Zinema

Bihar hasiko da Zinebi jaialdia, formatu hibridoan

Guztira, 122 film emango ditu Bilboko nazioarteko film laburren eta dokumentalen festibalak, eta, partez presentziala eta partez digitala izango da egitaraua. Film guztiek euskarazko azpidatziak izango dituzte

Alberto Vazquez zinemagilearen 'Homeless home' animaziozko filmeko fotograma bat. ZINEBI
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 12a
13:42
Entzun 00:00:0000:00:00

«Hibridoa». Hitz hori hautatu dute antolatzaileek Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 62. Jaialdia deskribatzeko. Koronabirusak hartara bultzatuta, partez presentziala eta partez digitala izango den jaialdi bat antolatu dute aurten, eta, beraz, Bilbon bertan zein norbere etxean jarraitu ahalko da bihar hasi eta azaroaren 20ra arte prestatutako egitaraua. Vanesa Fernandez jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, «titanikoa» izan da jaialdia aurrera ateratzeko egindako esfortzua. «Jaialdi presentziala egiteko egindako esfortzuak merezi du. Inoiz baino gogorrago egin dugu lan, zinemagileek inoiz baino gehiago behar izan gaituztelako». Orotara, 122 lan proiektatuko ditu jaialdiak: haietako 89 film laburrak izango dira, 27 film luzeak, eta 6 iraupen erdikoak. Eta proiekzio andana horren artean, Euskal Herrian ekoitzitako zazpi film labur izango dira lehia ofizialean. Sr. Polaroiska artista bikoteak aurkeztuko du irekiera gala, Bilboko Arriaga antzokian, eta ekitaldiaren ostean proiekatutako dituzte lehiaren parte izango diren zazpi euskal ekoizpenak lehenengoz; hilaren 19an emango dituzte bigarrenez.

[youtube]https://youtu.be/qhoCTSsv7hY[/youtube]

EUSKAL EKOIZPENAK

Jaialdi osoan, Euskal Herriko 29 film proiektatuko dituzte, guztira. Lehiaketatik kanpoko Bertoko Begirada izeneko sailean emango dituzte haietako 22, eta sail ofizialean lehiatuko dira beste zazpi. Euskaraz sortutakoak dira lau, elebiduna da beste bat, mutua beste bat, eta gaztelera hutsezkoa ere bakarra da. Zazpikotea lan hauek osatuko dute: Hauazkena kolektiboak Rafael Ruiz Balerdi artistaren animazio lana abiapuntu hartuz sortutako Ehiza animazio filma; Mamaddi Juanarenak Amerikako bidaia oroitzen duen Lur Olaizolak zuzendutako Zerua blu film dokumentala; Estibaliz Urresolaren familia harremanei buruzko Polvo Somos fikziozko lana; Psiconautas film luze saritua sortu zuen Alberto Vazquez marrazkilariaren ohiko mundu iluna biltzen duen Homeless Home animaziozko lan laburra; Maria Elorza eta Koldo Almandozek zuzendutako Quebrantos dokumentala; Xabier Larrazabalek zuzendutako Maite fikziozko film labur surrealista; eta Hemen gaur berriz dokumentala, Aitor Gametxok zuzendutakoa.

Jaialdiarekin oso eskertuta azaldu dira zuzendari guztiak euskal ekoizpenak aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Eusteagatik, batetik, eta urteetan egindako lanagatik ere bai. Bego Vicario zuzendari eta animatzaileak, esaterako, bere sorkuntza lanaren muinean kokatu du Zinebi. «Gure belaunaldiko askori hemen sartu zitzaigun zinemaren birusa».

