Bihotzaren energia

'Kora izpiak' diskoa kaleratu du Enekorak, Eneko Larrañaga kora jotzaileak abiatutako proiektuak

Kora harizko tresnan oinarritu da Enekora Kora izpiak lehenengo diskoa grabatzeko. ENEKORA.
mikel lizarralde
Zestoa
2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Erritmotik harmoniara. Eneko Larrañagak (Zestoa, 1982) egindako musika bidaia hori baino konplexuagoa eta ñabarduraz hornituagoa izan arren, taupadak eta goxotasunak laburbil dezakete Larrañagak Afrikako musikarekin izan duen harremana. Lehen eta orain. Eneko Larrañaga Enekora da. Eta Enekorak Kora izpiak diskoa kaleratu berri du (Txalapart). Izenak eta deiturak agerian uzten duten moduan, kora musika tresnan oinarritutako lana.

Gitarrista da berez Larrañaga. 12-13 urterekin hasi zen sei sokak jotzen, ikasten, eta orduz geroztik hainbat proiektutan aritu da. Beti gitarra eta ahotsaren babesean.2000. urtean Ttakunpa taldean sartu, perkusioa jotzen hasi eta Afrikako kultura ezagutu arte. «Tradizioa ikasi nahian, maila handiko maisuekin ikastaroak egin genituen, eta horietako batean, Gironan, kora ezagutu nuen». Izan ere, perkusio irakaslea kora jotzailea ere bazen. Eta baita kora egilea ere. «Gustatu zitzaidan koraren soinua, eta eskatu nion egiteko. Halako batean, topo egin nuen jotzeko arrastorik ere ez nuen tresna oso polit batekin. Eta hasi nintzen probatzen, musika entzuten... pixkanaka-pixkanaka, gauzak egin ahala grabatzen».

Ttakunparen ondoren, Dugukolo taldean aritu zen Larrañaga, eta orduan kora tresna gehigarri gisa erabiltzea planteatzen hasi bazen ere, berehala ikusi zuen korak ematen zuela proiektu propio baterako nahiko oinarri. «Oso natural joan da dena. Tresna gustatu eta kantuak egiten hastea izan da dena. Musika, hitzak...»

Gitarrista izanda ere, kora jotzen ikasteak lanak eman dizkio Larrañagari. Harpa bat baita kora, Afrika mendebaldeko harpa tradizionala, Mandinga kulturako lurretan jotzen dena: Senegal, Boli Kosta, Mali, Burkina Faso... «Berezitasun handiak» dituen tresna da: «Nik jotzen ditudantresnen artean konplexuena da», aitortu du musikariak. «Bi soka ilara dituen harpa da. Bi hatz lodiekin egiten dira oinarriak, eta bi erakusleekin melodiak. Hasieran kosta egiten da jakitea nora begiratu».

Lotzen diren akordeak

Larrañaga tresnaz maiteminduta dago, sonoritateaz. Oinarriak eta melodiak osatu ahala, oso harmonikoa bilakatzen da kora: «Badu goxotasun bat, sonoritate berezi bat, harpa guztiek bezala. Gitarrarekin, adibidez, akorde bat jotzerako aurrekoa isilduta dago. Kora, berriz, airean jotzen da, eta hirugarren soka jotzen ari naizenean ere, lehenengo eta bigarren soken buztana aditzen da oraindik. Korapilatu eta gehitu egiten dira. Eta horrek soinu oso goxoa ematen dio».

Toumani Diabate musikari maliarra da kora jotzailerik ezagunena, bere herrialdetik eta Afrikatik kanpo ere bidea egin duena. Larrañagarentzat erreferentzia saihestezina izan da. «Asko sortu du, asko berritu du, eta izugarrizko mailara eraman du». Kora izpiak diskoan ere badu isla Diabatek, haren Salaman kantuaren bertsioa egin baitu Enekorak.«Keinu bat egin diot, nire erreferentzia izateaz gain mezu polita ere baduelako. Salaman-ek bakea esan nahi du».

Diabatenaz gain, diskoak baditu bestelako loturak ere Afrikarekin. Sanu kantu mandinga tradizional batean oinarritzen da, eta Mali Sadio XIII. mendeko kantu batetik abiatzen da, baina Larrañagak euskarazko hitzak gehitu dizkio. Izan ere, bere «ikuspegi pertsonaletik» landu du musika. Eta Afrikako hainbat kulturatako hitzak erabili baditu ere, euskaraz abestu ditu kantuak: «Hitzek badute espiritualtasun bat, bihotzaren energia bat. Azken batean, korak ematen duen energiaren ildotik. Tresna bakoitzak badu energia propio bat, eta korarena oso lotuta dago goxotasunari, bihotzari».

Diskoa oso-osorik grabatu du Larrañagak Zestoako Gaztain estudioan, Eñaut Gaztañagaren laguntzarekin: kora, ahotsa eta hamaika perkusio tresna. Hemendik aurrera, ordea, kontzertuetarako hainbat lagun izango ditu ondoan. Jon Manterolak ikusizko proiekzioak eskainiko ditu, eta oholtza gainean beste hiru kide izango ditu: Mikel Aveiro eta Adrian Larrañaga perkusioarekin eta Hanni Insausti koroekin.

KONTZERTUAK

Bihar: Zumaiako Aita Mari zineman, 22:00etan.

Azaroak 22. Azkoitiko Matadeixen, 22:00etan.

Azaroak 29. Gasteizko Gora tabernan, 21:30ean.

Abenduak 6. Durangoko Plateruenan, 12:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.