Bihozkadak eta zaflakoak

Publikoa inarrosteko asmoz dator hogeigarren Euskal Herria Zuzenean jaialdia.Deluxe, Skip&Die, The Coup, Anestesia eta Joseba B. Lenoir Gang taldeek joko dute Lekornen uztailaren 3, 4 eta 5ean

EHZko egitaraua atzo aurkeztu zuten, Baionan. Irudian, Jean François Lefort Lof, Amaia Boloki, Txetx Etxeberri eta Pauline Guelle. ISABELLE MIQUELESTORENA.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Izen handien lehiatik» urrun, eta harridura sortzeko gogoz. Hala dator hogeigarren Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdia, eta hein berekoa da horretarako osatu duten egitaraua. Hain zuzen, «engaiatuak» diren taldeak gomitatu nahi izan dituzte hogeigarren aldirako, eta, aldi berean, estilo eta kultur adierazpide mota anitzetakoak. Jendea EHZren parte izatea lortu nahiko lukete horri esker, Amaia Boloki antolatzaileak azaldu duenez: «Publikoa inarrosi nahi dugu, taldeak ezagutaraziz, festibala izan dadin ez bakarrik kontsumo gune bat, baizik eta publikoa aktore izan daitekeen toki bat». Horretarako erabili dituzte zaflakoaren eta bihozkadaren irudiak: uztailaren 3, 4 eta 5ean Lekorneko (Lapurdi) Garroa gaztelura biltzen denak izanen duelako zerekin harritu, eta nola gozatu.

Nazioarteko eta Euskal Herriko musika talde ugarirekin eman dute lehenengo zaflakoa, estilo anitz gurutzatuz. Festibalean joko dute, erraterako, hip hopa, jazza eta funka nahasten dituen Frantziako Deluxe taldeak, Alemaniako tekno estiloko Boris Brejchak, AEBetako The Coupek eta Skip&Die Herbehereak eta Hegoafrikako taldeak. Euskal Herriko taldeen artean izanen dira, bertzeak bertze, Anestesia, Skakeitan eta Joseba B Lenoir. Azken hori Willis Drummondeko Xan Bidegain eta Felix Buff, Napoka Iriako Miren Narbaiza eta Ander Mujika, eta Joseba Baleztenak osaturiko proiektua da. EHZn bigarren aldiz entzuten ahalko den kontzerturik ere emanen dute: Massilia Sound System reggae taldea, erraterako, eta Jim Jones Revueren jarraipena den Jim Jones & The Righteous Mind.

«Bihozkada» gisa hautatu dituzten hainbat talde ere zerrendatu dituzte; konparazio baterako, Last Train, Cotton Claw, Erotic Market, Martin Mey eta Woods. EHrZ lehiaketan garaile ateratakoak ere igoko dira Lekorneko oholtza gainera. Horien artean izanen dira Il Muro Del Canto, Un Gos Robant, Goliath, Kasernarat eta Kolinga.

Musikaz harago gozatzeko parada ere eskainiko du, dena den,EHZ jaialdiak. La Cie du Petit Monsieur antzezlana, Txoborro eta Tor magoak, bertso battle-a eta Garaztarrak dantza taldearen Istan T ikuskizuna nabarmendu dituzte, bertzeak bertze.

Belaunaldi arteko trukea

Hogei urte betetzeak gibelera begiratzeko parada dakar, eta Pauline Guelle EHZko lehendakariaren hitzetan, horregatik egin dute «modu berezian» egitarauaren aurkezpena. Jean Noel Etxeberri Txetx eta Jean François Lefort Lof izan zituzten ondoan horretarako, hain zuzen, atzo Baionan eginiko aurkezpenean. Jaialdiaren hastapeneko urteetan aritu ziren bi horiek, eta nork bere mugimendu politikoan segitzen du gaur egun lanean. Eskerrak emateko modu bat izan zen atzoko agerraldira gonbidatzea, Guellen arabera: «Guretzat garrantzitsua zen EHZren sortzaileak ekarraraztea hogeigarren aldirako».

Hasierako garaiak gogoratu zituzten bi antolatzaile historikoek, baina jaialdia eraldatuz doan arren, izpiritua bera dela nabarmendu zuten. Euskararekiko atxikimendua, globalizazioaren aurkako borroka eta ingurumenarekiko errespetua, kasurako. Kolektibotasunari ere egin nahi izan zion erreferentzia Lefortek. «Bagenuen talde dinamika azkar bat, gazte mugimendu azkar bat. Belaunaldi biziki engaiatua ginen, eta festibala izan da engaiamendu horren isla bat. Ez bakarra, baina bai nagusia». Jaialdiari esker lorpen anitz izan dituztela uste du Etxeberrik ere: «Egindako lan boluntario horri guztiari esker da Euskal Herria gaur egun den bezain bizia». Izaera «berezi» horregatik segitzen du aitzina EHZk, gainera, Guellen hitzetan: «Beste festibal anitz desagertu dira, baina guk segitzen dugu, beste manera batez lan egiten dugulako. BBK Live eta Big Festival ez bezala, balio batzuen inguruan lan egiten dugu».

Balio horietan sakontzeko, gainera, azken urteotan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den eztabaida guneak ere eskainiko du egitarau oparoa. Feminismoa eta sorkuntza artistikoari buruzko mahai ingurua eginen dute uztailaren 3an, erraterako, eta 4an kapitalismoaren aurkako borrokan sakontzeko nazioarteko hainbat esperientzia ezagutuko dituzte: Afrikako deskolonizazio prozesuak eta Hego Amerikako mugimenduak izanen dituzte hizpide. Elkarlanean antolaturiko tailerrek ere izanen dute lekua. GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldearekin, adibidez, feminismoa landuko dute, eta Point 8 elkarteko kideekin sorkuntza. EHZko kideek prestaturiko ikusgarri bat ere emanen dute jendaurrean. Urtero bezala, bertzalde, herri bazkaria eginen dute igandearekin, Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) antolaturik.

Aitzinetik prestatzen

Festibaleko hiru egunetarako sarrerak salgai jarri dituzte jada Interneten eta ohiko lekuetan, 55 euroren truke. Uztailera arte itxoin beharrik gabe, ordea, hainbat ekitaldi antolatu dituzte jada heldu diren asteetarako. Eztabaida gunearen atariko, adibidez, EHZinemaldia ari dira egiten herri borrokei buruzko dokumentalak emanez. Joan den ostiralean ezarri zuten lehena, Kanbon (Lapurdi), eta hurrengoa Maulen eginen dute, maiatzaren 13an. EHZren hogei urteei buruzko filma ere laster estreinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.