Musika

Bide bat bilatu nahian

Emma Anderson Lush taldeko kide izan zena 'Pearlies' diskoarekin estreinatu da bakarka. Poparen eta folk garaikidearen artean mugitzen da.

Emma Anderson
Emma Andersonen bakarkako lehenengo diskoa da 'Pearlies'
mikel lizarralde
2023ko abenduaren 3a
06:10
Entzun

Emma Andersonen (Londres, 1967) azken hogei urteetako ibilbidea gorabeheratsua izan da oso. 1990eko hamarkadaren lehenengo urteetan Lush taldeko abeslari eta gitarrista zenean, shoegaze mugimenduaren ikur nagusietakoa bilakatu zen, nahiz eta Lush, batik bat, pop kantu dotore eta bikainek ezaugarritu zuten. Gerora, taldea 1998an desegin ondoren, Lisa O'Neillekin Sing-Sing proiektua sortu, eta bi disko kaleratu zituzten elkarrekin: The Joy of Sing-Sing (2001) eta Sing-Sing and I (2005). Hamar urte geroago, Lushen berrelkartze batek berriro eraman zuen Anderson musikaren lehen lerrora, baina itzulera hark EP bat besterik ez zuen utzi emaitza gisa: Blind Spot (2016).

Orain, berriz, Lush sortu zenetik 36 urte pasatu direnean, Anderson bakarka estreinatu du bere burua, iraganeko oihartzunak jaso arren, batik bat bide berriak proposatzen dituen disko batekin: Pearlies (Sonic Cathedral). Andersonek berak azaldu duenez, azkenean diskoko parte izaten amaitu duten pare bat kantuk Lushen itzulera sendotuko zuen LP batean joan behar zuten, baina, «zoritxarrez», proiektuak ez zuen aurrera egin. «Pena eman zidan Lushek ez segitu izanak, eta bururatu zitzaidan telebistarako eta zinemarako musika idazten hastea». Audrey Rileyrekin hasi zen lanean, kantu batzuk idatzi zituzten, baina helburu jakinik gabe. «Ez genuen buruan disko bat grabatzea; gehiago zen 'sor dezagun musika, eta ikusiko dugu zer gertatzen den'. Baina jende guztiak esaten zidan ahazteko zinemarako musikaz eta zentratzeko disko batean».

Gainera, kantuak sortu ahala, bere lehenengo ideia izan zen haiek beste norbaitek abestea, nahiz eta Rileyk bultzatzen zuen Anderson kantatzera. Gerora, baina, Robin Guthrierekin disko posible bati buruz serioago hitz egiten hasi zenean, Cocteau Twinseko kide izan zenak ere esan zion berak kantatu behar zituela. Anderson: «Esan zidan ez zuela diskoa ekoitziko abesten ez banuen. Eta erabaki nuen aurrera egitea». Ez, ordea, beldurrik gabe, aitortu duenez. «Ez naiz eroso sentitzen fokuen azpian. Horregatik, niretzat pauso oso handia zen erdigunean jartzea».

Azkenean, pandemiak ezarritako mugak tarteko, Guthriek ez, baizik eta James Chapmanek ekoitzi du Pearlies, Lushen ondareari uko egin gabe, Andersonek bide berriak bilatu nahi dituela erakusten duen diskoa. Badira bertan Lushen oinordeko gaurkotu gisa har daitezkeen pop dotoreko kantuak —Bend The Round singlea, Clusters, The Presence—, baina askotan folkera nahiz psych-folkera lerratzen da Anderson, eta kutsu zinematografiko handiko piezak osatzen ditu: Inter Light, Taste The Air, Willow and Mallow —azken horrek 1970eko folkaren oihartzunak dakartza, baina sintetizadoreek XXI. mendean kokatzen dute bete-betean—. 

 

Eta nabarmentzekoa da diskoko kanta sasi-instrumental bakarra ere: Xanthe; ahotsezko «lalala» gutxi batzuekin, goxotasuna eta misterioa aldi berean transmititzen dituen pieza.

 

Diskoa grabatzeko orduan, Andersonek Richard Oakes Suede taldeko gitarristaren ezinbesteko laguntza izan du, eta, kantariak azaldu duenez, etorkizunean ere nahiko luke harekin lan egin. Aurrera begira jarri baita Anderson: «Hurrengo disko bat eginez gero, badakit kolaboratzailez inguratuko naizela. Eta nahiko nuke gizonezko kantari bat izatea ondoan, dueto baten modukoren bat egiteko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.