Zinema

'Between Goodbyes' dokumentalak irabazi du Zinegoak jaialdiaren sari nagusia

Adoptatutako pertsona queer batek Herbehereetatik Koreako jatorrira egindako bidaia kontatzen du Jota Mun zinemagilearen filmak. FIK kategorian, 'Sabar Bonda' lana saritu dute, eta KRAK sailean, berriz, 'Brigitte, planeta B' lana.

Jota Mun zinemagilearen 'Between Goodbyes' filmaren irudi bat. ZINEGOAK
Jota Mun zinemagilearen 'Between Goodbyes' filmaren irudi bat. ZINEGOAK
Ainhoa Sarasola.
2025eko ekainaren 30a
20:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zinegoak LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak baditu irabazleak. Bilborock aretoan egin du festibalak itxiera ekitaldia, eta bertan banatu dituzte aurtengo sariak. Jota Mun zinemagilearen Between Goodbyes filmak eraman du Zinegoak sari nagusia  —EITBk babestua, 4.000 euroko saria ere badakar—. «Pertsona adoptatu baten jatorrirako bidaia gogor eta sendagarri bat kontatzeko erabiltzen den trebetasun eta edertasunagatik» nabarmendu du epaimahaiak film hori, eta gaineratu, «esperientzia intimo eta pertsonal batetik abiatuta, adopzio transnazionalek zeharkatutako kolektibo oso baten historia» kontatzen duela. Hain zuzen, Maike izeneko queer baten historia kontatzen du filmak; jatorri korearrekoa, Herbehereetako familia batek adoptatu zuen, eta handik Koreara egingo duen bidaia agertzen du filmak.

Film luze horrek berak Lesbianismo eta Genero saria ere irabazi du—Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babestua, 1.500 euroko saria dakar—. «Erromantizismoa eta nazioarteko adopzioaren idealizazioa desmuntatzeagatik eta protagonistek aurrean dituzten ondorio emozionalak erakusteagatik» egin dio aitortza sari horretako epaimahaiak. «Pelikula honek erakusten digu baliabide ekonomiko gutxien dituzten emakumeak sistema kapitalista basatiaren eta Mendebaldeko gizarteen beharrak asetzeko erabili direla».

DOK kategoriako film horrek irabazi du sari nagusia, baina sail bereko beste film bati aipamen berezia egin dio epaimahaiak: Monica Taboada Tapiaren Alma del desierto lanari, hain zuzen ere. «Emakume trans baten borrokaren erretratu eder eta hunkigarria egiteagatik» saritu du film hori, baita «nazio indigenek eta hizkuntza-komunitate minorizatuek pairatzen dituzten bazterketa-modu desberdinak azaleratzeagatik» ere. Film berak Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria ere irabazi du —Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzako eta Aniztasuneko Zuzendaritza Nagusiak finantzatua, 3.000 euroko balioarekin—; sari horren epaimahaiak Javier Prieto de Paula eta Carmen Avalos del Pino zuzendarien Solo Kim film laburrari aipamen berezia eman dio.

FIK kategorian, berriz, Rohan Parashuram Kanawaderen Sabar Bonda filma gailendu da, «Indiako landa eremu ez-exotikoan maitasun zaindua, atsegina, idilikoa eta erlaxatua irudikatzeagatik». Epaimahaiaren iritzian, filmak «begirada ez-hegemoniko eta dekoraturik gabekoa du, eta India tradizionalean bi gizonen arteko maitasuna posible dela erakusten du». Bernardo Florim eta Maju de Paivaren Avenida Beira-Mar filmari aipamen berezia eman diote atal horretan.

Eta narratiba berriekin lotutako KRAK sailean, Santiago Posada zinemagilearen Brigitte, Planeta B lanarentzat izan da saria, «queer ekologiaren erreferente handia den Brigitte Baptiste zientzialari kolonbiar, ingurumen-lider eta trans ikonoaren profil konplexu eta intimoa eraikitzeagatik». Maja Classen zuzendariaren Truth or Dare lanak epaimahaiaren aipamen berezia eraman du.

Beste sari batzuk

Ohiko hiru sail horietako sariak ez ezik, beste hainbat garaikur ere banatu dituzte jaialdian. Asteon zinema aretoetara joandako publikoak, esaterako, Angel Morales Ballestaren Arrecife film laburrari eman dio bere saria. Eta epaimahai gazteak Amelie Hardyren Hello Stranger filmari, «trans bizipenak lehenengo planoan jartzen dituelako eta azpimarratzen duelako garrantzitsuena dela bakoitzak bere burua onartzea, kontuan hartu barik presio zisheteropatriarkala». Epaimahai seniorrak, berriz, Nuria Vil eta Alba Dominguezen Delincuente film laburra saritu du, «bat egiten duelako aurtengo Zinegoak jaialdiko gaiarekin, eta militantzia aktiboa eta langileen borrokaren memoria historikoa lantzen duelako»; epaimahai horrek aipamen berezia egin dio Brian den Hartog zuzendariaren Data Van Troost lanari.

Euskal Aktoreen Batasuneko epaimahaiak ere banatzen du bere saria, eta Sandbag Dam filmeko Lav Novosel antzezleari eman dio Fikziozko Film Luzeen Interpretazio Protagonista Onenaren saria, «bere berezkotasunagatik, freskotasunagatik, sentikortasunagatik eta bizitza etengabe transmititzeko moduagatik». Taldeko antzezpen onenaren saria, berriz, Avenida Beira-Mar filmeko Isabel Teixeira aktorearentzat izan da, «bere aldakortasunagatik eta zailtasun emozionalagatik, eta bere pertsonaiaren bidez egia erakusteko duen moduagatik».

ZG PRO Laborategia saria Daniel Grandesen Last Night I Heard my Laptop Breathing Through my Headphones proiektuarentzat izan da; Music Library ZG PRO saria Laura Gabayren Correspondencias para habitar el mundo lanarentzat; eta SSIFF ZG PRO saria, berriz, Natalia Granderen Amame tus ojos lanarentzat. Azkenik, ZiNaizen saria Markel Zorakiainek eraman du, Merezco que me quieran lanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.