Bilbo, diziplina artistikoz lepo

'Prototipoak' egitasmoa osatzen duten zortzi proiektuek arkitektura edota performancea jorratzen dituzte, besteak beste. Bilboko Azkuna zentroan erakutsiko dituzte lanak, ekainaren 1etik 5era arte

Ezkerretik hasita, Ais, Fernandez, Perez —Azkuna zentroko zuzendaria—, Casado —komisarioa—, Sologuren, Ibarretxe eta Arenzana. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
«Gauza jakin baten bila joan ginen, baina beste bat aurkitu genuen». Aurreikusitakotik ezberdina izango da Prototipoak. Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa, Rosa Casado komisarioak adierazi duenez. 2019an hasi ziren egitasmoko 11 artistak beren zortzi proiektuak garatzen, eta iaz ziren horiek aurkeztekoak, baina urtebete atzeratu behar izan zuten, pandemiagatik. Azkenean, ekainaren 1etik 5era bitarte erakutsiko dute egindakoa. Bilboko Azkuna zentroko hainbat gune okupatu, eta horiekin elkar eragina izango dute lanek, askotariko diziplinetatik abiatuta: ikusizko arteak, argazkilaritza, zinema, arkitektura eta performancea jorratu, eta zenbaitetan uztartu dituzte lanon konposaketan.

Orotara, 11 sortzaile batu ditu Prototipoak programak: Sra. Polaroiska taldeko Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe; Jose Ramon Ais; Diego Sologuren eta Sebastien Tripod; Maider Lopez; Laida Lertxundi eta Ren Ebel; Elssie Ansareo; Elena Aitzkoa, eta Amalia Fernandez.

Haien proiektuek zentroko terraza, auditoriuma, atondoa eta Lantegietako guneak beteko dituzte, kokapenok modu «ez-tradizionalean» erabiliz, Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariaren iritziz. Errealitatearen «dualtasunei» helduko diete, Casadoren hitzetan: «Publikoa eta pribatua; etxekoa eta kanpokoa, edota gizatiarra eta ez-gizatiarra. Proiektu guztiek harremanak islatzen dituzte». Baina, elementuon ageriko aurkakotasuna gorabehera, proposamenetan «besarkatuta» agertuko direla dio komisarioak. «Dualtasun hauek elkar osatzen dute: elkar konfiguratzen eta antzaldatzen dute».

Inguruak baldintzatuta

Inguruak eta piezek duten elkar eraginaren isla nabarmena da, esaterako, Amalia Fernandezen Atzera begirako expografia proiektua. Jatorrian lan eszenikoa zena, erakusketa formatura moldatu du Prototipoak-en, eta lana inguruan «txertatzea» izan da eraldaketaren gakoa, artistak azaldu duenez: «Elkarri esanahi berriak emango dizkiote lekuak eta nik egiten dudanak: asmoa da ikustea nola aldatzen den tokia egiten dudanaren ondorioz». Aldaketa bat egongo da, baina, betiere, jatorrizko obraren «identitatea» mantenduta.

Era berean, ingurua bete-betean sartu da Sra. Polaroiska taldearen Hiru Haiku ikus-entzunezkoan, baina, kasu honetan, ez Azkuna zentrokoa. Areago, halako guneetatik —hiri eta herrietatik— berariaz aldendu ziren Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe kideak, «kontenplaziorako» abagunea naturan aurkitzeko asmoarekin, Arenzanak adierazi duenez: «Detaile txikien behaketa da abiapuntua».

Naturak blaitu du, halaber, Elena Aitzkoaren Lendia Song erakusketa. Apirilaren bukaeratik bisitatu daiteke BAT lantegian, baina, ekainaren 2tik 5era bitarte, performance serie batekin biribilduko du artistak pieza bilduma. Apodakako (Araba) Lendia aintziran inspiratuta dago, eta Aitzkoak paisaia harekin bat egingo du eskulturen bidez.

Aldiz, Elssie Ansareok lagun maite batekin egingo du bat, hilabeteetako itxialdian elkar ikusi gabe egon ondoren. BIO-INT-DÍA izendatu du lagunaren azalaren, eskuen eta bestelako xehetasunen 21 argazki eta bideo bat biltzen dituen bilduma, zinema gidoietan lokalizazioa adierazteko erabiltzen den terminologia baliatuz: Bilbao-Interior-Día —alegia, Bilbo-Barnealdea-Egunez—; hain zuzen, bere itxialdia deskribatzen dute parametro horiek. «Hari eusten dioten gertukoen zirkulua ospatzen du» proiektuak, Casadoren arabera. Irailaren 19ra arte bisitatu ahalko da erakusketa, atondoan.

Ingurua baldintzatzea

Emakume bat Bilboko Zazpikaleetan eta Atxuri auzoan, egunero ibilbide bera egiten, hilabete batez. Horixe erakusten du Maider Lopezen Personaje lanak. «Asmatutako errutina bat garatzen du», dio Casadok. Baina ezohiko ñabardura batekin: «Landare handi bat eskuetan daramala egiten du bidea. Lekuz kanpo dagoen zerbait da. Transformazio txiki bat txertatzen du egunerokotasunean eta espazio publikoan». Hiriarekin izandako harreman hori 30 argazkiz osatutako bi serietan, bi bideotan, eta emakumearen sentsazioak biltzen dituen eguneroko batean jaso du. Komisarioak nabarmendu duenez, argazki serie batek espazioa du hizpide, eta besteak, berriz, denbora. «Errealitatea osatzen duten bi planoak, hain justu».

Diego Sologurenek eta Sebastien Tripodek arkitekturaren bidez esku hartu dute espazio publikoan, biologiako eta ingurumen zientzietako adituen laguntzarekin. Hala ondu dute BroadWindow, Azkuna zentroko mendebaldeko fatxadan sortu duten biotopoa. «Dispositibo txiki batzuei esker, eraikina ingurumenarekin lotu dugu, hirietan galdutako bioaniztasuna berreskuratzeko eta haren galeraz kontzientziatzeko asmoarekin», azaldu du Sologurenek.

Biotopo oso bat eratzera heldu gabe, natura hirian sartzeko ariketak lotzen du Jose Ramon Aisen lana Sologuren eta Tripodenarekin. Baso bidaiariak proiektuan, Aisek zuhaitz batzuk lerrokatu ditu Azkunako terrazan, Bilboko Udaleko teknikarien laguntzarekin. Haritzak, pagoak, lizarrak, palmondoak eta pinuak hautatu ditu Aisek; Euskal Herriko jatorrizko espezieak dira batzuk, kolonizatzaileak besteak, baina denak «elkarrizketan» ari dira, artistak nabarmendu duenez.

Bestalde, Laida Lertxundik eta Ren Ebelek Azkunako auditoriuma zinema bilakatuko dute, grabatzen ari diren Working from filmaren zati bat oraingoz grabatutakoa erakusteko. Etxeko bizitzaren eta arlo profesionalaren arteko talkaz eta uztarketaz dihardu ekoizpenak, Casadoren arabera: «Kezka erakusten dute ume bat zaintzearen eta bizitzari eusten dioten lan ikusezinak egitearen zailtasunaren inguruan; ikusgarritasuna eman nahi diote horri». Orain arte egindako lana proiektatuko dute, editatu gabea; ondorioz, Notes on Working from izena jarri diote emanaldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.