Bidaia geldi bateko oroigarriak

Jose Ramon Amondarainen ibilbideari buruzko erakusketa bat jarri dute Kubo aretoan. 200 objektu baino gehiago bildu dituzte, artistaren sortze garai ia guztietakoak. Gaur zabalduko dute

Erakusketako areto nagusia, askotariko artelanez beteta. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Joanik eta itzulerarik gabeko bidaia bat antolatu dute Jose Ramon Amondarain artistak eta Francisco Javier San Martin komisarioak Donostian, Kutxaren Kubo aretoan. Izan ere, abiapuntua eta helmuga, biak bat dira: pintura. Amondarain margolaria da batez ere —«margolaria, ez koadrogilea», zehaztu du San Martinek—, baina Irudiak astintzen izeneko atzera begirako erakusketan ez dago ia margolanik, ez marko arteko ohiko mihiserik behintzat. Margotze lanean egindako bidaietako aurkikuntzak jaso dituzte: argazkiak, collageak, objektuak, instalazioak. Erakusketa irekita egongo da gaurtik hasi eta irailaren 26ra bitarte.

Amondarainek Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon 1980ko hamarkadaren azken urteetan, eta Artelekun garatu zuen bere jarduna gero, 1990etan. «Belaunaldi bikain bateko artistarik bikainena da», San Martinen hitzetan. Haren ustez, margolari kontzeptual bat da, obra bakoitzaren bidez pinturaren gainean egiten duelako gogoeta.

Irudikapenari buruzko hausnarketei lotuta, Amondarainen artelanak pinturaren estatusari buruzko eztabaiden erdian egon ziren 1990eko urteetan, San Martinen arabera. Besteak beste, Mochos izeneko lanak, materiala metatuz sortutako piezak —olio pintura, nagusiki—: mihiserik gabeko margolanak.

Ordutik, bestelako artelan batzuk ere sortu izan ditu Amondarainek; ez justu pintura, baina pinturatik abiatuta beti. «Albo lanak», artistaren hitzetan. Irudiak astintzea erakusketan, bestelako lan horiek jaso dituzte. 30 urte baino gehiagotan sortutako 200 piezatik gora, artistaren aro ia guztietakoak.

Bere obraren bidez, Amondarainek arretaz begiratzen die «munduari eta gizarte garaikideari», San Martinen esanetan, baina, gehienbat, mundu horrek sortzen dituen irudiei. Irudi horiek hartu, eta nahastu egiten ditu, astindu; hortik izenburua. Bi zentzu ditu: batetik, berak astindu egiten ditu arte modernoko artista kutunak —Kiefer, Oteiza, Picasso, Sherman...—, eta meta artelanak sortzen ditu, omenaldiak. Gauza bera egiten du «ikonosfera» garaikidearekin ere, publizitatearekin eta sare sozialekin, besteak beste. Gainera, erakusketaren muntaketa ere nahasia da: Amondarainek bere ibilbide osoko lanak korapilatu ditu, atzera begirako bat egiteko ordena kronologiko, tematiko eta teknikorik gabea: astindua.

Hori agerikoa da areto nagusian. Objektuak daude han. «Eskultura? Ez zehazki. Hiru dimentsioko objektuak? Bai, baina ez hori bakarrik, bestela ematen du soilik espazioa okupatzeak definitzen dituela: objektu hibridoak dira», azaldu du San Martinek.

Hiru aretotan banatu dute erakusketa. Lehenengoan, sarreratik gertuen dagoenean, Anagramak eta Hegazkinak lanak daude. Pablo Ruiz Picasso - Suplica paz si robo hitz jokoa dauka lehen piezak. Artisten izenen letrak nahastuta egindako collageak dira. «Anagrametan posizioa aldatzen duzu, eta collageak uzten du hori bera egiten». Amondaraini gehien interesatzen zaiona da bere burua hortik kanpo ikustea: «Nik ez dut ezer egiten; izen batek sortzen dituen esaldi guztiak hor daude, ez dut ezer asmatzen. Artistarena den zerbait aurkitzea bezalakoa da». Hormetan zintzilikatutako collage horien parean daude gerrako hainbat hegazkinen maketak, artistak berak eraikitakoak. Bi ideia batu ditu: batetik, «abangoardiaren jatorri militarra», aurrerapen militarra irudikatzea gizarteko aldaketa askoren aitzindari gisa; bestetik, kamuflajea: hegazkinek pintura modernoak dituzte gainean margotuta, kamuflaje itxurarekin.

Elkarri lotutako irudiak

Areto nagusian artelan ugari daude: Paletak pintura seriea, Kutxa metafisikoak eskulturak, Puntu itsua pieza geometrikoa eta Idulki basoa, besteak beste. Objektu asko kokatu ditu idulki edo euskarri baten gainean, eta, hain zuzen, euskarri horiek erabili ditu artelanak «irudikapenaren espazio ezegonkorrean» jartzeko. Artistaren ustez, euskarri hori ez da «obra zilegitzen duen tresna instituzional bat», baizik eta haren pareko eragile aktibo bat.

Hirugarren aretoan, berriz, proiekzio bat dago. Amondarainek irudien segida bat prestatu du, bere ibilbidean izan dituen askotariko «enkontruekin». Loturak sortzen ditu irudien artean: margolan baten zati bat ageri da publizitateko irudi baten ondoan; collage bat, Interneten ikusitako muntaketa batekin; txakur baten ilea nahasten da koadro baten koloreekin. «Batzuetan, kolpe huts bat dira, ez dago sakontasunik», azaldu du artistak. Besteetan, ordea, geruza askotako ideiak laburtzen dituzte.

Irudi horiek bideoan muntatzea erabaki du, erritmoa ezartzeko. «Orriak pasatzerakoan, zuk aukeratzen duzu erritmoa, baina honela, azkar kudeatu behar duzu ikusitakoa». Bere lan egiteko modua laburtzen du bideoak: etengabe «gainezka» dituen irudiak lotzea eta lantzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.