Itxura batean, flamenkoak eta Japoniako arte eszenikoek ez dute zerikusi handirik. Baina Itziar Madariaga dantzariak (Bilbo, 1971), Flawomenco ikuskizunaren sorkuntza prozesuan, uste baino antzekotasun gehiago topatu ditu bi kulturen artean. «Nondik begiratzen den da kontua. Sentipenetatik landu ditut nik bi aldeak, eta parekotasunak ikusi ditut, esaterako, flamenkoaren quejío-a eta Butoh dantza japoniarraren artean». Bi munduen artean «etengabe nabigatzen» du; «mundu bat bestean bilakatuz doa, eta tarteka bata edo bestea nagusitzen bada ere, elkarrekin nabigatzen dute. Hori da kontatu nahi dudan jokoa».
Mugimenduetan ez ezik, hotsetan ere aurkitu du Madariagak bi kulturak parekatzeko ezaugarririk. «Ahots forma ezberdinak landu ditut, eta horretarako ahaleginik egin gabe, bi mundu horiek nahasi egin zaizkit». Hori hitzez azaltzekotan, hala laburbilduko luke: harizko oihal zuri bat tolestu, bertan tinta gorriz zirkulu bat marraztu, eta behin tinta xurgatuta oihala nahi beste zabaltzea. «Piezak hori irudikatzen du; ikusleak fisikoki ez, baina beste lengoaia, sinbologia eta ekintza batzuen bidez horixe ikusiko du».
Sentipenen munduan bidaia
Musika, dantza, antzerkia eta performance-a nahasten ditu piezak. «Flamenkoa ekialdeko beste lengoaia batzuekin nahasiz, nire bizi esperientziak kontatzen ditut. Emozioen eta sentipenen munduan bidaia bat da». Madariaga bakarrik agertuko da taula gainean ia ordu erdiko ikuskizunean. Eszenografiari dagokionez, Marc Canok landutako argiztapena nabarmendu du, «argi eta irudi jokoekin errealitatea eta fantasiaren munduak nahasten dituelako».
Madariagak Bilboko La Fundicion aretoan emango du obra, gaur eta bihar, 20:00etan. Emanaldi berean, Dakumene konpainiak Sustraiak ikuskizuna egingo du. Gustavo Gorositok zuzendu du obra, eta, harekin batera, Victoria eta Luna Mujika ariko dira oholtza gainean. Norbere bulkadek elkar lotzen dituzten aita, ama eta alaba irudikatuko dituzte oholtzan, beldurraz, botereaz eta nagusikeriaz hitz egiteko.
Bi munduren artean nabigatzen
Itziar Madariagak flamenkoa eta japoniar dantzak lotu ditu 'Flawomenco'-n; gaur Bilbon emango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu