Anneliri iruditzen zitzaion Telmok ez zuela belaontzia sekula amaituko. Egurrari eitea ematen zion bitartean, tabernatik aparte mantentzen zen, gutxienez. Bi garagardo baino ez zituen hartzen lanetik irten eta portu zaharraren ondoko estalperako joan-etorrian: bi joaneran, beste hainbat itzulerakoan. Egun argiz, garagardo argia; ilundu bazuen, beltza. Nork bere era dauka naturarekin bat izan eta harremanetan sartzeko. Batzuetan, beretzat ez ziren egurrez kargatutako kamioiak pasatzen ziren errepide ondotik, eta enbor haietarik bere ontziaren popako gilaordea, zuakerrak edo karel-errematea egiteko egokiak zeintzuk ote liratekeen hausnartzen zuen Telmok, beste zenbaitek sekula biziko ez diren etxeetan zer konponketa egin amesten duten modu berean.
Annelik jada ez zion galdetzen noizko. Telmok ere ez zion galdetzen non. Non egoten ote zen bera egur-lanean zebilen bitartean.
Txirbilaren usaina gustatzen zitzaion Anneliri, eta Telmoren zapatetako zerrautsa tabernan ez beste edozein lekutan erantsitakoa izatearekin konformatzen zen, haren izerdia lekuko. Ariketa nork bere kasa egin eta elkarren izerdia usaindu. Bikote bizitza.
Telmok aroztegitxoa moldatu zuen estalpean, zerrategikoek utzi zioten zintazerra zahar eta guzti. Bere hatzetara eginak zeuden heldulekuak zituzten erremintak zeuzkan han, horma-erloju atzeratu bat zegoen, pattar marka baten izena leku seinalatuan zuena, eta denok erretzaile ginen garaian paretan itsatsitako debeku ohar zurbilkara, Realak 1981eko liga irabazi zueneko posterraren ondoan. Gainerako horma guztiak arkatzez egindako planoz josita zeuden. Anneliri, estalpean izan zen azken aldian, gilaren gainean elkarzut jarritako zuakerrak ikustean, bale ttipi baten hezurdura begitandu zitzaion belaontziaren egitura. Ebatzi zuen, inondik ere, ontzi hura orduantxe zegoela osatuen eta ederren, ez zela sekula bukatuago egongo. Hezur haiek itsuste prozesu baten hasiera baino ezin zitezkeela izan. Ontzi baten eskeletoa ezin duela krosko amaituak eta masteria osatuaren gorputzak hobetu. Horrek zer pentsa eman zion giza gorputzaren etorkizunaz. Eta baita hil ostean bere burua errautsarazteko hartuta zeukan erabakiaz ere.
Zapal samarra geratu zitzaion, baina gozoa. Telmok ez zeukan zertan hain zakar mintzatu:
—Zer da hau?
—Gaur zerbait berria egiten saiatu naiz.
—Ba ez zaizu atera.
Ez zen errua baina bazen, Sandrorekin egon ondoren bere senarrarentzat sukaldaritza errezeta berriak egitera eramaten zuena. Itsaskiz betetako bi krepe eta hiru souffle geroago jabetu zen bere burua gutxietsi eta Telmo iraintzeko modu bat baino ez zela hura, eta harrika bota zuen ustez-errazak-ziren-errezeten liburua.
Telmok gitarra erosi zuenetik, gero eta ordu gehiago ematen zituen estalpean. Gaizki jo eta okerrago abesten zuen, baina bost axola: nazkatuta zegoen abil zen gauzak egiteaz. Izatez, komeni zen argi ibiltzea ongi egiten zenituen gauza haiekin, arriskua baitzenuen zeure bizitza osoan besterik ez egiteko. Norentzat hasi zen belaontzia eraikitzen, funtsean? Beretzat, ala Annelirentzat? Bientzat, agian? Zergatik benetako belaontzi bat, zer erakutsi nahi zion eta nori? Zergatik ez ontzien maketekin konformatu, beste asko bezala?
Sandrok guardiaren aitzakiarekin astebete telefonoari erantzun gabe daraman gau batean, rooibos bat eskaini dio Annelik Telmori.
—Nola doa belaontzia?
—Orain belaontzia interesatzen al zaizu?
Patrikako telefonoarekin ateratako argazkiak erakutsi dizkio Telmok, gogo txarrez. Harritu egin da Anneli. Kroskoa amaituta dago. Ontzi-bizkarra ere bai.
—Oso aurreratua daukazu. Badauka izenik?
—Ez oraindik.
«Denbora izan duk, bada, pentsatzeko», otu zaio Anneliri, baina berdin otu dakioke Telmori, «Hik ere bai, galdetzeko». Kutxa batean gordeta, altzairu herdoilezinezko hainbat hizki zeuzkan molde bezala erabiltzeko, ez alfabeto osoa, ordea. «I» hizkia ez zeukan, esate baterako, baina «N» letraren makiletako batekin aise konpon zezakeen hori. Frogak ere egiten zituen lehen tarteka letra-zopa harekin. Kontua zen, behiala pentsatutako izenak ez zuela jada balio. Usteldu egiten dira ideiak garaiz gauzatu ezean. Irauten ikasi behar, usteldutako ideien orbeletik sortzen den ore horrek ito gabe. Eta hor onik ezer izan daitekeela sinetsi. Bada onik zerbait, agian.
Aspaldi ilundu du eta Telmok ez du edalontziko infusiorik dastatu.
—Ez dauka teinarik.
—Baleuka ere. Guinnessik ez al da gelditzen?
Kalean doala Sandro eta Anneli ikusten dituenean kristalaz bestalde taberna irlandarreko argi laranjaren babesean hizketan, Telmori iruditzen zaio bikote ona osatzen dutela. Benetan pentsatzen du, herrarik gabe. Jada gazte ez izatea zer den, pentsamendu horren nobleziak harritu egiten du, eta bere buruan erne den eskuzabaltasun harekin itsasontziaren masta bataiatzea erabakitzen du: hura da, ziur dago orain horretaz, masta zut ipintzeko egun aproposa. Eskuzabaltasunak zorte ona ekartzen du, inoren aurrean hartaz harrotzeko bezain ergela ez bazara. Izan eskuzabala eta ez inori esan. Indartsuago bilakatzeko modu bat, beste edozein bezain ona.
Estalpetik kanpora atera eta masta ipini dio belaontziari.
LIBURU AURRERAPENA
Beti oporretan
Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975) 'Beti oporretan' aurkeztuko du datorren astean, udako opor giroan garatzen diren narrazioz osatutako bilduma. 'Belaontzia' ipuinaren hasiera da liburu horretatik hona ekarritako pasarte hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu