—Badago kontatu nahi dizudan zerbait —esan dit, eta hautsontziaren kontra zapaldu du zigarroa, aukera baliatuz niri oraindik ez begiratzeko—. Pentsatuko duzu erotu egin naizela.
Ez dut pentsatu nahi erotuta dagoenik, beraz ez ekitea erabaki dut. Bera ere urduri dago. Eskuak sartu ditu patriketan eta tabako pakete berria eta su-piztekoa atera ditu. Gero mahai gainean jarri ditu eskuak: handiak, zakarrak, astunak. Azkazal ongi moztuak ditu.
—Begira.
—Zer?
—Ez duzu ezer arraroa antzematen?
—Ez.
—Erreparatu ongi.
Betazal ertzak presa bilakatu zaizkio.
Eskuak hartu eta ahurrez gora jarri dizkiot. Hatz potoloekin sakatu ditut.
—Zer?
—Ez dira nireak.
—Zer.
—Eskuak.
—Zer?
—Ez dira nireak. Aitari ez diot oraindik ezer esan; lehengo astean gertatu zen, horrela esnatu nintzen. Badakit zaila dela sinesten, baina hala da, ez esan ez duzunik nabaritzen.
Ernegatzen ari da. Eskuak erretiratu eta tabako paketea hartu du. Hortzekin lagunduta kendu du zelofana. Sendoak ditu, eta hemezortzi urtetatik erretzen duen arren, itxura onekoak.
—Joan al zara medikuarengana?
—Ez esan txorakeriarik. Ez naiz ohitzen. Esku berriekin erretzera, esan nahi dut. Dena da ezberdina, baina batez ere erretzea.
Kosta egin zaio zigarroa piztea. Orain arraroa zait zigarroa heltzeko bere manera, hatzak eskutik irteten diren lekuan jarri du, eta ezpainetara eramaten duen bakoitzean erakuslea eta erdiko hatza aurpegiaren alde batean kakotzen zaizkio, aurpegiaren herena estaliz. Erdiraino erre eta itzali egin du.
—Ez naiz ohitzen. Badakit zer pentsatzen ari zaren, zure amak burua galdu duela. Niri ere hala iruditzen zait, zer uste duzu ba, tuntuna naizela?
Kosta egiten zaio kikara platertxoaren erdian ipintzea, eta hurrupa bakoitzean okertuta utzi du.
Sei hilabete ez ziren igaro erretiratu zenetik, hogeita bost urtetik gora sukaldean jardun ondoren Groseko Loretxu tabernan. Bere kalkuluen arabera berrehun mila kroketa egin zituen berak bakarrik, banan-banan, «eta ez nolanahikoak». Egia zioen. Tabernako kantoi batean prentsan argitaraturiko losintxak zituzten ikusgai eta, eskaintzan zegoen pintxo samalda gorabehera, ez zegoen kroketak nabarmentzen ez zituen artikulurik. Baina bere lorpen handiena ez zen hura izan, aldagela eta dutxak jartzeko nagusia konbentzitu izana baizik, eta hala, koipe arteko lanegunetatik usain oneko ez ezik koktel baterako gertu irten ohi zen.
Eskutarako krema zurrusta bat ipini du eskugainean. Biribilak marraztuz zabaldu du. Adi-adi behatu dut esku haiek bereak beste inorenak ezin dutela izan agerian utziko duen argudio baten bila, alferrik.
—Atzamar bakoitza zentimetro luzeagoa daukat, eta begira diametro hau —erdiko hatza nire begien parean jarri du ni begiak okertzera behartuz—. Normala iruditzen al zaizu? Goazen, hemendik gutxira ezingo da-eta dendetan sartu.
Ez nuen jakin zer egin. Amaren atzetik abiatu nintzen. Artean ez zebilen jende gehiegi, egia zen. Hotz zegoen. Zuhaitz guztiak gorri zeuden, kale garbitzaileen makinen tripetan egongo ziren falta zitzaizkien hosto guztiak, lurrean ez baitzegoen bakar bat ere.
Behin ere sartu gabeko denda txikietara eraman ninduen. Oihalak haztatzen zituen zebra betaurrekoak sudur puntan jarrita, tiraldiak eragiten zizkien. Jantzi pare bat begiz joz gero berehala ebazten zuen bietatik zein erosi eztabaidaezinak ziren arrazoiak aletuz. Amak beti izan du nik baino gustu hobea. Nor bere jatorrizko klasetik ihes egiten ahalegintzen ginen, hura estiloaren bidez eta ni intelektuaren bidez; irrigarriak ginen urrutitik begiratuta.
Joanesen oparia bukaerarako utzi genuen. Nik ez nekien non bilatu. Kolpetik, kale erdian geratu zen ama:
—Berezi esaten duzunean zer esan nahi duzu? —gogaituta zirudien.
—Egunero erabiltzekoa ez dena, baina ez okasio berezietan jartzekoa delako, baizik eta agian berari ez litzaiokeelako bururatuko erosterik, nik erosita ordea gustura jantziko lukeena.
—Bai konplikatuak zaretela oraingo gazteak. Polita, ez? Eta ezin ordainduzkoa izan gabe, ona.
Nire belarrietara dimentsio mistikoa hartzen zuen on hitzak berak esanda.
—Horrelako zerbait.
—Joanesen alde ona da, dena gustatzen zaiola. Edo hori edo oso zuria da.
—Hala iruditzen zaizu?
—Ez, ez zait iruditzen. Ongi zaudete?
—Egia esan, bai, bolada ona daramagu. Orain ogia egiten hasi gara etxean, mundu bat da hori ere.
—Biak zarete jenio bizikoak, ez da erraza izango.
—Begira zer oparitu didan... —ahultasun une bat izan zen, bihotza zabaldu nion zintzilik neraman lepokoa erakutsiz: urrezko zitara bat, Emausen merke-zurrean erositakoa.
—Badakit non —esan zuen pozik, lepokoari jaramonik egin gabe, eta bere gorputza zen emozioen eroale xelebreak zapata dantzan jarri zion, gora eta behera, puzgailu bati eragiten ariko balitz bezala—. Ez dakit nolatan ez zaidan orain arte bururatu.
Egindako bidea desibiltzen hasi ginen, pozik zirudien.
—Eta orain baduzu lanik? Ordaindutakoa, esan nahi dut —galdetu zidan aurrera begiratzeari utzi gabe.
—Pasa den astean Legebiltzarretik deitu zidaten ordezkapen baterako eta etzi aldibereko itzulpena egin behar dut hizkuntza gutxituen inguruan egin behar duten kongresu batean.
—Eta Nobel sariaren itzulpena?
—Ez da Nobel saria, azken urteotako hautagaietako bat baizik.
—Zenbat ordainduko dizute?
—Plazeragatik egiten dut, zenbat aldiz esan behar dizut? Bestea nahiko txukun ordaintzen dute.
—Funtzionario sartu behar zenuke. Opor onak eta soldata hobea, Eneritz bezala. Eta etxea garbituko dizuen norbait hartu, astean behin, buhame amets horiek baztertu, ikusten duzue ez direla bideragarriak.
—Buhametasunak behintzat koartada ematen dit txerri izaten jarraitzeko, bada zerbait. Ez dakizu zenbat emakumek nahi luketen eurentzat horrelako aitzakia bat.
—Neuk ez.
—Hori badakigu.
—Konplexu gehiegi dituzu. Beti izan zara...
—Kontuz esango duzunarekin.
—Zure bizitza da, hori ere hala da.
—Nire txerri bizitza —amaren parean ispilu deformatzaile baten aurrean bezala ikusten nuen nire burua.
—Ez dut horrelakorik esan. Bizitza interesgarria duzu, ez nirea bezalakoa: bexamela prestatzen joan zait.
—Ez da hainbesterako.
—Berriro jaioko banintz...
—Turismoa ikasiko zenuke, bai. Baina humanitateari mesede handiagoa egin diozu jateko goxoa ematen, herrialde txiroetara aberaskiloak bidalita baino.
LIBURU AURRERAPENA
Bihotz handiegia. Ez duzu ezer arraroa antzematen?
Datorren astean aurkeztuko du Eider Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) 'Bihotz handiegia' bere laugarren ipuin liburua. Arroztasun sentipena duten pertsonaiak protagonista dituen sei narrazio biltzen ditu. Honako hau da horietako baten pasarte bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu