Bidaiatu, imajinatzeko

Ibarrako Alurr dantza taldeak 'Izanak dirau, 1512' ikuskizuna estreinatuko du Lasarten, gaur, Nafarroako Erresuma aintzat hartuzAiert Beobidek egin du koreografia, eta 12 eta 16 urte arteko 23 neskak dantzatuko dute

Alurr dantza taldeko kideak, Ibarrako lokal batean, herenegun egin zuten entseguan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Ibarra
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Bazen Nafarroako Erresuma bat, harik eta Errege-Erregina Katolikoen aginduetara zeuden Gaztelako eta Aragoiko tropek haren konkistari ekin zioten arte. 1512an hasi zen desegiten hura, Amaiurko gazteluan. Baina Ibarrako (Gipuzkoa) Alurr dantza taldeko kideek aldarrikatu nahi dute erresuma hark bazuela izen eta izan bat. Eta haien eskolako gaztetxoei gure herriaren historiaren zati bat dantzaren bidez bizitzeko aukera eman nahi izan diete, «iraganik gabeko herriak etorkizunik ez duelako». Beraz, Izanak dirau, 1512 ikuskizuna osatu dute, 12 eta 16 urte arteko 23 neskarekin. Aiert Beobide eskolako irakasleak egin du koreografia, eta gaur estreinatuko dute, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean (20:00). Ikasleei, eta ikusleei ere bai, «bidaia» bat proposatu nahi die, «hura nolakoa zen imajinatzeko».

Protagonistak ere, neska gazte batek, bidaia bat egiten du, lurrean aurkitzen duen liburu bateko orrialdeak irakurtzen hasten denean. Eta orduan hasten dira dantzarien mugimenduak, momentu horretan hasten da atzera begirakoa. Koreografiak osatzeko, batez ere, «Nafarroako dantza tradizionalak» erabili ditu Beobidek: «Duten indarrarekin, jai giroarekin... Hori izan da oinarria kontatzeko nolakoak ziren nafarrak. Zeinen indartsuak, zeinen festazaleak, zeinen graziadunak...». Baina beste molde batzuk ere sortu behar izan ditu, «nafarrak ere beste gizarte batzuekin gurutzatu zirelako». Gaztelakoarekin eta Erromakoarekin, adibidez. «Gizarte horiek zer sentsazio sortzen zizkidaten kontuan hartuta eratu ditut beste mugimenduak». Gaztelarren folklorea identifikatzeko, esaterako, kriskitinak erabili ditu.

Neskek ez dituzte eskuratu kriskitinak estreinaldiaren aurretik Ibarrako lokal batean egindako entseguan, baina haiek harrituta bezain ilusionatuta daudehan, haien mugimenduak jarraitzen, pare bat kazetari eta kamera ikusita. Beobidek badaki «dezenteko oihartzuna» sortzen ari dela beren ikuskizuna: «Nabarralde eta Nafarroa Bizirik elkartekoak —emanaldia sortzeko haiekin jarri ziren harremanetan— lan handia egiten ari dira Euskal Herriaren historia ezagutzera emateko ahaleginean. Eta Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenaren aitzakiak jakin-mina piztu du». Eskolako dantzariei ere bai: «Konturatu gabe, gure historia barneratuz joan dira —irailean hasi ziren entseatzen—. Haiek gure etorkizuna direnez, jakin dezatela nondik gatozen, nora joango garen erabakitzeko».

Dantzaren bidez mezuak helaraztea, ordea, ez da erraza. «Bakoitzak bere burutazioak egiten ditu dantza saio bat ikustean. Halere, eszena batzuetan nahiko argi ikusten da zer ari den gertatzen». Ikusten da, adibidez,nafarren bizitza nolakoa zen; nola gurutzatu ziren beste gizarteekin, nola eragin zien kristautasunak... «Hori dena gertatuta ere, nafarrek jarraitzen zuten herriari eusten, beren sinesmenak mantentzen...». Beobideri iruditzen zaio hori guztia ulertzen dela ikuskizunean. «Gainera, liburuko istorioa irakurtzen ari den bitartean, neska gazteari burutik pasatzen zaiona entzuten da une oro. Horrek ikusleari kokatzen laguntzen dio». Eta ikusle horri «itxaropen mezua» helarazi nahi diote amaieran. «Jendeak hori barneratzea nahi dugu. Haria apurtzen dugu, eta konkistaren ondoren berriro altxatzen gara, denon artean berriro aurrera egiteko».

Eszenografia eta jantziak mimoz zaindu dituzte, eta baita musika ere. «Ez dira musika tresna tradizionalak, baina badute euskal tresnen kutsu bat». Erabili dituzte, adibidez, Alboka taldearen doinuak, uste dutelako horiek nahiko ondo adierazten dutela euskal sonoritatea. Indarra, intentsitatea, ematen diete dantzariek, gainera, lokaleko linoleozko zoruaren gainean emandako pausu neurtuei. «Konturatu dira zer den horrelako proiektu bat aurrera ateratzea, eta oso serio ari dira». Batetik, dantzarekin gure historia barneratuz, eta, bestetik ikuslea bidaia batera gonbidatuz, zer ginen imajinatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.