Haurdunaldia batetik, gizontasuna bestetik; horiexek dira Donostia Kulturak antolatutako Poltsiko Antzerki Sorkuntza proiektu deialdiko irabazle izendatu dituzten bi lanek jorratuko dituzten gaiak. Haurdunaldiaren gaia jorratzen duen egitasmoa Arantxa Hirigoien eta Maialen Fauthoux-en Tripakiak da; gizontasunarena jorratzen duena Oier Guillan eta Iñigo Ortegaren Arra.Arraroa. Proiektu bakoitzak 1.500 euroko laguntza jasoko du proposatutako antzezlana garatu eta ekoizteko, eta bi obrak Donostiako hainbat taberna eta kafetegitan emango dituzte estreinakoz, azaroan eta abenduan. Sari berri horren bidez, euskaraz egindako formatu txikiko antzerki lanen sorkuntza eta ekoizpena bultzatu nahi du Donostia Kulturak, Euskararen Udal Patronatuaren eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz.
Baionako Etxepare Lizeoan irakasle da Arantxa Hirigoien, Lubaki Bandako kide eta ETB1eko Hitzetik hortzera saioaren aurkezle ohia. Iragan ikasturtean Maialen Fouthaux aktorea —Iduzki lore eta Azken euskalduna-n aritua, besteak beste— lizeo hartan izan zen ikasleekin antzerkia lantzen. «Hori bukatuta, elkarrekin zerbait egiteko gogoarekin geratu ginen», azaldu du Hirigoienek. Ekainean, biak haurdun izanik, «pario gisa» haurdunaldiaren inguruko zerbait sortzea erabaki zuten, «lehiaketan pentsatu gabe, jakin gabe bururaino eramanen ote genuen». Lehiaketaren berri izan zutelarik, azken egunean entregatu zituzten txostenak.
Oholtzan, biek egingo dute aktore lana. Benetan haurdun dauden bi aktore izango dira, haurdun diren bi emakumeren rolak jokatzen. Azarorako, haurdunaldiak nahiko aurreratuak izango dituzte —batak abenduan eta besteak urtarrilean espero dute erditzea—, baina obra antzezteko moduan izatea espero dute. Antolatzaileek esan diete nahiago izanez gero maiatzera arte atzera dezaketela estreinaldia, haurdunaldia amaiturik eta hartatik susperturik direnerako, baina nahiago dute, ahal bada behintzat, benetan haurdun direla egin.
Haurdunaldiaz, «umorez»
«Haurdunaldiari buruz gauza anitz entzuten da, eta askotan preseski bizi ez dutenengandik», Hirigoienen aburuz. «Inori kritikarik egin gabe, guk gure ikuspegia eman nahi dugu, umorez. Kontatzen diren istorio guztiak ez dira nahitaez guk bizi izandakoak. Badira han eta hemen entzundako anekdotak ere».
Generoaren gaia gutxitan jorratzen den ikuspuntu batetik jorratzen du Oier Guillanek idatzi eta Iñigo Ortega aktoreak taularatuko duen obra sarituak. «Generoaren gaia askotan landu izan da emakumearen ikuspegitik, edo baita homosexualitatearen ikuspegitik ere, baina gizonaren ikuspegitik zentzu hertsi batean ez hainbestetan agian», Guillanen ustez. «Zer aurreiritzirekin hezten gaituzten, zer espero den gutaz, zer presio jasaten dugun bai txikitan eta bai helduaroan… Genero bortizkeriaren gaia ere agertzen da».
Guillanen Arra. Arraroa-ren testua argitaratua dago —egile beraren Herio heroi-rekin batera—, Artezblai argitaletxearen Antzerkia bilduman. Estetikari dagokionez, «antzerki testuen egitura tipikotatik aldentzen den apustu esperimentala» da, egilearen ustez. «Neurri batean, poesiatik asko dauka, esaldiak ebakitzeko moduari dagokionez, erritmoari dagokionez, irudiak erabiltzeko moduari dagokionez… Bakarrizketa modura plantea daiteke, baina baita hainbat ahotsetan egindako testu modura ere. Oso irekia da. Iñigo Ortegak bakarrizketa moduan planteatuko du».
Esperimentu moduan, testuan oinarritutako bost minutukoantzezpen laburra egin zuen Ortegak joan den hilean, Errenteriako Mikelazulo elkarteak antolatutako Eztena Teatro Egunetan. «Oso interesgarria izan zen ikusteko gai honek ikusleengan zer erreakzio eragin dezakeen. Ondoren solasaldia egin zen, eta ikusi genuen jendeari gauza asko mugitzen zizkiola eta oraindik guztiz azaleratu gabe dagoen gai bat dela».
Bi egitasmo saritu ditu Poltsiko Antzerki Sorkuntzak lehen deialdian
Arantxa Hirigoien eta Maialen Fauthoux-en 'Tripakiak' eta Oier Guillan eta Iñigo Ortegaren 'Arra. Arraroa' dira aukeratuakFormatu txikiko euskarazko obrak sustatzea du xede Donostia Kulturaren ekimenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu