Xorroxin errekako ur sorginduetan sortzen da Bidasoa ibaia, Baztango mendi gorrixken artean. Haren urek Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdi zeharkatzen dituzte, Kantauri itsasoan ozeano bilakatu arte. Ibilbide horretan, tantaz tanta, hainbat artistaren sormena zipriztindu ohi du ibaiak. Ingurua ezagutzeko parada izan duten hainbat margolarik koadroetara ekarri nahi izan dute paisaia. Haietako bakoitza, bere begiradari leial, Bidasoa ibaiaren magia harrapatzen ahalegindu da.
Juan Carlos Pikabea margolariak prestatu du Irungo Amaia kultur zentroan zabaldu berri den erakusketa: Bidasoko maisuak. Inspirazioa eta dedikazioa. Atzo goizean aurkeztu eta arratsaldean zabaldu zuten. Garai eta jatorri ezberdinetako 28 artistaren 34 lan bildu dituzte han. Guztiak batzen dituen ezaugarria, Bidasoa ibaia izan dutela inspirazio iturri. Besteak beste, Gaspar Montes Iturrioz, Dario de Regoyos, Ricardo Baroja, Jesus Montes, Ana Mari Marin, Menchu Gal, Jose Mensuro Mensu eta Pikabearenak berarenak dira lanak.
Espazio bakar batean Bidasoaren bazterrak jaso dituzten hainbeste koadro biltzeak omenaldi itxura hartu du, Pikabearen iritziz. «Bizitza euren ametsei jarraituz, gure ibaiaren edertasuna eta tradizioak birsortzen igaro duten horiek omendu nahi ditu erakusketak. Ameslarien adibide hutsa da, bakoitzak bere lengoaiarekin leihoa zabaldu baitio poesiari».
Bakoitzak, bere begiradaz, interpretazio ezberdina egin ohi du gauza beraren inguruan. Eta Irungo erakusketak agerian uzten du hori. Leku bakar bat oinarrian izanik, zeharo gauza ezberdinak islatzen dituzte koadroek. Kolore ilunak nahiz biziak, paisaiak ala inguruetako giro soziala, baserriak eta tradizioa, argia edota elurra. Pintzela eskuan, bakoitzak bere nortasuna islatu du. Elkarren ondoan ilaran dauden koadroen aurrean, nabari da gauza bera bi burutan zein ezberdina den. Pikabearen iritziz, «bakoitzak bere ikuspegia izatea oso garrantzitsua da».
Urteak joan urteak etorri, ugari izan dira Euskal Herriko txokoak betikotu nahi izan dituzten margolariak. Haien edertasunak harrapatuta, sinetsi dute artearen munduan ere lekua merezi dutela. Pikabearen arabera, «bizitza gauza politez bete behar da».
«Atzera begira». Halaxe jarri da Pikabea bilketa egiterakoan. Haren aburuz, «gure historiaren zati bat bildu du erakusketak». Ibaia aintzat hartuta, folklorea eta ohiturak islatu dituzte artistek. Inpresionismora, espresionismora, kubismora eta abstrakziora hurbildu dira. Teknika ezberdinak baliatu dituzte, baina guztiek erakutsi dute paisaiarekiko lotura. «Bizi izan garen paisaia da, ederra benetan».
Hainbat garaitako margolariak bildu dituzte. Batzuk hilak dira, baina gehienak bizirik daude oraindik. Dario de Regoyos y Valdes da erakusketan ordezkatuta dagoen artista zaharrena, 1857an jaioa. Gazteena, berriz, Pikabea bera, 1964koa. Euskal herritarrez gain, espainiar margolariak ere harrapatu ditu Bidasoa ibaiak. Baztan eta Bidasoa inguruetako margolariekin batera, Madril nahiz Bartzelonako autoreei egin diete lekua erakusketan.
Iruñetik Irunera
Irunen baino lehen, Iruñean izan zen ikusgai erakusketa. Bidasoa ibaiak Gipuzkoa eta Nafarroa artean eratzen duen loturari jarraikiz, bi udalen arteko elkarlanaz jarri zuten abian egitasmoa. Iruñean, 80 koadro bildu zituzten, baina Irunen, leku urria dela-eta, aukeraketa bat egin behar izan dute. Halere, autore kopurua ez dute murriztu, bakoitzaren lan kopurua baizik. Maider Beloki Iruñeko Kultura zinegotziaren arabera, «sekulako arrakasta» izan du erakusketak han.
Antolatzaileez gain, margolariak ere bildu ziren atzo goizean Amaia kultur zentroan aurkezpenera. Makuluak eta bastoiak eskuan, adina ez zuten oztopo izan euren lana ilusioz erakusteko. Marinek bere koadroarekin argazkia atera nahi izan zuen irribarretsu. Mensuk, berriz, mintzagai izan zuen erakusketako koadroen irudiekin egin duten liburuxka: «Ez da gauza bera zuzenean koadro bat ikusi edo hemen ikusi, baina nahiko txukun gelditu da».
Pikabeak «atsegin handiz» prestatu du erakusketa. Gainera, lanean dihardu etorkizunean leku gehiagotan ikusgai izan dadin. Oraingoz, interesa Donostian jarria du, baina gustatuko litzaioke Baionara, Miarritzera, Bilbora eta Gasteizera ere eramatea. Horretaz gain, Madril eta Paris ez ditu baztertzen aukera moduan. «Erakusketa duina da, eta edozein lekutara irits daiteke».
Mensu margolariak Pikabeak egindako lana eskertu nahi izan zuen: «Artista bakoitzak bere obran jarri ohi du arreta. Bakoitza bere munduan bizi gara, eta hainbeste margolariren lanak elkartzea ez da lan samurra. Pikabeari zor zaio hori lortu izana».
Bidasoa ibaia, sormena zipriztinduz
Bidasoa ibaiaren eraginpean hainbat garaitan egindako margolanak bildu dituzte 'Bidasoko maisuak' erakusketan, Irunen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu