Big festibala bertan behera utzi dute

Michel Veunac Miarritzeko auzapezak dio ekoizleen baldintzak «onartezinak» direla hiriarentzat

John Berkhout taldeko kideak ere igo ziren Miarritzeko Big festibaleko oholtzara, 2013ko jaialdian. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Miarritzen 2009. urtetik uztailero antolatu den Big musika jaialdiak ez du 2017korik ukanen. Festibaleko arduradunek baieztatu dute bertan behera geratu dela. Miarritzeko auzapez Michel Veunacek zuen iragarri berria, herenegun gaueko auzapez ordeen kontseiluan, Mediabask komunikabideak atzo aurreratu zuenez. Atzo arratsaldean, oharra kaleratu zuen auzapezak, eta albistea baieztatu zuen: «Ez dugu Big jaialdirik ukanen aurten».

Alkateak oharrean azaldutakoaren arabera, azken hilabeteotan bilerak egin dituzte antolatzaileek eta Herriko Etxeak, baldintzak adosteko. «Jaialdi ekoizleak egin proposamenak, ordea, dela finantza mailan edo forma aldetik, onartezinak dira hiriarentzat». Halaber, auzapezak dio gogoeta bat abiarazten duela, datorren urtean «publikoari formatu berri bateko jaialdi bat proposatzeko». Miarritzeko Ozeanoaren Hiria deritzon museoaren inguruetan egingo litzateke, Ilbarritz hondartza ondoan, eta artista garaikideak nahiz «lehen mailako musikariak» bilduko lituzke jaialdiak. Datozen hilabeteetan emango du horri buruz azalpen gehiago.

Mediabask-en arabera, erabakia hartzeko arrazoi ekonomikoak aipatu zizkien Veunacek auzapez ordeei, herenegungo bileran. Big jaialdiko antolatzaile paristarrek milioi bat euroko diru galtzeak izan ei zituzten iazko jaialdian. Hala, jadanik adostua zuten 130.000 euroko diru laguntzaz gain, beste 150.000 euro eskatuak omen zizkioten Udalari, baita agorrila osora luzatzea Big Boite deitu diskoteka irekitzea.

Hasieratik ukan du laguntzaile Miarritzeko Udala Big jaialdiak; bai dirutan, bai azpiegiturentzat erraztasunak emanez ere. Talde ezagun anitz aldizkatu dira bere taula gainean. Horien artean daude, besteak beste, Stromae, Placebo, Neil Young, George Ezra, Wu-Tang Clan eta Selah Sue. Baina urteak joan, urteak etorri, ez du lortu publiko egonkor eta zabalik. Antolaketa kaskarragatik ere entzun dira kritika ugari. Berri Txarrak taldeak, adibidez, bertan behera utzi zuen bere kontzertua 2012an. Tokikotasun eskasa ere kritikatu zaio hasieratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.