[vimeo]https://vimeo.com/451587055[/vimeo]

FISIKOA ETA DIGITALA

Lau gune fisiko izango ditu jaialdiak: Azkuna Zentroko Golem zinema aretoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Guggenheim museoa eta Arriaga antzokia. Eta Internet izango da jaialdiaren bosgarren espazioa. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Fest Home plataformaren bidez ikusi ahalko dira, adibidez, lehiaketa ofizialeko lanak, eta Filmin plataformak emango ditu Zinebi First Film lehia sailean ikusi ahalko diren bederatzi film luzeak, baita bederatzi dokumental luze ere.

Emanaldi presentzialak prest zeuzkatela, ekitaldiak berriz antolatu behar izan dituzte, azken segurtasun eta osasun neurriak bete ahal izateko, eta, horregatik, emanaldi guztiak beti hasiko dira beranduenez ere 19:00etan. Aretora doazen ikus-entzuleek Eusko Jaurlaritzak ezarritako 22:00etako etxeratze agindua bete dezaten. Aretoen eserlekuen erdiak bakarrik beteko dira, bestalde, eta bertan beharrezkoa izango da maskara jantzita eramatea.

LEHIAKETA

3.525 proposamen ikusi ostean osatu dute aurtengo programa antolatzaileek, eta haietako 60 hautatu dituzte Sail Ofizialean parte hartzeko. Jaialdiko Sari Nagusia lortzen duen filmak 7.000 euroko saria jasoko du, eta kategoriaz kategoriako sari bana ere izango da gero. Irabazle nagusi horrez gainera, epaimahaiak garaile bana izendatuko du fikziozko, animaziozko eta ez-fikziozko lan onenagatik. 5.000 euroko saria izango du haietako bakoitzak. Horrez gainera, opera prima onenak ere 12.000 euroko saria jasoko du. Bederatzi film luze daude lehian, kasu horretan. Azaroaren 20an jakinaraziko dute zein diren irabazleak, eta sari txikiagoa duten hainbat garaikur ere banatuko dituzte ekitaldian.

Lehiaketatik kanpok hainbat lan ere proiektatuko dituzte. Hain zuzen ere, nazioarteko beste jaialdietan proiektatutako lanik interesgarrienak biltzea izango du helburu Beautiful Docs sailak, eta, orotara, bederatzi ekoizpen eskainiko dituzte bertan. Eta Bertoko begiradak atelean bildutako 22 euskal ekoizpenek osatzen dute lehiaz kanpoko eskaintza.

OHOREZKO SARIAK

Ohorezko bi Mikeldi banatuko dituzte. Jean Pierre eta Luc Dardenne zinemagile belgikarrek jasoko dute haietako bat. Ezagun da haien izena nazioarteko zinemagintzan. Canneseko jaialdian, esaterako, bi Urrezko Palmorri jasotakoak dira. Fikziozko film luzeak egiten aritu aurretik sortutako film labur eta dokumentalak hartuko ditu gogoan jaialdiak, ordea, eta, hain zuzen ere, haien lehen film luze dokumentalaren bertsio berritua proiektatuko du bihar: 1977ko Le chant du rossignol.

Ana Murugarren zuzendariak eta Maria Eugenia Salaberri gidoigile eta ekoizleak jasoko dute beste ohorezko saria. Jaialdiko arduradunen hitzetan, «aitzindariak» izan ziren biak 80ko eta 90ko hamarkadetako Bizkaiko zineman, eta egindako lan horregatik omendu nahi ditu orain.

EMAKUMEAK ETA EUSKARA

1974an eman zion Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak nazioarteko jaialdi kategoria Zinebiri, eta hasieratik izan ditu film laburrak nortasun ikur nagusi. Oscar sarietarako, BAFTA sarietarako eta Goya sarietarako kalifikatzaile izaten da Zinebin saritua izatea egun, eta, antolatzaileek emakumezko zinemagileekin duten konpromisoa ere kuantifikatu nahi izan dute aurten. Zehaztu dutenez, proiektatuko diren lanen erdiak baino gehiago dira emakumeek zuzendutakoak. Horrez gainera, euskarazko azpidatziekin proiektatuko dituzte jaialdiko lan guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.