Bi talde, baina baten barruan

Laurobak 'Iglu bat basamortuan' hirugarren diskoa kaleratu du, «gauza ezberdin asko dituena»

Laurobako kideak, atzo, diskoa aurkeztu aurretik. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PREES.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
«Kontrasteak» dira Laurobaren eremua, Angel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunaren iritziz.Taldekideek ere gauza bera uste dute, hori azaltzeko kontzeptu diferenteak erabili arren. «Gauza ezberdin asko dituen diskoa da», adierazi zuen Iker Lauroba taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak atzo, Iglu bat basamortuan (Oihuka) haien hirugarren diskoaren aurkezpenean. «Landua da, eta askotariko kantak dauzka». Iñaki Ortego teklatu jotzaileari, berriz, iruditzen zaio diskoa entzunda norbaitek pentsa dezakeela bi talde direla, bakarra beharrean. «Hori ona dela uste dut. Diskoaren 13 abestietan zortzi estilo diferente antzeman daitezkeela iruditzen zait».

Abesti horiek sortzeko orduan aldaketa bat nabarmendu dute Donostiako taldeko kideek. «Lehen lau kide ginen, eta orain, berriz, bost. Beste instrumentu bat sartzerakoan nabaritzen da aldaketa; are gehiago instrumentu hori teklatua bada», adierazi zuen Iker Laurobak. «Piano baten moduan erabil dezakezu, hammond gisa, sintetizadore moduan...». Eta taldekide kopuruan izandako aldaketek bezainbesteko eragina eduki du denborak diskoaren osaketan. «Urte bete pasatu genuen abestiak prestatzen, eta beste bat grabatzen. Ia bi urte dira abesti horiei bueltaka, eta uste dut prozesu horretan kantek izan dituzten aldaketak onerako izan direla», esan zuen Ortegok. Fredi Pelaez grabaketa teknikariak —haren estudioan, Pottokon, grabatu zuten— lanean eduki duen garrantzia goratu zuen Ortegok «Asko lagundu digu. Guk baino askoz ere eskarmentu handiagoa dauka. Lagundu digu moldaketetan, gitarrak aukeratzeko orduan...».

Laurobakoek, aldi berean, kolaboratzaileen lanaz hitz egin zuten. «Haizezko instrumentuak sartu ditugu, perkusioak, sokak... Orain arte Euskal Herrian erabiliizan dira haizezko instrumentuak, esaterako, baina betiere estilo jakin batean. Gu ahalegindu gara hori pixka bat aldatzen», argitu zuen Iker Laurobak. Eta horren ondorioz atera zaizkie «balada estiloko» abestiak, edo «power popekoak».

Alain Urkolak (gitarra), Haritz Laurobak (bateria) eta Ane Bastidak (baxua) osatzen dute taldea. Abestien hitzak, berriz, ia gehienak Laurobakoenak dira, baina Harkaitz Cano idazleak (Lurrikara eta Begietan liztorrak), Itziar Ituñok aktoreak (Odisea), Rafa Cabeza musikariak (Zer?) eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak (Kea) nork bere ekarpena egin du.

Eta diskoaren izenak badu arrazoi bat. Batetik, abesti bat da, «maitasunari buruzkoa». Eta bestetik, «kontzeptu global» moduan ere erabili nahi izan dute, Iker Laurobaren esanetan. «Uste baitugu zerbait berezia egin dugula. Harro gaude. Euskal Herriko musika panorama ikusita, zentzugabea izan daitekeela dirudi. Izan ere, ez dira horrelako gauzak egiten. Egiten da musika kañeroa, edo festarakoa. Tartean ibiltzea, aldiz, oso zaila da. Badaude talde asko,baina ateratzea oso zaila da». Ideia hori «adierazi» nahi izan dute, hain zuzen, Iglu bat basamortuan lanarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.