Aurtengo Lizarrako (Nafarroa) Antzinako Musikaren Asteak Donejakue bidea izango du protagonista, eta «Donejakue bideak herrialdean utzi dituen eragin artistiko eta musikalak» nabarmentzea izango du xede. Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak bultzatzen dute egitasmoa, eta bihar abiatuko da 52. aldia, Izarrak bidean lelopean. Hurrengo larunbatera arte, Erdi Arotik Barrokora arteko hainbat garai, estilo eta musika tresna uztartuko dituzten hemeretzi programa eskainiko ditu.
Jarduera gehienak Lizarran egingo dituzte; egoitzen artean egongo dira aurreko urteetan jada kontzertuak hartu zituzten zenbait toki, hala nola Santa Klara komentua, San Migel elizan eta Los Llanos kulturguneko lorategiak; baina baita beste leku berri batzuk ere, hala nola Merced auzoa eta Hilobi Santuaren eliza. Horiez gain, Lizarratik kanpoko toki batzuetara ere zabalduko da egitasmoa: Villatuertako San Migel Arkanjeluaren ermitara, Iratxeko monasteriora eta Eunateko elizara, besteak beste.
Egitaraua bihar zabalduko da, 17:00etan. Ordu horretan, Iruñeko Katedraleko kanpai joleek Lizarrako kanpai guztiak joko dituzte, jaialdia inauguratzeko. Une horretatik aurrera eskainiko dituzten kontzertu nagusien artean, lehenengoa Maite Beaumont & Al Ayre Español taldearena izango da, bihar bertan, arratsaldeko 19:00etan, Lizarrako San Migel elizan.
Gainerako kontzertu nagusiak honako hauek izango dira: igandean Artefactum taldeak joko du; astelehenean Maria Cristina Kiehr & Ariel Abramovich; eta asteartean Opera Omnia; hiru horiek leku eta ordu berean, 19:00etan San Migel elizan. Asteazkenean, Jose Hernandez Pastorren txanda helduko da: 21:00etan joko du, Eunateko Santa Maria elizan. Ostiralean, hilak 10, Enrike Solinisek joko du, 17:00etan Santa Klara elizan, eta Conductus Ensemblek, 19:00etan San Migel elizan. Azkenik, larunbatean, hilak 11, La Regalada taldeak kontzertua emango du, 17:00etan San Migel elizan, eta bi ordu geroago, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak itxiko du jaialdia, Los Llanos kulturguneko lorategietan.
Proposamen bereziak
Programazio orokorraren osagarri gisa, aurten jaialdiak Donejakue bidearekin lotutako zenbait proposamen berri eskainiko ditu. Hasteko, igandean, Bidean izeneko jarduera egingo dute, eta hiru talde berrik kontzertuak eskainiko dituzte: El Parnasillok, Ensemble Allettamentok eta Anacroniak.
Bestalde, hilaren 8ko gauean, izarrekin lotutako proposamen bat eskainiko dute: Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendariak eta Joaquin Sevilla fisikariak zeruari buruzko azalpenak emango dituzte, 22:00etatik aurrera, Eunateko Santa Mariaren inguruan. Haien hitzekin batera, Edurne Aizpunen harparen hotsa entzungo da.
Beste berrikuntza bat SMADE Belaunaldiaizeneko proiektua da, «Europan antzinako musikan sortzen ari diren talentuak erakartzea» helburu duena. Hala, jaialdiak zenbait artista gazte gonbidatu ditu, euren lana erakuts dezaten, eta ikus-entzuleekin zein sektore profesionalarekin harremanetan jar daitezen. Aukeratutako taldeak dira Brezza Ensemble, Duo Montserrat Isanta & Jon Wasserman, Preterito Imperfecto, Hispana Lyrica eta Duo Sempiterno. Hilaren 7an eta 8an taularatuko dira, astearte eta asteazkenean, Lizarrako Fray Diego kultur etxean. Azken emanaldi bat ere eskainiko dute, San Migel elizan, ostegunean.
Egitasmo hori Lizarrako Udalaren babesarekin antolatu dute, eta udalak 3.000, 2.000 eta 1.000 euroko laguntzak emango dizkie parte hartzaileen artean aukeratutako taldeei; sari horiekin batera, ikus-entzuleek talde bat aukeratuko dute, eta 2022ko jaialdian parte hartzeko gonbidapena jasoko du.
Jaialdirako sarrerak Baluarte Fundazioaren webgunean edota leihatiletan bertan eros daitezke, baita kontzertuetako egoitzetan ere, kontzertuak hasi baino ordubete lehenagotik.