Martin L. Guevara. Capsula taldeko abeslari eta gitarrista

«Bidea erakutsi digun maisua da Bowie, orbanik gabeko ibilbidea egin duena»

David Bowieren disko ospetsuari heldu eta oso-osorik grabatu du berriro Capsula taldeak: 'Dreaming of The Rise and Fall of Ziggy Stardust and The Spiders From Mars' da emaitza.

CAPSULA.
mikel lizarralde
2013ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
The Rise and Fall of Ziggy Stardust and The Spiders From Mars, David Bowiek 1972an grabatu zuen diskoak gizaki eta rock-and-roll izar bihurtutako alien baten igoera eta erortzea zuen oinarri. 40 urte igaro direnean, klasiko, mitiko, bilakatutako lan hura goitik behera grabatu du Capsula taldeak (Gaztelupeko Hotsak). Gaur argentinar-bilbotarrek osatutako hirukoteak Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztuko du diskoa, gauerdian, Dock of The Bay jaialdiaren barruan.

Zerk eramaten du urteetan bere soinua garatuz joan den talde bat atzera begiratu eta disko mitiko bat berregitera?

2011ko apirilean, Jerry Corralek proposatu zigun Izar & Star saioen barruan David Bowieren kantu batzuk egitea. Eta hor bururatu zitzaigun bilbainada hau (kar- kar). Kantu batzuk egitea baino gehiago, disko oso bat jotzea, bere jatorrizko ordenan. Gero beste saio batzuk egin genituen, eta kantuak interpretatzeko modu propioa aurkitu genuela ikusita, erabaki genuen diskoa grabatzea.

Ziggy Stardust Bowieren diskorik enblematikoena izan daiteke. Garbi izan zenuten aukera?

Taldekide bakoitzari gauza jakinak gustatzen zaizkio. Natxori [Solimo], stoner-rocka; Coniri [Duchess] The Kinks, Jimi Hendrix, 90eko hamarkadako musika esperimentala... eta niri 70eko hamarkada hasierako punk-rocka, MC5, The Stooges... Baina Bowierekin ez dago eztabaidarik. Orokorrean eta partikularki Ziggy Stardust-ekin. Hirurak markatu gaitu.

Jatorrizko izenburuari Dreaming of gehitu diozue hasieran. Hori da zuentzat disko hau, Bowieren diskoaren gaineko nolabaiteko ametsa?

Bai. Bitxia da, baina lehenengo kontzertua prestatzen ari ginela, hirurok egin genuen amets Bowierekin. Gure ametsetan sartzen zen; neurri batean onespena ematen zigun. Eta bestetik, kantuei eman diegu beste ukitu bat, psikodelikoagoa-edo, ameslariagoa.

Gitarretan oinarritutako taldea izanik, Mick Ronsonek diskoan egindako lanari asko erreparatu diozue?

Heroia da. Gitarraren heroia baina baita konponketa egile izugarria ere. Berak egin zituen diskoko orkestra konponketa guztiak. Kondairak esaten du Bowiek melodiak kantatu ahala, Ronsonek harmonia guztiak osatuz zihoala.

Eta zer da Bowie zuentzat?

Bidea erakutsi digun maisua. Orbanik gabeko ibilbidea egin duen musikaria. Bere artearekiko koherentzia izugarria erakutsi baina etengabe aldatzen aritu dena.

Erretiratua zegoen eta ezustean jakin da disko berria duela grabatua. Entzun duzu aurrerapen kantua?

Bai, eta hunkituta igaro nuen eguna. Horrek ere ametsa ematen zuen. Eta oso kantu polita da, bere ibilbidearekin oso koherentea. 66 urterekin, gainetik kendu ditu bere mozorro guztiak, eta den bezala agertzen da. Dagoeneko ez da Ziggy Stardust-ekoa edo Berlingo garaikoa. Ezta 80ko hamarkadan estadioak betetzen zituena ere. Eta hala ere, bera da, makillatu gabe. Ibilbidearen amaieran biluzik agertu nahi izan balu bezala.

Zer ekarpen egiten dio azken disko honek taldearen ibilbideari?

Batetik, ondo pasatzeko modu bat izan da, festa handi bat. Lagun asko izan ditugu grabazioan: Ivan Julian, Matt Verta-Ray, Audience eta Sex Museumeko jendea... Beste diskoak erditzeak dira, eta erditzeetan gozamena eta sufrimendua nahasten dira. Hemen gozamena besterik ez dugu izan.

Taldearen lehenengo hiru diskoak berrargitaratu dituzue. Urruti ikusten dituzu?

Denborarekin ohartzen zara disko horietan hazia dagoela. Bakoitzak bere momentua izan zuen, eta hori oso pozgarria da. Inportantak izan ziren gure ibilbidean eta gure bizitzan. Eta erakusten dute egin dugun bidea, nahiz eta teknikoki mugatuak izan, oinarriak haietan daudelako.

Urte hauetan arrakasta ere lortu duzue, AEBetan esaterako. Zer da arrakasta zuentzat?

Arrakasta ez dago lotua salmentekin, baizik eta rock-and-roll talde batean jotzearekin. Hori da arrakasta guretzat; bidea egitea eta ondo pasatzea. Eta, oraingoz, ikaragarri gustura ari gara! Gainerako guztia behin-behinekoa da.

Urteak daramatzazue Bilbon bizitzen. Nola tratatzen zaituzte hiriak?

Oso ondo, baina, oro har, Euskal Herri osoak. Kanpoan jotzen dugunean, «los vascos» gara. Euskal Herrian dugu egunerokoa, eta oso identifikatuta sentitzen gara, baina hemen segitzen dugu argentinarrak izaten! (kar-kar).

Zein plan etorkizunerako?

Orain bira txiki bat egingo dugu diskoa aurkezteko, eta apirilean grabatu nahiko genuke disko berria New Yorken. Uda aurretik kaleratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.