Iruña-Veleia auzia

Bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diote Eliseo Gili

Agiriak faltsutzeagatik eta iruzurragatik zigortu dute arkeologoa, baina ez du kartzelara joan beharko, epaileak kontuan hartu duelako auzia asko luzatu dela.

Eliseo Gil eta Ruben Cerdan, epaiketaren saio batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Edu Lartzanguren - Aitor Biain
2020ko ekainaren 10a
10:36
Entzun

Gasteizko Zigor Arloko 1. Epaitegiak Iruña-Veleia auziaren epaia eman berri du, eta bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri dio Eliseo Gil indusketen arduradunari, agiriak faltsutzeagatik eta iruzurrarengatik. Haren laguntzaile Ruben Cerdani urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra jarri dio. Zigortuek ez dute kartzelara joan beharko, baina 12.490 euro ordaindu beharko dizkiote Arabako Foru Aldundiari. Epaileak kontuan hartu du auzia asko luzatu dela.

Hasieran, akusazio partikularrak, hau da, Arabako Foru Aldundiak zazpi urte eta erdiko zigorra eskatzen zuen Gilentzat, eta fiskaltzak, bost urte eta erdikoa. Ondarea hondatzea eta iruzur egitea egozten zioten Gili, baina azken unean omisio delitua eta dokumentuak faltsutzea ere egotzi zioten. Akusazio horiek zirrikitu bat ireki zieten zigor txikiagoei, epaiketaren saioetan agerian gelditu baitziren aztarnategian egindako lanaren hutsuneak eta akatsak, baina akusazioek ez zuten lortu piezak Eliseo Gilek faltsutu zituela ziurtatzea. 

Isabel Diez epaileak fiskalak epaiketaren azken egunean emandako argudioak onartu ditu Gil zigortzeko. Izan ere, epaiak dio ezin dela frogatutzat eman grafitoak Gilek berak egin zituenik. Aldiz, onartu du Gil aztarnategiko zuzendari zen neurrian bertan geratzen zenaren jabe zela, eta, beraz, baita arduradun ere. Izan ere, epaian frogatutzat ematen da «zeramikazko benetako 36 pieza arkeologikoetan erromatar berantiarretan inskripzioak egiteko ebakidurak» egin zituela Gilek berak edo beste norbaitek, «aztarnategietako aurkikuntzei ez zuten balio historiko-kultural erlijioso bat emateko asmoz». Gainera, epaileak azpimarratu du idatziak eta irudiak «piezak garbitzeko prozesuan» agertu zirela, eta ez aztarnategian piezen aurkikuntzaren unean bertan.

2006an aurkeztu zituzten Iruña Veleian aurkitutako piezak, baina denbora gutxira piztu ziren dudak euskarari, kristautasunaren hedapenari eta antzinateari buruzko jakintza iraultzekoak ziren ezohiko aurkikuntzez. Benetakoak ziren ala ez aztertzeko batzorde zientifiko bat eratu zuten 2008an, eta batzordearen ebazpena baliatu zuen Arabako Foru Aldundiak aztarnategia ustiatzen zuen Lurmen enpresa kaleratu eta arduradunen aurkako salaketa jartzeko. Hamaika urteko tramiteen ondoren, iragan otsailaren 3an hasi zen epaiketa. Hamabi saio izan zituen, eta 50 lekukok parte hartu zuten. Hiru lagun eseri ziren akusatuen aulkian: Eliseo Gil, Ruben Cerdan eta Oscar Escribano.

Epaiketaren lehen saioan, ordea, Oscar Escribano geologoak aitortu zuen pieza bat faltsutu zuela. Lankideei «broma» bat egiteko pieza batean Veleia idatzi zuela onartu zuen Escribanok. Saioa hasi eta berehala eman zuten akusazioarekin adostutako zigorraren berri: urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hori dela eta, ez du espetxera joan beharrik izango, baldin eta hurrengo bi urteetan beste deliturik egiten ez badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.