Askatasuna. Hori du Joserra Senperenak (Donostia, 1965) bere lanaren ardatz nagusietakoa. Askatasuna, aurretiazko baldintzarik ez diolako jartzen bere buruari konposatzeko orduan, eta askatasuna, prestakuntza klasikoa izan arren —piano eta harmonia klasikoak ikasi zituen—, ez zuelako ikasi kontrapuntua eta konposizioa, eta, halaber, inoiz ez duelako bere langintza horretara bideratu: «Ez dakit nola egiten diren sinfonia bat, opera bat, sonatak...». Horregatik sentitzen da aske idazteko orduan, eta horregatik dira askeak 9 ganbera pieza (Elkar) bere disko berriko lanak: «Forma aldetik pieza libreak dira; bere egitura dute, egitura propioa, bakoitzak berea, bakoitzak eskatzen duena».
Ez da hutsetik sortutako disko bat. 2012an 10 trio piano, biolin eta akordeoirako diskoa (Gaztelupeko Hotsak) kaleratu zuen, eta haren jarraipen gisa uler daiteke disko berria. «2013ko udan hasi nintzen lan hau idazten, eta buruan ideia bakarra nuen: talde handiago batentzako musika egitea». Ez zekien orkestra batek edo ensemble batek interpretatzeko idatziko zuen, «eta idatzi ahala joan zen diskoa forma hartzen». Azkenean zazpi musikarik interpretatu dituzte Senperenak idatzitako piezak: Xabier Gilek (biolina), Elena Escalza (biolontxeloa), Jose Miguel Chrivellak (klarinetea), Salvador Tudelak (tronpa), Francesca R. di Nicolak (harpa), Karlos Aranzegik (perkusioa) eta Senperenak berak (pianoa).
1990eko hamarkadan besteak beste Minxoriak, Eltzegor, 21 Japonesas, Duncan Dhu, Imanol eta La Buena Vidaren diskoetan parte hartzen hasi zenetik, oparoa izan da Senperenak beste musikari batzuekin egin duen ibilbidea. Bide Ertzean-en ohiko laguntzaile izan da, eta, Rafael Berrioren azken bi diskoak (1971 eta Diarios) ekoizteaz gain, haientzako konponketak ere idatzi ditu. Horrek guztiak diskoaren izaeran eragin duela uste du pianistak. Izan ere, «pop musikari batek» idatziak izan arren, bederatzi piezotan «mundu klasikoko paisaia akustikoetara» gerturatu da Senperena. «Erreferentzia klasikoak hor dira: Beethoven, inpresionistak, erromantikoak, errusiarrak... eta baita garaikideak ere».
Musika garaikidetzat jotzen denarekin harreman berezia dauka. «Musika Hamabostaldiko kontzertuetara joaten naiz, eta batzuetan haserre ateratzen naiz... baina gehienetan durduzatuta bukatzen dut, eta sentsazio hori asko gustatzen zait!». Diskoan apenas dauden musika garaikidearen arrastoak, haren lengoaia ez duelako «batere» ulertzen, baina haren eraginari ez dio uko egiten musikariak: «Interesatzen zaizkit musika horrek sortzen dituen soinu paisaiak, atmosferak, ehundurak».
Sufrimendua eta gozamena
Senperenak 1998an kaleratu zuen bere izenpeko lehenengo diskoa, eta lau urte geroago Blues pasadizoak. Haietan pop, blues eta jazz esparruetan mugitu zen pianista, baina Harkaitz Canorekin eta Dora Salazarrekin Cuentos para adultos lana ondu zuenean, musika «beste modu batean pentsatzen edo sentitzen» hasi zen. Horren ondorioa izan zen 10 trio piano, biolin eta akordeoirako, eta haren nolabaiteko jarraipena da disko berria ere.
Diskoa bi egunetan grabatu zuten Elkar estudioan, Jean Phocasekin, denak elkarrekin. Piezak idazteko prozesua, ordea, luzeagoa eta arantzatsuagoa izan zen. «Sormen lanean ehuneko handi bat sufrimendua da, eta beste parte bat gozamena. Horregatik segitzen duzu lanean, baina momentu on eta txarrak izaten dira». Gainera, aurrenekoz, ez du erabili pianoa musika idazteko, eta zuzenean partiturara jo du: «Alde batera utzi dut, pianoarekin konposatuz gero batzuetan eskuek agintzen dutelako. Eta ez nuen hori nahi. Doinuak burutik edo bihotzetik atera eta zuzenean paperera eraman nahi nituen».
Anjel Valdes Elkarreko arduradunaren iritziz, Senperenak musika izan du beti hizkuntza nagusia, «bere sentimenduak, emozioak eta sentsazioak komunikatzeko» erabili eta musikaren munduan «hazita eta hezita» dagoen heinean. Formazio klasikoa izanda ere, poparen eta herri musikaren alorrean egin du lan pianistak, eta hori igartzen da, Valdesen iritziz. «Bi mundu bizi ditu, eta modu naturalean eramaten ditu bata eta bestea, biak konektatuz». Hori dela eta, bi mundu horiek bat ez ote diren pentsatzen du Valdesek: «Musika klasikoa entzuten dugunean, entzuten ditugu gero popean errepikatzen diren zenbait pasadizo eta konpas. Ziur aski, musika klasikoaren edo konposizioaren mundu horretatik dator guk kantagintza deitzen dugun hori».
Diskoa udazkenean aurkeztuko du zuzenean Senperenak.
Bihotzak eta buruak idatziak
Zazpi laguneko ensemble batekin grabatu du '9 ganbera pieza' diskoa Joserra Senperenak.«Mundu klasikoko paisaia akustikoak» bildu ditu bertan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu