Eneritz Zabaleta (bertsolaria)

Bihar, beste lan bat

Eneritz Zabaleta BERRIAko errugbi arloko kazetaria Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketako finalean ariko da bihar. "Lehenik, finaleko plaza deskubritzea dut helburu". Hura elkarrizketatu du BERRIA.INFOk.

2010eko azaroaren 12a
10:46
Entzun
Bihar jokatuko dute Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketako finala Donibane Lohizunen (Jai-Alai pilotalekua, 17:00), eta BERRIAko kazetari bat da zortzi finalistetako bat: Eneritz Zabaleta. Errugbiaz arduratzen da. Harekin mintzatu da BERRIA.INFO gaur.

Bihar ez duzu behintzat, BERRIArako lanik egingo...

Ez, ez, errugbirik ez nik bihar. BERRIAko bati baino gehiagori tokatuko zaio Donibane Lohizunekoari buruz lan egitea, eta nik beste lan mota bat egin beharko dut.

Lehen aldiz sailkatu zara finalera. Ezustean? Noiztik zabiltza plazan?

Ez dakit ezustean izan den, baina hori bazen nire helburu bat, eta beteta, gustura. Haurretatik hasi nintzen bertso eskoletan, eta adin helduan sartu naizenetik nabil plazan, bertsulari gazte gehienak bezala plazan lekua egiteko zailtasun horrekin, baina kontent.

Sailkatze fasean, gainera, bigarren izan zinen, Sustrai Colinaren aurretik. Zer esan nahi du horrek?

Bertsoa epaitzea oso zaila dela. Mila faktore sartzen dira hor: eguna, gaiak, kantukideekin lortzen den sintonia, saioan pizten den giroa... Sustraik eta nik ez genuen saio berean kantatu eta, nire ustez, Luhusokoa Gabadikoa baino hobeki atera zen. Horregatik, seguraski, puntuaketan oso tarte txiki hori.

Finalerako zein da zure helburua?

Lehenik, plaza deskubritzea. Finala berria da niretzat, eta ea nola sentitzen naizen plaza handi horretan. Gero, niretik kantatzea da, eta entzulea gustura uztea. Ea finalean tarteka goia jotzen dudan eta entzulea nire bertso batzuekin oroitzen den.

Zer ariketatan ibiltzen zara ondoen? Arazo gehien non?

Txikiko bertsolaria naiz, oro har. Zortziko txikian pozik nabil, eta puntu erantzunean ere bai. Pena biak finalean ez direla egonen! Bestela, orain arte bakarkako lanak ez zidan grazia handirik egiten, baina pixkanaka ari natzaio neurria hartzen.

BERRIA.INFOko inkestako partaideen %85en arabera, Amets Arzallus da txapela janzteko faborito nagusia. Hain faborito al da?

Euskal Herriko bertsulari onenetarikoa da Amets, eta normala da faboritoa izatea. Baina orain bi urte Sustraik txapela eraman izan balu ez zen merezi gabe izanen. Sustrai ere bertsolari handia da, eta kasu berekin!

Zer ari zarete lortzen Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Xapelketarekin? Jende gaztea erakartzea, batik bat? Nor izatea Iparraldeko bertsolaritza?

Xapelketa eraikitze prozesuan dago. Bigarren edizioa baino ez da aurtengoa, eta egia da jende gaztea sumatu dugula saioetan. Haiek euskarara eta bertsora hurbiltzea da helburua, eta pixkanaka bertso saioak antolatzeko gogoa ematea. Bestalde, hiru lurraldeotako bertsoaren erakusleihoa izanen da xapelketa, eta gure nortasunetik kantatuko dugu. Ea jendearendako gozagarri izaten den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.