Emankorra izan zen ipuingintza80ko hamarkadako euskal literaturan. Horretan izan zuen zerikusirik Joseba Sarrionandiak (Iurreta, Bizkaia, 1958), batik bat 1983an kaleratu zuen Narrazioak ipuin bildumarekin. «Goiztiarrena izan zen, eta beharbada hamarkada hartan eragin handiena izan zuena». Hala dio Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editoreak. Hizkuntzaren, gaien eta kontaeraren bestelako moldeak landu zituen hartan, eta gero etorri ziren beste bi: Atabala eta euria (1985) eta Ifar aldeko orduak (1990). Hiru bilduma horietako ipuinak batu ditu orain Elkar argitaletxeak Narrazio guztiak (1979-1990) lanean. Bildumetako ipuinekin batera, Sarrionandiak argitaratu gabeko beste hiru kontakizun jaso dituzte: Figlio di cane (1979), Maggie indazu kamamila (1980) eta Enperadore eroa (1981).
«Gaurkotuta» berrargitaratu dituzteipuin guztiak, bai ortografikoki, bai estilistikoki. Sarrionandiak berak berridatzi ditu ipuinak, Juan Luis Zabala BERRIAko erredaktoreak prestatutako gaurkotze ortografiko baten gainean. Gertakariak ez dira aldatu; estilistika, ordea, dezente: adjektiboak kendu eta jarri ditu, esaldien ordena aldatu, esaldiak edo paragrafoak erantsi... «Garai batean Sarrionandiaren hizkera exotikoa eta ederra baldin bazen, liburu honetan naturalago bihurtu da, baina eder izateari utzi gabe».
Ortografian eta estiloan egindako aldaketez gain, «hainbat oker zuzentzeko aukera edo buruera» izan du Sarrionandiak, berak hitzaurrean dioenez. «Baldintza gaitzetan» landu behar izan zituen. Narrazioak Puerto de Santa Maria espetxean idatzi zuen (Cadiz, Espainia), 1981-1982an; Atabala eta euria, berriz, Herrera de la Manchako presondegian (Ciudad Real, Espainia), 1983-1984an. Ifar aldeko orduak liburua ihes egin ondorengoa da, eta ez dago non eta noiz idatzi zuen azaltzen duten datu zehatzik.
Berritzearekin batera, ipuinen arteko lotura estutu du denak liburu bakarrean batzeak, «Bernardo Atxagaren ipuinei Obabakoak liburuan gertatu zitzaien bezala». Ipuinen artean badira batasun hari batzuk. «Batasun estilistikoa dute, helburuzkoa, poetika berezi bat eta gai jakin batzuk», Mendigurenen arabera. Harreman horren parte dira, esaterako, Ginebra erregina, Artur erregea eta Lanzelot pertsonaiak. Durango inguruko Etxaburu dorrean kokatu zituen, zehaztu gabeko garai batean, eta jolas bat egiten zuen haiekin. Horiez aparte, badira bilduma guztietan ageri diren haurtzaro giroko ipuinak, militante baten ibilera kamuflatuak deskribatzen dituztenak, fantastikoak eta kafkarrak ere. «Liburua hamarkada hartakoa da, eta bere horretan du esanahia. Hala ere, oraingo formatu honetan hobeto ikusten da idazlearen garrantzia, eragina eta balioa».
Ipuin sarituak
Hiru bilduma horien aurretik Sarrionandiak idatzi zituen hiru ipuin ere jaso dituzte. Ez da, ordea, argia ikusten duten lehen aldia. Figlio di cane 1979an argitaratu zuten Pott aldizkarian, Luigi Anselmi izenburuarekin. Maggie indazu kamamila lanak, berriz, Ignacio Aldekoa Arabako Foru Aldundiaren ipuin sariketaren lehenengo saria irabazi zuen, 1980an. Enperadore eroa ipuinak Bilboko Gabriel Aresti ipuin lehiaketa irabazi zuen; horrela, sariketako lehen ipuin saritua izan zen. Argitalpen hura, ordea, suntsitu egin zuten. Orduko Bilboko alkate Jon Castañaresek erre egin zuen, kaleratu zuten sorta berean gaztelaniaz idatzita zegoen ipuin bat gustatu ez zitzaiolako. 1981ean Cuentos Incombustibles liburuan jaso zuten Bilboko hainbat liburu denda eta elkartek.
Narrazio guztiak (1979-1990) janzten duen azala Vicente Ameztoi zenaren margolan bat da, Sarrionandiak hala eskatua. Kartzelan sartu aurretik Zeruko Argia aldizkariko kolaboratzaile izan zen Sarrionandia, eta Ameztoik askotan egiten zituen argitalpen haren azalak. «Begikotasun berezia zuen Vicenterekin».
Bidea ireki zuten narrazioak
Joseba Sarrionandiak 80ko hamarkadan idatzitako hiru ipuin bilduma jaso dituzte 'Narrazio guztiak (1979-1990)' laneanLiburuetan argitaratu gabe dauden hiru kontakizun gehitu dizkiote sortari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu