Bilbo, musikari emana

Bilboko BBK Live nazioarteko musikaren erakusleiho bihurtu da urte gutxian. Jendetza inguratu zen atzo jaialdiaren lehen egunera; The Cure britainiarrak ikusteko irrikaz, batez ere.

The Gift taldearekin hasi zen jaialdia, arratsaldeko seietan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Nazioarteko musikaren astean murgilduta dago Bilbo. Bob Dylanen kontzertuarekin hasi, eta atzo abiatu zen BBK Live jaialdiarekin jarraiki, denetara puntako 60 emanaldi izango baitira egunotan Bizkaiko hiriburuan. Eta hori hirian bertan sumatu da. Atzo goizean goizetik suma zitekeen musika jaialdiaren gertutasuna: gazte atzerritar ugari kaleetan, baita kirol dendetan kanpin dendak erosten ari zen jende ugari ere. «Bidaian aurrera eta atzera ibiltzeko ez da sobera erosoa», zioen neska batek.

Jaialdia hasi aurreko giroa kaleetan soilik ez, janzkeran ere nabari zen. Kobetamendi gainean, ator laukidunak, pastazko betaurrekoak, kapelak, edota The Cure-ren kamiseta beltz ugari ikusi ahal zitezkeen han eta hemen. Denen gusturako musika ikusteko gogoz iritsi den jendetzaren lekuko.

«Azken hiru urteetan jarraian etorri naiz BBK Livera, niretzat huts egin ezin dezakedan jaialdia bihurtu da», Jordi Gene bartzelonarraren hitzetan. Bera bezala, beste hainbat: Tom Johnson britainiarra ere bigarrenez etorri baita Bilbora, «Sanferminen ondoren etorri gara azken bi urteetan; plan borobila». Hala ere, Kobetamendiko kontzertu eremura iristeko zailtasunak aipatu zituen. «Joan den urtean ez bezala, Kobetamendira igotzeko autobusen zerbitzua kaskarra izan da, jende asko zain, eta autobusik apenas».

The Cure-ren zain

Kontzertu eremura iristeko zailtasunak zailtasun, jendea musika egarriz iritsi zen Bilbora. Eta batez ere The Cure talde ingelesaren gosez. Hala ere, aurretik girotu behar da, eta lan horretan The Gift talde portugaldarra hasi zen jotzen 18:00etan. Pop doinu goxo eta barnerakoiak eskaini zituen laukoteak, eta jendeak ongi erantzun zuen. Baina ez zen atsedenerako tarterik izan, jaialdia hasi eta hamar minutura igo baitziren Belako mungiatarrak aurten estrainekoz jarri duten hirugarren agertokira. Kontzertu zaila izan zuen Gaztea maketa lehiaketa irabazi duen taldeak, arazo teknikoak zirela tarteko, behin baino gehiagotan gelditu behar izan baitzuten emanaldia. Hala ere, kontzertu indartsua eskaini zuten. Gogotsu jo zuten estrainekoz, jaialdi handi batean.

Lory Meyers Granadako (Espainia) seikoteak, berriz, entzuleak dantzan jarri zituen. Euren melodia errazekin, erantzun ona eman zioten ikusleek indie panoraman entzutetsu bihurtzen ari den taldeari. Eta hartu eman hori musikeriengan ere sumatu zen.

Doinu gordinagoak ere, egon ziren jaialdiaren lehenengo orduetan. Band of Skulls talde britainiarrak blues eta indie-rocka lantzen du, eta emanaldi gogorra eskaini zuen, jendea girotzeko kontzertu aparta. Ondoren iritsi ziren The Maccabees, Snow Patrol, The Cure mitikoak eta Bloc Party, besteak beste.

Datozen egunotan jaialdiak ez du etenik izango. Gaur nazioartekoko beste hainbat talde izango baitira oholtza gainean. Besteak beste, The Kooks, Zea Mays, Vetusta Morla, Bigott, eta Radiohead. Musikak ez du etenik Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.