Bigarrenak indartsu datoz

Baleapop eta Usopop jaialdiak indie musika eta pop kultura Lapurdira ekartzeko gogoz datoz berriz ere

Mursegok zuzenekoa eskainiko du Sarako mendietan, Usopop jaialdiaren barnean. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Indie izena hartzen duen musikan bereziki, baina baita pop kulturan ere, oro har, mundu horietan murgiltzeko proposamena egiten dute Lapurdiko Baleapop eta Usopop jaialdiek agorrila honetan. Baleapop Lapurdiko Getaria eta Zibururen artean hedatuko da 11tik 14ra. Eta Usopop, Sarako Lizarrieta lepoan, agorrilaren 27an. Bi jaialdiak lagun dira, «burua zuhaitzetan, zangoak itsasoan», haiek dioten bezala. Baleapopek Moi Moi artista kolektiboa du oinarri; «artea ez da gauza larri bat» lelotzat duen kolektiboa da, musikan eta arte garaikidean murgildu artistez osatua. Usopopekoak horiekin lagun izateaz gain, badira EHZ jaialdian ari diren zenbait ere.

Biek bigarren aldia dute aurtengoa. Iaz jaso arrakasta baikorrak «indarrez puzturik», berrizhasteko irri handiz daudela dio Baleapopeko Jeanne Boulartek. Gainera, aurrekontu aldetik ere sos gehiago ukan dutela, ariko diren musika taldeetan, araberan, zenbait izen ezagun ekartzeko aukera izan dute. Dela, adibidez,Luke Abbott. Ingalaterratik etorriko da, Border Community label ezaguneko kide da eta elektroaren munduan anitz aipatua. Beste estilo batean, Petit Fantome ere —Bordeletik etorriko da— nabarmendu du Boulartek. Bi horiek Baleapopen izanen dira, eta François and The Atlas Mountains, berriz, Usopopen ariko da. Petit Fantomeri lotua da hura, François Saintes hirikoa (Frantzia), baina Bristolen (Ingalaterra) garatu du musika. Bere hiru adiskideekin udazkenerako prestatzen ari diren lan luzea aurkeztera etorriko dira Euskal Herrira.

Halere, Boulartek zehaztu du Baleapopen helburua ez dela talde ezagunak ekartzea. Urteko «talde kutunak» ezagutaraztea dute nahiago, egitarau «eskuragarria, puntakoa, originala eta irekia» eskainiz. Betiere Baleapopekin segituz, egitarauarekin segituz, Maitane Sebastian biolontxelo jotzailea dago. Bakarrik osatu lehen diskoa atera berria du: Searching Plato Bay (La Cour des Miracles). Marjane Satrapiren Persepolis filmeko musikan parte hartzeaz gain, Garazi Philanthropik orkestrako kide izana da baita ere. Ondotik, Lobba ariko da. Euskal Herriko lau artistaren proiektua da: Panda Valium, Martouf eta Elorn. Zuzeneko bat estreinatuko dute, besteak beste, Ziburuko atun arrantzako munduko irudiak oinarri. Badago baita ere Odei taldea, Matthysek, Maxime Hoareauk eta Arnaud Biscayk osatua. Musikaren ondoan, arte garaikideak ere ukanen du leku berezia, hainbat artistaren bidez. Argazkilari, margolari, grafista eta beste, Getariako parkean elkartuko dituzte. Hainbat tailer ere proposatuko ditu jaialdiak, marrazki, musika eta bar. Haurrentzat ere izanen dira. Izena aitzinetik eman behar da, [email protected] helbidera idatziz. Horretaz guztiaz gain, musika elektronikoak busti loaldi, merkatu, ostatu, arno dastaketa eta piknikak ere osatuko dute jaialdia.

Musergo, Usopopen

Itsasotik mendira, Sarako mendi gaineko edertasunaz gozatzera gonbidatzen du berriz ere Usopopek. Haurrentzako Xan Errotabehereren ipuinekin hasiko da. Lizarrietako oihanean ibilaldi bat egin, eta kontzertuek hartuko dute lekukoa. Ariko direnen artean, Getxoko Mobydick «sentimenduz betetakoa» da, Usopopekoen hitzetan. Mars Red Sky Bordelekoa «frantses stoner eszenako ordezkari hoberena» da. Elektro Eszenako The Suicide of Western Culture ere ariko da, eta Mursegoren munduak loratuko du guztia. Bukatzeko, Sanpantzar vs Cindydjrella DJen lehia izanen dute. Dantzak ere ukanen du lekua, Arantxa Lannes koreografo eta dantzariarekin. Egun osoko sartzea bederatzi eurotan finkatua dute antolatzaileek. Baleapopen kasuan, 3 eta 10 euroren artean dituzte sartzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.