Bi zangokoa, laukoaren azalean jarrita

Txakur baten begietatik eginiko ibilbidean, haren izatearen inguruko galderak dakartzate Olariagak, Lopetegik eta Canok 'Itzal zaunka' disko-liburu ilustratuan

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkeztu dute disko-liburu ilustratua. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2016ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Ez daki izena Hator edo Hago duen, «bizangoek» jartzen diote eta. Ezta nondik datorren, ez nora doan ere; aginduek eta instintuak daramate batetik bestera. Halakoen moduko zalantzaz jositako txakur existentzialista baten istorioa jaso dute Itzal zaunka (Elkar) disko-liburu ilustratuan Antton Olariaga ilustratzaileak, Harkaitz Cano idazleak eta Jexuxmai Lopetegi musikariak. Azalean ageri zaigu protagonista nagusia; ez, ordea, haren begiak. «Liburuaren barruan daude begiak. Txakurraren azalean jarri, eta istorioa ikuspuntu subjektibo batetik kontatzen saiatu naiz», azaldu du Olariagak Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egin duten aurkezpenean. Txakurraren begietatik kontatu dute istorioa, eta haren itzala soilik ikus daiteke animaliak jolas parke, kaleko putzu eta beste hainbat leku bisitatuz egiten duen ibilbidean. Irudi bakar batean ageri da txakurraren aurpegia, eta alboan etengabe errepikatzen den esaldia: «Je suis un chien existentialiste» (Txakur existentzialista bat naiz). Zerk eramaten ditu txakurrak batera ala bestera? Arrastoei segika jarduten dutela dio Olariagak, usaimen apartaz lagundurik. Ez beti, ordea. Aginduak ere aipatzen ditu, horiek ere izaten baitira motibo sarritan.Istoriokoari dagokionez, garbi du: «Harkaitzek ematen dizkio aginduak».

Txakurraren begien gisan, irakurlearenak ere nolabait gidatu beharra zegoen istorioan, eta Olariagaren irudien esku geratu da eginbehar hori. Protagonista bat behar zuela eta, zakurra etorri zitzaion burura, hainbat arrazoirengatik: «Esan ohi da txakurrak ez dituela koloreak bereizten, zuri-beltzean ikusten duela. Baita, parez pare duena enfokatzen duen arren, ingurukoa lausotuta ikusten duela ere. Perfektua zen niretzat istorio hau kontatzeko». Txakurraren mundua islatze aldera, arkatzez egin zituen hasiera batean marrazkiak. Gerora, baina, kolorea sartzeko beharra sentitu zuen, «tentsio gehiago emateko asmoz».

Ilustratzaileak hartu zuen proiektuaren gidaritza, eta haren ilustrazioen araberakoa da gidoia. Asko kontatzen dute irudiek bere hartan, eta horien deskribapen hutsa egitea ez da izan laguntzen dieten hitzen eta musikaren egileen xedea. «Sekuentzia luze bat deskribatzen da alde grafikotik, baina irudia ez da bukatzen koadernoaren ertzean. Nire esperantza zen idazleak eta musikariak ertzetan azaltzen ez diren gauza horiek euren hitz eta notetan azaltzen jakingo zutela», dio Olariagak. «Zinemako urrezko araua da», dio Canok: «Testuak lotura izan behar du irudiekin, baina ez gauza bera kontatuz». Izan ere, badu zinematografikotik proiektuak; bai, behintzat, lan egiteko moduari dagokionez. «Normalean, idazlearen zerbitzura egoten da ilustratzailea, baina ez da hala izan kasu honetan. Istorioa irudiek kontatzen dute, eta irudi horien ordena egon da nire esku». Modu horretan azaldu du Canok hiru proiektu-kideen artean adostu duten eta, gerora, «edizio lanean» guztiz errespetatu ez duten «araua». Hartzailea irudietan erreparatzera bultzatzea ere izan da xedeetako bat. «Abiadura moteltzeko gonbit bat da, irudiei erreparatzekoa».

Olariagaren ilustrazioen ertzak are gehiago borobildu ditu Jexuxmai Lopetegiren musikak. Hark argitu du proiektuaren jatorria ere: «Bazkari bat egin genuen 2015ean, eta han eman zion baiezkoa Harkaitzek Anttonen proposamenari». Horren ondotik hasi zen abestien hezurdurak egiten, eta hiru hilabetean eginak zituen diskoa osatzen duten hamaika abestietatik hamarrenak. Cano izan du gainean horiek garatzerakoan.

Diziplinartekotasuna

Hiru eremu desberdinetako artistak elkartu, eta ezohiko formatuan aritu dira. Gisako produktuen inguruko aurreiritziak ere izan ditu hizpide Canok: «Liburu ilustratua haur literaturarekin lotzeko joera daukagu oraindik ere». Aldi berean, Elkar argitaletxeari haren babesa eskertu dio.

Elkarlan bakarra izango ote den ala jarraipena izango duen ez dute argitu hiru artistek. Asetuta, behintzat, ez dira agertu, eta hirurek ere zabalik utzi dute ate hori.Proiektuari garatzen jarraitzeko adinako oinarriak ikusi dizkio Canok, ikus-entzunezkoen alorrean, batez ere. Iban del Campok Gauaren Izpi abestiarekin egin duen bideoklipa hartu du horren adibidetzat. Elkartzeko tentazioa «izugarria» zela aitortu du Olariagak, eta gaineratu «desafio polita» zela beretzat. Hiruren artean egindako sorkuntza lanari izena ematea kosta egin bazaio ere, aurrerantzean ere askorako eman dezakeelakoan dago: «Nukleo moduko bat egin dugu elkarlan honetan, nahi adina luzatzeko modukoa». Iritzi berekoa da Lopetegi ere. Kolektibo izaera hori nabarmendu du Lopetegik ere: «Lagun min egin garen sentsazioa izan dut. Intimitate asko konpartitu ditugu, eta, Olariaga taldean izanda, umorea ere ez da falta izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.