Betiko jolasak, bizitzaz mintzo

Jolasa hitz bihurtzea planteatu diete hamabi bertsolariri Bertso Egunean, baina ezin izan dute saio biribilegia osatu. 1.600 lagun bildu dira Kursaaleko areto nagusian

Maialen Lujanbio eta Alaia Martin aulki jokoan, Bertso Eguneko saio nagusiaren amaieran. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Xakea, partxisa, soka-saltoa, pertsonaiak izatea, ezkutaketan aritzea, Harri-orri-ar, Zazpi aldeak... Ume eta ez hain umeentzako jolasek kontzeptualizatu zituzten 2015eko Bertso Eguneko gaiak. Baina sexuaz, botereaz, genero borrokaz, beldurraz, maitasunaz, gorrotoaz, itxaropenaz, iraganaz, aberriaz hitz egiteko abiapuntu edo helduleku bihurtu ziren kantatu zuten hamabi bertsolarientzako; bizitzaz mintzatzeko, alegia. Esperimentatzen denean —hori ere izaten du asmo egunaren antolatzaileak, Lankuk, Bertsozale Elkartearen ekoizpen zerbitzuak—, baina, emaitza ez da beti biribil-biribila izaten, eta, horregatik, atzo Donostiako Kursaalean egindako saioa gorabeheratsu samarra gertatu zen.

Jolastu nahi? izenburupean, Josu Goikoetxea, Eñaut Agirre eta Ainhoa Aranburu gai jartzaileen esanetara jarri ziren Unai Iturriaga, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Sustrai Colina, Andoni Egaña eta Amets Arzallus. Bozgorailutik zetorren ahots batek bi aldiz galdetu zien «bat, bi eta hiru: jolastu nahi?», eta onartu zuten bertsolariek, sei oholtzaren alde batetik aterata, eta beste sei kontrakotik agertuta. Kolore ezberdinetako hamabi aulki handi samarretan eseri ziren, eta agurra kantatzeko, zotz egin zuten Dona-dona katona... kantuari jarraiki, eszenatokiaren sabaitik lau argi izpik aleatorioki argitzen zituzten bitartean.

Kursaaleko areto nagusia ia goraino bete zuten 1.600 ikusleei —200 sarrera gelditu ziren saldu gabe— zera proposatu zien Agirrek, agurreko azken puntuan, eguraldi petralari erreferentzia eginez: «Kursaala sutan jarriko dugu / urak hartzen ez bagaitu». Mendiluzek hitza jolas beharrean, «jolasa hitz» bihurtzen ahaleginduko zirela adierazi zuen.

Lau bertsolarik kantatu zuten agurra, eta ondoren binaka jarri zituzten lanean. Ibarzabali, saioko gazteenari, eta Mendiluzeri, Josu Goikoetxeak planteatu zienlehena lau laranjarekin malabareak egiten jartzea, bigarrenak seguidilla bat kantatzen zuen bitartean. Onartu ez, eta orduan, galdera zuzena gai jartzaileak: zein da zuen beldurrik handiena bertsolari bezala? Mendiluzek aspertzeari ziola izua bota zuen, eta Ibarzabalek ez zuela kantatzen gaizki pasatu nahi: «Bertsoa utzi egingo baitut /gaizki pasatzen hastean». Ibarzabal izan zen, hain zuzen, bertsolari txalotuenetako bat, bai binaka eta baita bakarka ere ale politak abestu zituen-eta.

Soka saltoan jarri zuten, esaterako, Aita, ama zenbat urterekin ezkonduko naiz doinua aitzakia gisa erabiliz. Hasi zen esaten, umorez, 60. saltora arte agoantatzen zuela; jakinarazi zuen, ondoren, mutilek ez zutela sokaren gainean salto egiten bera haurra zenean; eta hirugarren bertsoan, azkenekoan, bere buruari galdetu zion ea zergatik ezkondu, gisa honetara bukatzeko: «Lehen hartan jolasten nintzen / ta orain ezkutaketan».

Agirre ere bertsolari txalotuenetakoa izan zen, zirtolari aritu baitzen ofizioka. Txirritaren larruan sartu zen hura, eta Bilintxenean Mendiluze. Gaur egunera ekarri zituzten, eta hala bota zuen, batean, Agirrek: «Esan didatenez bertsolariek / gaur ura edaten dute».

Egaña eta Podemos

Saioko une estetikoenetakoa —polito zaindu zuten eszenografia—, Alaia Martin eta Andoni Egaña xakean jolasten jarri zituztenekoa izan zen. Taula bat proiektatu zuten oholtzan, eta Egañari errege «ahaltsuaren» papera eman zion gai-jartzaileak, eta Martini erregina «garrantzitsuarena». Ondo elkar hartu zuten, eta Martinek monarkia deuseztea eta zuri-beltzeko garaiak ahaztea proposatu zuen, adibidez. Horri ondokoa erantzun zion, distiratsu, Egañak: «Errege-erregina bizi gaitezen / hiltzeko peoiak dira».

Lau aldiz Euskal Herriko txapeldun izandakoak bakarka ere osatu zituen ale ederrak. Zazpi aldeen jolasean, jarri zizkioten Madrilgo Sol plazan atzo ateratako bi argazki: bata 09:30ekoa, eta beste 12:30ekoa, Podemosen manifestazioa zela-eta, lepo zegoenean. Egañak gaiari zuzen heldu zion — «Espainia Espainia da, gu euskaldunak, ordea»—, eta bukaera ederra eman: «Goizean goiz itzala zen eta / eguerdian eguzkia».

Egañak eta Colinak irria eragin zuten, ofizioan. Familia bazkari batean zeuden koinatuak ziren, eta beren baitarako pentsamenduak ahots goran esanda, batak besteari buruz epelak botata, Kursaalean bildutakoak barrez jarri zituzten. Enbeita eta Martinek ere hori lortu zuten, partxisean. Aurrenekoa, ordea, ez zen jokoko fitxak jatearekin konformatzen. «Baina beste zeozer da/ jan nahi dizudana». Colina seme-aitarekin batera koplaka aritu ziren, gainera, Enbeita ama-amona, eta Martin alaba-biloba. Saioko bertsoaldi bizi eta umoretsuenetakoa izan zen haiena, planteatutakori ederki neurria hartuz.

Gero, amaiera bitartean —bi ordu eta erdi pasatxoko iraupena eduki zuen—, Iturriagaren ateraldiak eta Lujanbioren bakarkako lanaren maisutasuna gorabehera, saioak apur bat behera egin zuen, bertsolariek gairen bat edo beste ez zutelako behar bezala ulertu. Bukaera polita eduki zuen, baina, hamabiak aulki jokoan arituta. Horretan Lujanbio nagusitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.