La maquina de pintar nubes (Hodeiak margotzeko makina) pelikula egin zuten orain dela lau urte Aitor Mazok eta Patxo Telleriak. Istorio dramatiko hori frankismoaren azken urteotan gertatzen zen, eta gatazka soziala eta artea uztartzen zituen Bilbo gris batean. Lau urte igaro direnean oso bestelako pelikula batekin itzuli dira Mazo eta Telleria, Bypass komedia erromantikoarekin.
Joan den Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten filma, eta oso kritika onak jaso zituen. Gidoiaren freskotasuna, aktoreen lana, umore jostagarria eta istorioaren erritmoa izan ziren Zabaltegi sailean ikusteko aukera izan zutenek goraipatu zituzten alderdietako batzuk.
Hilzorian da Maria. Bihotzeko gaixotasun larria du eta azken hatsetan dela uste dute denek. Xabi Bartzelonan bizi den euskal enpresaria da, Mariaren aspaldiko laguna. Hil behar dela sinetsita, laguna agurtzera hurbilduko da. Orduan jakinen du Mariak maite duela. Hilzorian dagoen pertsona bati ezin disgusturik eman eta Xabik aitortuko dio berak ere maite duela. Errealitatea zeharo diferentea da, Xabik haurdun dagoen bikotekidea baitu Bartzelonan.
Ezustean Maria sendatuko da, bihotza ahula izaten segituko du, baina ez da hil. Ezin zaio susto handirik eman. Xabi harekin maiteminduta dagoela uste du, eta inor ez da ausartuko kontra egiten. Are gutxiago Xabik berak; hortaz, harreman paraleloa hasi beharko du.
Gorka Otxoa, Barbara Goenaga eta Sara Cozar dira Bypass-eko protagonista nagusiak. Haiekin batera, beste euskal aktore ezagunek hartu dute parte komedia honetan, Mikel Losadak eta Unax Ugaldek, besteak beste.
'BYPASS'
Zuzendariak: Aitor Mazo, Patxo Telleria.
Aktoreak: Gorka Otxoa, Barbara Goenaga, Sara Cazar, Mikel Losada, Itziar Atienza, Aitor Mazo, Unax Ugalde.
Herrialdea: Euskal Herria.
Urtea: 2012.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Bihotz kontuak
Zinemaldiko harrera onaren ostean, aretoetara ailegatu da 'Bypass' komedia erromantikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu