Kultur azpiegiturak

Bilboko Arte Ederren Museoak urrian irekiko du 1970eko eraikina, eraberrituta

Museoa handitzeko lanak egin bitartean berritu dute eraikin hori, eta hainbat erakusketa hartuko ditu zabaltzen dutenetik 2026ko ekainera bitarte.

Museoaren 1970eko eraikineko lehen solairuko aretoa, eraberrituta. ARITZ LOIOLA / FOKU
Museoaren 1970eko eraikineko lehen solairuko aretoa, eraberrituta. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2025eko uztailaren 12a
18:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanak «beste mugarri batera» iritsiko dira udazkenean. Izan ere, orduan amaituko dituzte museoaren 1970eko eraikina eraberritzeko lanak, zeinak Norman Fosterren eta Luis Maria Uriarteren Agravitas proiektua eraikitzeko lanekin batera egin dituzten. Zaharberritze integralak 6.000 metro koadroko espazio bati eragin dio, eta «konplexutasun handiko prozesu tekniko bat behar izan du, balio arkitektoniko handiko elementua delako», arduradunek azaldu dutenez. Lan horiek amaituta, datorren urriaren 8an irekiko dute 1970eko eraikina, guztiz eraberrituta, eta hainbat erakusketa hartuko ditu 2026ko ekainera bitarte. Ordurako aurreikusten dute, hain zuzen ere, museoa handitzeko lanak guztiz amaitzea. 

Bien bitartean, 1970eko eraikinak hartuko ditu, beraz, museoaren proposamenak, eta egitarau horren berri eman dute arduradunek, espazio berritura egindako bisita batean. Urrian bertan, Eduardo Txillidaren Burdinaren gorazarrea III (1991) eskultura Txillida Leku museotik (Hernani, Gipuzkoa) Bilbora itzuliko da, eta artistaren izena daraman plazan kokatuko dute, museoaren plazan, alegia. 

Urriaren 8tik aurrera, halaber, eraikinaren beheko solairuan,Ataria (bat) izeneko erakusketa kolektiboa irekiko dute. 30 bat obrak osatuko dute; besteak beste, Agustin Ibarrola, Richard Serra, Juana Cima, Itziar Okariz, Gema Intxausti eta Elena Aitzkoa artistenak. Eta, iragarri dutenez, erakusketek arreta berezia jarriko diete museoan sortutako proiektuei, hala nola Jose Luis Zumeta, Dario Urzay, Jon Mikel Euba, Maider Lopez eta June Crespo artisten esku hartzeei. 

Data beretik aurrera, Georg Baselitz margolariaren tamaina handiko koadroek lehen solairua hartuko dute, haren lanean ardaztutako erakusketa bat egingo baitute eraikinaren galeria nagusian.

Heldu den urteko otsailaren 3tik aurrera, berriz, Denise Scott Brown arkitektoaren obraren atzera begirakoa jarriko du ikusgai museoak. Hark eta haren laguntzaileek egindako ehun lan baino gehiago bilduko dituzte eraikinaren beheko solairuan.

Eta apirilaren 28tik aurrera, Paraleloak / Meridianoak izenburupean, Iberdrola bildumako arte moderno eta garaikideko hirurehun pieza baino gehiagorekin osatutako erakusketa zabalduko dute lehen solairuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.