Ikerlea

Jon Jimenez Martinez: «Beti uste izan da kanpoan ez dugula eraginik izan, baina ez da hala»

Joxe Azurmendi katedrako kide berria da, eta Euskal Herriko pentsamenduaren historian dago murgilduta.

(ID_13498637) Jon Jimenez, Joxe Azurmendi katedrako kidea
Jon Jimenez, Joxe Azurmendi katedrako kide berria. GOTZON ARANBURU / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko urtarrilaren 17a
05:10
Entzun

Joxe Azurmendi katedrara heldu berria da Jon Jimenez Martinez (Tafalla, Nafarroa, 1986). Lehenagotik, hamabi urte eman ditu Txalapartan, editore lanetan.

Duela bost urte hartu zuen martxa Katedrak. Nortzuk zarete?

Mikel Urdangarin, Ekai Txapartegi, Kristina Lasa, Antonio Casado da Rocha, Arantxa Etxeberria eta ni neu. Katedraren koordinatzailea, berriz, Iñaki Zabaleta da, Filosofia irakaslea EHUn. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean ari gara.

Azurmendiren figuraren inguruan antolatutako kongresu bat du abiapuntu katedrak. Lan handia egin zen han, baina Azurmendiren ekarpena oso zabala da. Dena hartzen duela esan liteke: morala, politika, filosofia, antropologia, erlijioa, historia...

Joxe Azurmendirenaz harago, haren belaunaldikoen pentsamendua aztertzeko eta dibulgatzeko xedea du katedrak?

Bai, hori da: Txillardegi, Torrealdai... 56-57ko belaunaldiaz ari gara. Era berean, Azurmendik denbora faltaz utzitako hariak berriz hartu eta esparru horietan sakontzea ere bada katedraren helburua. Areago, badira zenbait arlo Azurmendik hainbeste garatu gabekoak. Esate baterako, feminismoa; garai hartan ez baitzegoen halako gogoetarik, Azurmendik hainbat gauza idatzi zituen arren. Mikel Urdangarin horretan ari da: Azurmendiren giza aberea eta abere kooperatiboa kontzeptuetatik abiatuta, gaur egungo korronte feministekin zer-nolako lotura duen aztertzea du funts bere tesiak. Aurten amaituko du ziurrenik.

Eta zu, zer ari zara zu lantzen?

Euskal pentsamenduaren edo filosofiaren historia, X. mendetik hasi eta XIX. mendera arteko tartean. Hain zuzen, duela pare bat urte Euskal Herriko pentsamenduaren historia argitaratu zuen katedrak, Azurmendik berak idatzia. Bide horretan sakonduko dut.

«Ezin dugu Amerikako konkista ulertu, euskal pentsamenduaren eraginik gabe, ezta hango herrien independentziarik ere»

Zergatik XIX. mendera artekoa eta ez XX. mendera artekoa?

XIX. mendera artekoa ez delako kasik ikertu. Nire ustez, XIX. mendeaz honako nazionalismoa, karlismoa, eta gerora, XX. mendean, Unamuno eta enparauak, gehi 56ko belaunaldi guztia, nahiko arakatuta daude historiaren eta pentsamenduaren ikuspegitik.

Baduzu ezer aurreratzerik? Arreta eman dizun ezer?

Atzerago begiratuta, beti uste izan da kanpoan ez dugula eraginik izan, herri txikia garelako, eta atzerriko ideiak ere zeharka igaro direla hemendik. Baina ez da horrela izan. Europako Erdi Aroko pentsalari garrantzitsuetako batzuk nafar Erriberan sortuak dira. Ez da harritzekoa Korana Iruñean ekarri izana lehenbizikoz latinera.

Errenazimentuan, esaterako, nafar Erresumatik independente geratzen zen iparraldeko zatian sekulako loraldi kulturala gertatu zen, lehen idazki feministak eta euskarazko lehen liburuak han egin ziren. Bestalde, ezin dugu Ameriketako konkista ulertu euskal pentsamenduaren eraginik gabe, ezta hango herrien independentziarik ere.

Oihenart aforismo lehiaketa ere zuena da. Zer moduz joan da aurtengoa?

