Betebehar bihurtutako desira

Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko erakusketa bat egin du Cristina Gutierrez Meursek. Bi urteko sormen prozesua izan da, eta egia eta justizia aldarrikatu nahi ditu artelanekin

Cristina Gutierrez Meurs artista eta idazlea, Durangoko Arte eta Historia Musesoan, Egiteke duguna erakusketako obra baten aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
iraia vieira gil
Durango
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Beste obra batzuekin batera, perlek apaintzen duten zirkulu bat jarri du Cristina Gutierrez Meurs artista eta idazleak (Madril, Espainia, 1966) Egiteke duguna erakusketaren hasieran. Bitxiek irudi polita ematen badute ere, espazio publikoaren eta pribatuaren banaketa irudikatzen du zirkuluak, eta urteetan emakumeen lekua zein izan den salatzen du. «Etxean bazterturik egon gara emakumeak, eta, gainera, fantasiaz mozorrotu digute errealitatea», azaldu du artistak. Espazio pribatutik atera ezin izanak emakumeen aurkako beste indarkeria batzuk ere sustatu dituela uste du, eta horiek salatzeko erabili du, hain zuzen, arte plastikoa. Martxoaren 19ra arte egongo da zabalik erakusketa, Durangoko (Bizkaia) Arte eta Historia Museoan. Gutierrezek berak artelanen nondik norakoak azaltzeko zenbait bisita gidatu eskainiko ditu.

Erakusketak azken bi urteetako lana biltzen du, baina gaiak aurretik piztu zuen artistaren interesa. «2012an jantzi nituen betaurreko moreak, Espainiako Gobernuak frankismo garaian egin zituenhaurren lapurreten biktima bat ezagutu nuenean zoriz». Etxeko posta jasotzera jaitsi zen atarira Gutierrez Meurs, eta ezagutzen ez zuen emakume bat topatu zuen bertan. «Beste garai batean eraikina amatasun klinika bat izan ote zen galdetu zidan, eta segidan aitortu zuen delitu horren biktima zela». Informazioa biltzeari ekin zion orduan, eta aurkitutakoak benetan harritu zuen: 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara arte haurren lapurreta ugari izan ziren. «Ezin nuen sinetsi milaka emakumeri hori egin zietenik, eta are gutxiago gezurrez eta iruzurrez baliatuta».

Ezagutu berri zuen errealitate latz horrek hainbat artelan sortzeko aitzakia eman zion, baina iruditu zitzaion ez zirela nahikoa emakumeek bizi izan zuten bortizkeria adierazteko. «Irudiak ez ziren nahikoa nik aldarrikatu nahi nuena kontatzeko, eta, azkenean, eleberri bat idaztea erabaki nuen». 2016an kaleratu zuen Lo que no me quisiste contar liburua (Kontatu nahi izan ez zenidana).

Feminizidioak

Oraingo proiektuan, haurren lapurreta salatzen duten artelanek hartu dute garrantzia. Erakusketa osatzen duten piezen artean, zuriz idatzitako inpunitate hitza biltzen duen marko bat dago. Bilboko kaleak seinalatzeko erabiltzen direnen antza du: urre kolorekoa kanpotik, urdina barrutik.«Ezin dugu egiaz, justiziaz eta erreparazioaz hitz egin delitu horri buruz ari garenean. Inpunitatea da erabili dezakegun termino bakarra». Hain zuzen ere, 2011. eta 2019. urteen artean, haurren lapurreten biktimen 2.000 ikerketa eskaera baino gehiago jaso zituzten Espainiako auzitegiek; lautik bakarra judizializatu zuten. Amnesty International erakundearen arabera, auzitara heldu ziren kasuak ere artxibatu egin dituzte.

Haurren lapurreta, baina, ez da emakumeek urteetan jasan behar izan duten indarkeria modu bakarra. «Muturreko indarkeriaren adibide da, bai, baina estereotipoek sortu dituzten beste asko ere badaude». Estereotipo horien irudikapena da, zehazki, erakusketan sartzean ikusleak ikusiko duen lehenengo obra. «Zirkulu bat da. Zapata txiki arrosa bat du barruan, eta zapata txiki urdin bat kanpoan». Emakumeei dagozkie arrosak; gizonei urdinak. «Amatasunaren irudia da. Norbanakoaren desira izan beharko luke amatasunak, baina betebehar eta ofizio bihurtzen du askotan gizarteak». Hainbesteraino, non emakumeei erasotzeko aitzakia ere baden: «Gure gorputzak kontrolatzen dituzte, seme-alabak lapurtzen dizkigute, eta, gainera, fisikoki, psikologikoki eta sexualki erasotzeko arrazoitzat daukate».

2016an, eleberria idatzi ostean, feminizidioen inguruko albisteei arreta jartzen hasi zitzaien. «Estatistika ofizialak begiratzeaz gain, hildako beste emakume batzuen kasuak ere aztertzen hasi nintzen». Prostitutenak edota erasotzailearekin maitasun harremanik ez zuten emakumeenak, kasurako —2022an hasi zen Espainiako Estatua azken horien hilketak feminizidiotzat hartzen—. «Ohartu nintzen kontatzen zigutenak ez zuela zerikusirik gertatzen ari zenarekin, eta hildako emakumeen izenak gorbatetan brodatzen hasi nintzen».

Gauzak ez dira asko aldatu ordutik hona, eta artistak uste du emakumeen aurkako indarkeria «gaitz sozial» oso zabaldua dela oraindik. BERRIAk egindako kontaketaren arabera, 117 emakume hil dituzte 2003az geroztik Euskal Herrian. Guztien izenak ez dira azaltzen Gutierrez Meursen gorbata horietan, baina badira batzuk behintzat.

Artistaren arabera, patriarkatuak emakumeengan izan duen eta oraindik ere baduen eragina salatzeko bidea da Egiteke duguna erakusketa, eta, alde horretatik, gorbatek garrantzia berezia dute Gutierrezen lanetan. «Gizonen boterea irudikatzen dute; boterea eta kontrola». Ez da osagarri horiek erabiltzen dituen lehen aldia: duela 21 urte Prestige ontzia hondoratu zenean ere, galipotez zikindu zituen batzuk. «Nire lana betidanik izan da aldarrikatzailea, baina orain dela hogei bat urte hasi zen moreagoa izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.