Besteren sustraietan norbera

Txinako herri musika oinarri hartu, eta euskarazko kantak egin dituzte Beñat Fuentesek eta Brendan Donnellyk

Inigo Astiz
2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txinan zeuden, baina ez ziren Txinan sentitzen. Ez erabat, behintzat. «Bertako musikari buruzko jakin-min itzela genuen. Liburuetan begiratzen genuen, baina informazio eskasa topatzen genuen. Musika tresnak nola jotzen ziren jakin nahi genuen, baina gidaliburu orokorrak baino ez genituen aurkitzen. Azkenean, bilketa lanarekin gu geu hastea erabaki genuen. Aspaldi egiten zen eran jo genuen erroetara, eta herriz herri joan gara horretarako». Txinatik Txinara. Horregatik hartu zituzten grabagailuak soinean Beñat Fuentes gitarra jotzaile mungiarrak eta Brendan Donnelly gitarra jotzaile irlandarrak, eta horregatik jo zuten Zhejiang ingurura. Herri kantak biltzen eman zuten 2012a, eta jasotako material hori oinarri hartuta, hamalau kanta propioko disko bat kaleratu dute orain: Te-uhinak (Gaztelupeko Hotsak). Euskaraz. Aitortzen dute musikariek: beren sustraiekin egin dute topo besterenak aztertzen.

180 graduko bira ekarri du proiektuak musikarien ibilbidean. Pop eta rock taldeetan aritzen ziren biak. Biak gitarra jotzaile. Baina aldaketa beharrean ziren biak, eta horregatik erabaki zuten aldatzea. The Tree izeneko taldekoa zen, esaterako, Fuentes. Bazuen arrakasta. Bazituen kontzertuak. Eta bazeukan bideratuta bizimodua. Baina kito. Ordenagailu bidez, Txinatik bertatik kontatu du Fuentesek aldaketa: «Txinan geunden, baina Mendebaldeko musika egiten genuen, eta bagenuen gogoa bertako kultura ezagutzeko. Baita liburuetan ez dagoena ere. Musika tresna zaharrak. Kanta molde zaharrak... Eta orduan elkartu ginen. Hasi ginen Irlandako kulturaz berbetan, Euskal Herrikoaz, eta gertu sentitu genuen elkar». Eta hala heldu ziren landa grabazioak egitera.

Bazterrean utzitako ospea

Musikaren dirdira atzean utzi behar izan zuen horretarako mungiarrak. Baztertu egin zituen bira handiak. Baztertu jendetza biltzen zuten kontzertuak. Baztertu The Tree taldearekin lortutako guztia. Baztertu musikari bizitza osoa. «Hegazkina hartzen nuen egunero. Hiri batera heldu soinu probak egin, kontzertua eman, hegazkina hartu, beste hiri batera heldu, soinu probak egin... Benetako bira bat zen. Txinako birak oso handiak dira! Baina hura ezagutzean, ohartu nintzen ez zela hori gehien gustatzen zitzaidana». Baztertu egin zuen hori guztia; hain zuzen ere, musika sortu nahi zuelako. Eta hortik Zhejiang inguruko herrixketara.

John eta Alan Lomax etnomusikologo eta folklore biltzaile ezagunak aipatzen dituzte erreferentetzat Fuentesek eta Donnellyk. Haien espiritua izan dute gogoan. Izan ere, munduaren ertz batetik bestera ibili ziren lomaxtarrak, grabagailua soinean, herri folklorea erregistratzen. Ibili ziren AEBetako beltzen musika grabatzen, ibili ziren Europako txokorik txoko kantak biltzen, eta ibili ziren Euskal Herrian bertan ere. Eta asmo berak bultzatu ditu Donnelly eta Fuentes Zhejiang inguruko herrixketara. Grabagailua soinean haiek ere. China Field Reccordings izendatu zuten proiektua, eta kaleratuak dituzte bertan bildutako asko aldizkari espezializatuetan ere. Eta bilketa lan horren osteko sorkuntza lana da orain kaleratu dutena.

Hemen eta han izeneko abestiak laburbil dezake diskoaren funtsa. Lasaia da musika. Txinako grabazioetan bildutako hotsak aditzen dira atzealdean, eta esaldi bakarra du leloak, Fuentesen herriko hizkeran: «6.000 kilometro/, soka bardinekaz baina/, ez dau berdin sonetan/ hemen ta han». Eta lelo horrek laburbil dezake disko osoaren ideia. Uztarketa saio horrek. Mantendu egiten baita asmo hori disko osoan, bai kantatutako piezetan, eta baita pieza instrumentaletan ere. Nahasi egiten dira gitarrak eta Txinako tresnak. Nahasi doinuak eta nahasi hizkuntzak. Nahasi sustraiak.

Haustura eta aurkikuntza

Maritxu nora zoaz herri abestiaren bi hizkuntzako bertsioa da horren adibide. Eta baita Fuentesen aitonari egindako elkarrizketa eta Lao Wang musikariari egindako grabazioak batzen dituen abesti esperimentala ere. Elkarrizketa birtual moduko bat da. Txineraz ari da bata, euskaraz bestea, baina biak azokan zaldiak saltzen ibilitako garaiei buruz. Txinan bata, Euskal Herrian bestea. Elkarren inolako aditzerik gabe, eta, halere, batera.

«Brendanek eta nikgure aurreko bizitzarekin apurtu nahi genuen, eta horregatik hautatu genuen Txinara etortzea. Askotan hitz egiten dugu korrontearen aurka joateko beharraz. Bagenuen beharra gure kulturagaz apurtu eta kanpora joatekoa, baina behin hona helduta, beste era batera baloratu ditugu gure jaioterriko gauzak eta bertako kulturak». Argi, beraz: Txinan deskubritu du berriz Euskal Herria Fuentesek. Eta aurkikuntza bikoitz hori da diskoaren motorra.

Gustatu zaie esperimentua. Jarraitu nahi dute sortzen, eta jarraitu nahi dute landa grabazioak egiten ere. «Kolaboratzaile sare bat sortzea dugu buruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.