Horizontes Latinos sailean Latinoamerikako herrialde batean erabat edo partzialki ekoitzitako film luzeak lehiatzen dira, baldin eta zinemagileak jatorriz bertakoak badira edo gai nagusitzat komunitate latinoen egoera badaukate. Aurten, hamabi lan lehiatuko dira sailean: horietako bi mundu mailako estreinaldiak izango dira, eta gainontzekoen artean badaude aurretik Canneseko, Berlineko eta Veneziako jaialdietan hautatutako eta saritutako pelikula batzuk.
Horizontes Latinos sailaren lehen pelikula aurretik beste inon estreinatu gabea da: Dominga Sotomayor zuzendari txiletarraren Limpia lanak hasiera emango dio programari. Filmak etxeko langile batek eta hark zaintzen duen haurrak duten mendekotasunezko eta isilpeko harremanaren istorioa du ardatz. Drama bat da, eta Alia Trabuccoren izen bereko nobelan oinarrituta dago. Sotomayor 2020an izan zen azkenekoz Donostiako Zinemaldian, Carla Simonekin batera zuzendutako Correspondencia filmarekin; Zabaltegi Tabakalera sailaren barruan aurkeztu zuten.
Western generoak itxiko du, berriz, Horizontes Latinos saila. Diego Cespedesen La misteriosa mirada del flamenco filma izango da azkena, eta, hain justu ere, lan horrek jaso du Un Certain Regard saileko saria aurtengo Cannesko zinemaldian. Neska bat du protagonista filmak; haren herrian, ustez maitasunak eragindako gaixotasun bat hedatzen hasi da, eta gaixotasuna sortu dutenen aurka mendeku hartzen saiatuko da neska. Txileko zinemagileak Donostiako Zinemaldiko Nest saria irabazi zuen El verano del león eléctrico (2018) izeneko bere lehen film laburrarekin, eta Las criaturas que se derriten bajo el sol (2022) lanak Zabaltegi Tabakalera inauguratu zuen urte hartan.
'Dolores'
Dolores 66 urteko emakume bat da, eta etxea saldu eta kasino arrakastatsu bat erostea erabaki du. Hori izango du abiapuntu Dolores filmak, Horizontes sailean izango den mundu mailako bigarren estreinaldiak. Maria Clara Escobar eta Marcelo Gomes zuzendari brasildarrek zuzendu dute lana; Gomes aurretik izana da Donostiako Zinemaldian, Cinema, aspirinas e urubus lanarekin.
Aipatuez gainera, beste film hauek aukeratu dituzte Horizontes Latinos sailean aritzeko: Ana Cristina Barraganen Hiedra, Fernando Eimbcken Olmo, Ivan Funden El mensaje, Daniel Hendlerren Un cabo suelto, Nayra Ilic Garciaren Cuerpo Celeste, Cecilia Kangen Hijo mayor, Lucrecia Martelen Nuestra tierra, Simon Mesaren Un poeta eta Nicolas Peredaren Cobre.
Saileko hamabi filmak 35.000 euroko Horizontes saria lortzeko lehiatuko dira. Horrez gain, sailaren barnean zuzendariaren lehen edo bigarren lanak direnak gazteriaren DAMA sarirako ere lehiatuko dira; La misteriosa mirada del flamenco, Cuerpo celeste eta Un poeta, hain zuzen ere.