Lehiaketa hori katedrak antolatzen du, baina ez da antolatzaile bakarra. EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateak eta Donostiako Euskara Zerbitzua ere tartean dira. 2023ko lehen saria Iñigo Legorburu Arregik irabazi du, eta bigarrena Juan Ramon Alberdi Ibarmiak.

Ana Urkizak edota Karlos Linazasorok, esate baterako, argitaratu dute aforismo libururik. Zu, berriz, editore izan zinen. Zer behar dute halako liburuek arrakasta izateko?

Ez da erraza erantzuten. Niretzat, literatur generorik zailena poesia da. Gaztetan poesiari heltzen zaio askotan, baina poesiak lanketa handia eskatzen du, errazago idazten dela uste den arren. Aforismoekin gauza bera gertatzen dela esango nuke. Ematen du errazagoa dela, baina sintetizatzea eta hitz egokienak bilatzea askoz ere konplikatuagoa da. Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren liburuaz esan bezala, hizkuntzaren jolasa dago palindromoen edota aforismoen atzean, baita gogoeta ere.

Zer taxu hartzen diote gazteek filosofiari?

Katedrak badu lan ildo bat Agora filosofia elkartearekin. Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako filosofia irakasleak batzen dira bertan, eta, besteak beste, ikasleekin jardunak antolatu, elkarri material didaktikoa utzi edota kafe filosofikoak antolatzen dituzte. Eta hor bada kezka. Ikusgelak, adibidez, zortzi minutuko hainbat bideo sortu ditu curriculumeko eduki gisa, eta bertan, pentsalari jakin batzuen gakoak agertzen dira. Hamabost bideo dira guztira, oraingoz. Duela gutxi Azurmendirena eta Txillardegirena aurkeztu zituzten.

Nola bihurtzen da editorea ikerlari? Betidanik izan al duzu grina hori?

Filosofia karrera amaitu orduko, Modernitatearen auziaz argitaratu genuen Andoni Olariagak eta biok, Jakin-en. Baina Tafallakoa naizenez, logika bazuen Txalapartan aritzeak. Azkenerako, hamabi urte izan dira. Liburu asko pasatu dira nire eskuetatik, baina beste betaurreko batzuekin irakurtzen da editore izanda. Orain beste modu bateko irakurketak egiten ditut, bestelako gaien ingurukoak eta lasaiagoak.

Euskal Herriko pentsamenduaren historia ari naiz lantzen, eta hor komertziala izan beharrak ez du axola. Zoritxarrez, gaur egun ez dago erakunderik halako ikerketak diruz laguntzen dituenik. Beste gauza batzuetarako, berriz, diru mordoa ateratzen da; ikerketa kritikoak, naziogintza edota euskara bultzatzeko, deus handirik ez. Ingeles batek edo aleman batek ederki ezagutzen ditu bere historia eta bere filosofia. Eta euskaldunok? Katedraz harago, bestelako laguntzak ere behar genituzke, komertzialak edo errentagarriak ez diren baina gizarteari baliagarri zaizkion gaiak ikertzeko.

Dena den, liburuak sortzea eta gizarteratzea ez dira gauza bera. Editore izan zaren aldetik, ikusiko zenuen behar bezala iristen ez den libururik, ona izanagatik ere.

Egin beharreko hausnarketa da hori. Hainbat kontu dago horren atzean: izenburua, azala, egilea, prezioa, luzera, momentua... Momentuak inportanteak dira. Liburu bat, azken finean, ideia sorta bat baita, eta gizarteak ideia horiek noiz behar dituen asmatzea da kontua. Askotan zoria da, eta, beste askotan, intuizioa.

Gertatzen da, halaber, liburu bat argitaratu eta hamarkada batzuetara bakarren batek aurkitzea eta orduan azaleratzea. Beharbada, hori zuelako momentua.

Katedra horrainokoa da, halere.

Bigarren hezkuntzako ikasleen artean filosofia grina hori, gogoeta kritikoa, bultzatzea ere bada. Ikerketa, Azurmendiren ingurukoak biltzea eta Gradu Amaierako Lanak saritzea. Euskaraz egin behar dira, eta ahal bada katedrak sustatzen dituen gaietan. Filosofia, Zientzia eta Balioak masterra egiteko diru laguntzak ere ematen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.