu ulertzen, baina gustatzen zaizu, koloreengatik, paisaiengatik edo beste zerbaitengatik.

Zer izan da zuretzat harekin lan egitea?

Gaur egungo panoraman gehien nabarmentzen den musikagilea da, dudarik gabe. Plazer handia izan da grabaketak egiten genituen bitartean gurekin izatea, gozatzen ikustea, eta bereziki berak musika haztatzen duen moduan haztatu ahal izatea. Gubaidulina zer-nolako musikariekin aritzen den ikusi, eta haren ahotik entzutea musika egiteko nire modua gustatzen zaiola, izugarria da.

Diskoko lau obretatik, Kadenza duzu kutunena?

Oso berezia da niretzat. Gubaidulinaren beste pieza batzuetatik dator, baina nire proposamena izan zen. Niri egiten utzi zidan. Kadenza inflexio puntu bat izan da nire bidean. Orain arte, idatzi musikariek idazten zuten, etanik hura jotzen nuen. Konturatu naiz konfiantza handiarekin hobeto ateratzen direla gauzak.

Nola ikusi duzu azken emaitza?

Grabatu ondoren neure burua entzun dezakedan lehen aldia da. Txorakeria dirudi, baina arraroa da musikari bat gustura sentitzea bere burua entzuten duenean. Musikaria eroso sentitzen da bere burua ezagutzen duenean, eta ni kasu honetan oso gustura sentitu naiz.

Egungo panoraman musikagile garrantzitsuenetako bat dela diozu. Ez al du parekorik?

Nik beste musikagile handi batekin konparatuko nuke, Dmitri Xostakovitxekin. Uste dut Xostakovitxek indarra daukala, ez arloespiritualaren bidetik, baizik eta Errusian duten errepresiotik, eta abarretik. Sofiak ere sentitu zuen errepresio hori. Biak erromantikoak dira, eta oso musika zuzena egiten dute. Oso antzekoak dira; mintzairan ez, baina bai sentimenduan.

EOSekin zuzendari gisa aritu zara lehenengoz. Nola ikusi duzu zeure burua?

Pixka bat arraro. Beti egon naiz zuzendariarengandik hurbil, eta zuzentzen batzuetan. Baina nire lehen aldia zen EOSekin. Orkestra txikiarekin lan egin dut, baina oso polita izan da. Uste dut nahiko lasai sentitu direla musika egiten, eta hori garrantzitsua da.

Musikari gisa, nola sentitzen zara erosoago, bakarka edo orkestran?

Bakarrik jotzen erosoago nago beti, edo orkestrarekin bada, bakarlari gisa. Besteen menpe egoteak nire arnasa mozten du, nire ahalmena, nire bidea. Denak elkarrekin joatea gustatzen zait, eta jendeak ondo pasatzea. Baina ez da erraza hori lortzen.

Duela urte batzuk ez bezala, akordeoia gero eta gehiago ari da sartzen orkestraren barruan.

Hemen ez dago tradiziorik orkestren arloan, baina iritsiko da. Dena den, askotan ez da behar tradiziorik, gustatzearekin nahikoa da. Gaur egun, proposamen berriak, desberdinak eta kalitate handikoak behar ditugu. Ideia soinua jotzea eta jendea harrapatzea da. Harrapatzen bazaitu, berdin du soinua edo tronboia izan.

Irakasle zaren aldetik, nondik bideratzen dituzu ikasleak?

Ikasleari nahi duena egiten utzi behar zaio, jotzeak dibertigarria izan behar du. Batzuek badakite zer nahi duten egin, beste batzuek pentsatzen dute badakitela, baina laguntza behar dute. Eta badaude musika egiten dutenak baina egin nahi ez dutenak. Oso onak ez direnak ere izaten dira, baina bizitzeko musika behar dutenak. Niretzat, irakasteamusika erabiltzea da, pertsona zoriontsuago izan dadin. Pieza batzuk jo behar dira, bai, baina ez behin eta berriz. Zailena norberaren proposamena benetakoa izatea da, naturala. Azkenean, ikasi nahi duzuna geratzen zaizu buruan, ez irakasten dizutena.

Halako askatasuna izan zenuen zukikasten ari zinenean?

Ez, eta, agian, horregatik pentsatzen dut orain horrela. Familian aitonak jotzen zuen akordeoia, baina niri ez zidan kasurik egiten. Hamahiru urterekin irakasle txar bat izan nuen, eta uztea erabaki nuen. Hamalaurekin beste irakasle batek motibazio handia eman zidan; orduan jarri nintzen lanean. Hortik aurrera, bide asko hartu nituen, eta orain arte ikasi dut garrantzitsuena naturala izatea dela. Zerbait egin behar delako egiten baduzu, ez da ateratzen.

Musikene musika ikastegiko irakasle zabiltza. Nolako egoera duzue zentroan?

Oso ona, gauzak asko aldatu dira azken urtean. Uste dut garai zaila dela denontzat, eta beti izan dira. Musikariek beti izan ditugu zailtasunak. Hori badakigu, eta erantzukizun handia daukagu. Orain Musikeneren barruan badaukagu hori ulertzen duen jendea, eta dena gure ikasleen alde eta musikaren alde egiten ari garela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.